Lan-gatazkak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ekipaje zerbitzuko langileen greba 90 minuturainoko atzerapenak eragiten ari da Bilboko aireportuan astelehen honetan

Maletak eramateaz eta aireportuetako beste zerbitzu batzuez arduratzen den Groundfroce enpresako langileek lanuzteak egingo dituzte astelehen, asteazken eta ostiralean, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioaren barruko desadostasunak direla eta.

Bidaiariak Loiuko aireportuan. Argazkia: EITB Media

Bidaiariak, Loiuko aireportuan.

Egun aztoratua izan zen astelehenekoa Loiuko aireportuan, Loiun eta Aenako beste hamaika aireportutan lan egiten duen Globalia handling enpresako 230 beharginek greba abiatu baitute, hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioaren barruko desadostasunak direla eta.

CCOO, UGT eta USO sindikatuek deitu dute greba, eta horrek 14 aire konpainiatan du eragina.

Astelehenean hegaldi bakarra gelditu zen bertan behera, helmuga Madril zuenetako bat, baina atzerapen handiak izaten ziren, 90 minuturainokoak, bai joaneko zein itzulerako bidaietan. Gainera, badira maleta barik lurreratu diren hainbat hegazkin.

Esan bezala, goiza gorabeheratsua izan zen astelehenean Loiuko aireportuan, eta orduek aurrera egin ahala okerrera egin du egoerak. Eguerdi aldean, ilara luzeak zeuden fakturazio guneetan.

Dena den, eragina orduaren eta konpainiaren araberakoa izan da.

Lanuzteak

Tarteka ari dira egiten lan etenak. Lehenengoa 05:00etatik 07:00etara izan da, bigarrena 11:00etatik 17:00etara, eta gauean 22:00etatik 00:00etara egingo dute etena.

Esan bezala, guztira 14 konpainiatan izaten ari da eragina, Air France, KLM, Lufthansa eta Turkish Airlinesen, besteak beste.

Aldiz, Vueling, Volotea eta Iberiako hegaldietan ez dago grebarik, nahiz eta beste konpainien atzerapenek eragina izan duten horietan ere.

Aurreikusi dutenez, astelehen, asteazken eta ostiraletan egingo dituzte, eta, oraingoz, lanuzteek ez dute amaiera datarik.

Beste aireportu batzuetako egoera

Bilboko aireportuan ez ezik, Madrilen, Bartzelonan eta Palman ere izango dute lanuzteek eragina. Gainera, UGTk beste aireportu batzuetan lurreko zerbitzuetan diharduen Menzies enpresan ere deituta du greba, apirilaren 2tik aurrera, Ostegun Santuan hasita. Konpainia antolakuntza kudeatzeko "ezgauza" dela salatzeko mobilizatuko dira langileak.

Askori oporraldiarekin batera iritsiko zaizkie lanuzteak, aireportuak jendez beteta daudenean. Loiun, 1.674 operazio aurreikusten dira egun horietarako. Besteak beste, Casablancarekin (Maroko) eta Vienarekin lehendabiziko aldiz lotuko dute Bilbo. Egun jendetsuena Pazko astelehena izango da, 175 hegaldi izango baitira.

Zure interesekoa izan daiteke

teknikariak protesta gasteiz
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin

Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X