Euskal ekonomiaren "termometroa" hazkunde apaleko eremura jaitsi da, esportazioengatik
Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera, EAEko ekonomiaren termometroa 99,7an kokatu zen apirilean (150etik). Datu hori 2025eko urritik izandako txarrena da.
Edukiontziak Bilboko portuan, artxiboko irudi batean. Argazkia: Agentziak
Euskal ekonomiaren termometroak behera egin du apirilean, eta hazkunde apaleko eremuraino jaitsi da, Eusko Jaurlaritzak astelehen honetan zabaldutako datuen arabera. Jaitsiera hori, batez ere, esportazioen joeragatik gertatu da.
Zehazki, ekonomiaren termometroa 99,7an (150etik) kokatu da, eta 2025eko urritik izandako daturik txarrena da.
Gauzak horrela, hazkunde biziaren eremutik (100etik 150era) hazkunde apaleraino (50etik 100era) jaitsi da.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sailaren arabera, barne eskariari esker eutsi dio jarduerak, nahiz eta intentsitatea galdu duen. Kontsumoaren hazkundea oraindik sendoa da inflazioaren gorakadaren testuinguruan, eta inbertsioen joerak positiboan jarraitzen du.
Sektorez sektoreko datuei erreparatuta, zerbitzuen hazkundea apaldu egin da eta eraikuntzak aldeko bilakaera izan du.
Industriak hobekuntza txikia izan du, aurreko hilabeteekin alderatuta.