Amaia Aguirre Getxoko alkatea ez da hurrengo udal-hauteskundeetara aurkeztuko
Oraingoz, Bizkai Buru Batzarrak ez du jakinarazi nor izango den Getxoko hautagaitza jeltzalearen burua. Erabakia udalerriko hiru batzokiek hartuko dute.
Amaia Aguirre Getxoko alkatea ez da hurrengo udal-hauteskundeetara aurkeztuko. Hala, EAJren buruzagiak amaiera emango dio Alkatetzari, bi legealdiren ostean.
Alderdikideei zuzendutako gutun baten bidez, Aguirrek jakinarazi du bere erabakia “pertsonala” dela, eta ez zaiola “batere erraza” izan hori hartzea. Mezuan, bere konpromiso politikoak "bere horretan" jarraitzen duela azpimarratu du, eta kargua hartzeko izan zuen "ardura eta ilusio berarekin" lanean jarraituko duela ziurtatu du.
Irurak Bat eraikinaren legez kanpoko eraisketaren auziak sortutako polemikaren testuinguruan egin du alkateak iragarpena. Kasu horrek zalaparta politiko eta judizial handia eragin du; izan ere, EAJren hiru zinegotzi eta hainbat udal-teknikari ikerketapean daude, prebarikazioa eta ondarearen aurkako delituak leporatuta.
Oraingoz, Bizkai Buru Batzarrak (BBB) ez du jakitera eman nor izango den jeltzaleen Getxorako zerrendaburua 2027ko udal-hauteskundeetan, baina hori aukeratzeko prozesua "laster" hasiko dela ziurtatu du; erabakia udalerriko hiru batzokiek hartuko dute.
Bestalde, Iñigo Ansola BBBren presidenteak eskerrak eman dizkio Aguirreri egindako lanagatik eta bere agintaldian izandako "inplikazioagatik eta konpromisoagatik".