Iranek bake proposamenari emandako erantzuna "guztiz onartezina" dela esan du Trumpek
Ez du erantzunaren xehetasunik eman, baina Teherani ohartarazi dio ez diela estatubatuarrei "barrerik" egingo. Brent upelaren prezioa % 4,5 garestitu da, 105,81 eurora arte, AEBko presidentearen erreakzioaren berri izan ostean.
Donald Trump AEBko presidenteak "guztiz onartezin" jo du igande honetan Iranek AEBren bake proposamenari emandako erantzuna, eta badirudi gerrari amaiera emateko akordio bat lortzeko aukera urrundu egin dela.
"Irakurri berri dut Irango ordezkarien erantzuna. Ez zait gustatzen, ERABAT ONARTEZINA!", idatzi du agintariak Truth Social sare sozialean.
Pakistanek, negoziazioetan bitartekari izan den herrialdeak, Iranek AEBren azken proposamenari emandako erantzuna jaso duela beiaztatu besterik ez du egin. Teheranek azken orduotan erasoak ugaritu ostean iritsi da bake proposamenari emandako erantzuna.
Trumpek aipatu sare sozialean ohartarazi du Teheranek ia mende erdi daramala AEB kolpatzen, baina bere herrialdeari "barre gehiago" ez diola egingo.
Washingtonen esku dago orain erabakitzea ea apirilaren 8an hasitako su-etenari eusten dion edo, aitzitik, Irango uranioa aberasteko programa desegiteko aurrerapausorik ez dagoelako erasoak berriro hasten dituen.
Trumpek Full Measure izeneko saioan igande honetan zabaldu duen elkarrizketa batean azpimarratu duenez, Iran "garaitu" egin dute, baina "horrek ez du esan nahi indar gabe dagoenik", eta eraso gehiago egiteko mehatxua egin zuen.
Petrolioaren gorakada
Horren guztiaren aurrean, Brent upelaren prezioa % 4,5 igo da, 105,81 dolarrera arte.
Iragan ostiralean Brentak gorakadarekin amaitu zuen, eta hiru egunez jarraian gorrian amaitu zuen, AEBren eta Iranen arteko erasoen ostean.