Abukeshek Bartzelonan da jada, eta Avila astelehenean iritsiko da Brasilera, Israelen atxilotuta "sei egun gogor" igaro ostean
Israelgo Atzerri Gaietarako Ministerioak iragarri du Abukeshek eta Avila deportatu dituztela, eta "probokatzaile profesional" deitu die.
Saif Abukeshek Global Sumud Flotillako kidea Bartzelonan da jada. Espainian bizi den ekintzaile palestinarrak adierazi duenez, laster "maletak egingo ditu berriro" Turkiako "kideekin" biltzeko.
Thiago Avila aktibista astelehenean iritsiko da Brasilera.
Adalah giza eskubideen aldeko zentroak jakinarazi du Israelgo agintariek "askatu eta deportatu" egin dituztela Saif Abukeshek ekintzaile espainiar-palestinarra eta Thiago Avila brasildarra.
"Orain aske badaude ere, Adalahk prozesu osoa salatu nahi du nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena izan delako, nazioarteko uretan bahitu zituztenetik erabat isolatuta legez kanpo atxilotu zituztelako eta tratu txarrak jaso dituztelako", adierazi du erakundeak ohar batean.
Gainera, Adalahk esan du ekintzaileen eta giza eskubideen defendatzaileen aurkako "atxiloketak eta galdeketak" Palestinaren aldeko elkartasuna "zapaltzeko saiakera onartezina" direla.
Ordu batzuk lehenago, Israelgo Atzerri Gaietarako Ministerioak Abukeshek eta Avila deportatu dituela iragarri du, eta "probokatzaile profesional" deitu die.