Trumpek Espainiarekin duen merkataritza-harremana etengo duela mehatxu egin du, Irango gerrarekiko duen jarreragatik
Espainiako Gobernuak Trumpi erantzun dio, eta nabarmendu diu NATO eta Europako Defentsa konpromisoak bete egiten dituela. Era berean, ohartarazi dio EBren eta AEBren arteko akordioak errespetatu beharko dituela, aldebiko harremanak berrikusi nahi baditu.
Donald Trump, gaur, Etxe Zurian. Argazkia: Efe
Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek astearte honetan gogor egin du Espainiako Gobernuaren aurka, Iranen gerraren aurrean hartu duen jarreragatik, eta enbargoa ezartzeko eta aldebiko merkataritza-harreman guztiak amaitzeko mehatxua egin du. Izan ere, esan duenez, bere herrialdeak “ez du ezer behar” Espainiatik, eta “aliatu txartzat” jo du.
Pedro Sanchezen Gobernuak ez du baimendu Rota (Cadiz) eta Moron de la Fronterako (Sevilla) base militarrak Irani erasotzeko erabiltzea, eta agintari errepublikanoak ez du ondo hartu ezezkoa. Etxe Zurian, Alemaniako kantziler Friedrich Merzekin egindako bilera batean, Trumpek adierazi du ez duela Espainiarekin “zerikusirik izan nahi”.
Bestalde, Espainiako Exekutiboak Trumpi erantzun dio NATOn eta Europako Defentsan dituen konpromisoak bete egiten dituela, eta ohartarazi dio nazioarteko zuzenbidea eta Europar Batasunaren eta AEBren arteko akordioak errespetatu beharko dituela, harreman bilaterala berrikusi nahi badu. Ildo horretan, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek iragarri du asteazken honetan agerraldia egingo duela, 09:00etan, Moncloako jauregian, adierazpen instituzional bat egiteko eta azken gertakariei buruz duen iritzia azaltzeko.
Merkataritzako bozeramaile komunitario Olof Gillek, Trumpek Espainiari buruz esandakoen harira galdetuta, adierazi du Europako Batzordeak espero duela AEBk beren merkataritza-konpromisoei eustea, eta ziurtatu du “Europar Batasunaren interesak erabat babestuta” egon daitezen zainduko duela.
Enbargoaren mehatxua
Etxe Zurian, Merzen ondoan eserita, eta Iranen aurkako operazioa hasi zenetik prentsaren aurrean egin dituen lehen adierazpenetan, Trumpek kritikatu du Madril ez dela AEBrekin “adiskidetsu” izan.
“Espainiarekin lotutako guztia geldiarazi dezaket, Espainiarekin lotutako negozio guztiak; geldiarazteko eskubidea dut eta. Enbargoak. Haiekin nahi dudana egin dezket. Merkataritza guztia etengo dugu”, adierazi du.
Ondoren, Trumpek Ogasun idazkari Scott Bessenti galdetu dio Espainiari enbargoa ezartzeko aukeraz, eta horrek azaldu du AEBko Auzitegi Gorenak “berretsi” egin duela presidenteak halako neurriak ezartzeko “gaitasuna” duela.
Teheranen aurkako lehen erasoen ondoren, Espainiako Gobernuko presidenteak gaitzetsi egin zuen AEBk eta Israelek Iranen egindako ekintza militar bateratua, uste baitu “nazioarteko ordena are ziurgabeago eta oldarkorrago” bihurtzen laguntzen duela.
Trumpek, ordea, kontrakoa esan du: Espainiak ez du AEBk behar duen ezer. “Jende aparta dute, baina lidergo handi bat falta zaie”, adierazi du.
Espainiak legea betetzea exijitu du
Espainiako Exekutiboko iturriek errepublikanoaren mehatxuen aurrean erreakzionatu dute, eta azpimarratu dute AEBko administrazioak Espainiarekiko harremana berrikusi nahi badu, enpresa pribatuen autonomia, nazioarteko zuzenbidea eta Europar Batasunaren eta AEBren arteko akordioak errespetatuz berrikusi beharko duela.
Bestalde, PPren buruak, Alberto Nuñez Feijook, adierazi du Espainia “herrialde fidagarria” dela, “askatasunarekin eta Mendebaldeko balioekin konprometitua”, eta “bere Gobernu txarra baino askoz gehiago” dela.
Rota eta Morongo baseen inguruko polemika
Espainia horien titular den arren, AEBk erabiltzen dituzten baseak dira Rota eta Morongoak, betiere Nazio Batuen Gutunaren barruan ez dauden operazioetarako.
“Eta orain Espainiak esan du ezin ditugula haien baseak eta erabili. Erabili nahi bagenitu, erabili egingo genituzke. Besterik gabe, hegan joan eta erabili egin genitzake. Inork ez digu esango ez ditugula erabiliko”, adierazi du errepublikanoak.
Defentsa ministro Margarita Roblesek astelehenean gogorarazi zuen Washingtonekin baseak erabiltzeko sinatutako hitzarmenak nazioarteko zuzenbidearen esparruan jardutea ahalbidetzen duela, baina ez armada batek modu unilateralean jarduten duenean.
Bestalde, Atzerri Arazoetako ministro Jose Manuel Albaresen arabera, Espainiak “azken hitza” du gai honetan: “Ez ditugu gure baseak utziko, tratatuan jasota ez badago edo NBEren Gutunak ez badakar”.
Trumpek adierazpenak egin aurretik, Gobernuak esan zuen haren jarrerak “ezin” zuela “ondoriorik” ekarri.
Espainia, “bazkide txarra”
AEBren eta Espainiaren arteko tentsio diplomatikoak areagotu egin dira, Trumpek dioenez, Espainia delako BPGaren % 5era arte defentsa-gastua handitzeko konpromisorik hartu ez duen NATOko bazkide “bakarra”; Trumpek berriz ere kritikatu du hori astearte honetako bileran.
“Europako nazio batzuek asko lagundu digute, eta beste batzuek, batere ez”, esan du astearte honetan Trumpek; eta gaineratu du “Europako herrialde batzuk, Espainia kasu, oso txarrak izan dira”.
Merzek, bere aldetik, adierazi du Espainiako Exekutiboa “konbentzitzen” saiatzen ari dela partida horretara gastu handiagoa bidera dezan; haren ustez, “segurtasun komunaren parte” delako NATOko kideentzat, eta “denek bete egin behar” dituztelako kopuru horiek.
Zure interesekoa izan daiteke
Schengen eremua bermatuta dagoela esan dio Aagesenek Italiari
Espainiako Gobernuko presidenteordeak azpimarratu du Ceutan sartutako migratzaileetako bat ere ez dela penintsulara iritsi.
Israelek baztertu egin du Trumpen Gazarako 15 puntuko plana
Netanyahuk esan du Hamas erabat armagabetu arte Israelgo Armadak ez duela Gazatik alde egingo, eta baztertu egin du Palestinako Estatua sortzea.
Ebola kontrolik gabe zabaltzen ari da Kongoko Errepublika Demokratikoan eta 1.850 hildako eragin ditu jada
Inoiz izandako agerraldirik larrienak 4.053 kasu baieztatu ditu dagoeneko, eta MOEk "premiazko" erantzuna eskatu du.
Abelardo de la Espriellak Kolonbiako Presidentetza hartu du
Eskuin muturreko presidente berriak Cali aukeratu du inbestidurarako, Bogota hautatu beharrean, eta talde armatu ilegalekin elkarrizketari amaiera ematea eta legez kanpoko laboreak fumigatuko dituela iragarri du.
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.