TURISMOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskadiko zerga turistikoa 6 egunekoa izango da, eta etxebizitza turistikoak gehiago zergapetuko ditu

Podemosek zazpi zuzenketa adostu ditu EAJrekin eta PSE-EErekin, tasa turistikoa "progresiboagoa, malguagoa eta udalentzat erabilgarriagoa" izan dadin.

Podemos Euskadi

Podemos Euskadiko ordezkariak, gaur, prentsaurrekoan. EITB

Turismo egonaldien gaineko tasa 2027ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, Podemosek EAJ eta PSE-EErekin lorturiko akordioaren ondotik. Alderdi morearen arabera, akordioak "zerga turistiko progresiboagoa, malguagoa eta udalentzat erabilgarriagoa" ahalbidetuko du. 

Alderdi moreak zazpi zuzenketa aurkeztu zizkion hiru batzar nagusietan tramitazio bidean den Foru Arauaren proiektuari, "anbizio handiagoko" tasa turistikoa izateko. Besteak beste, tarifen aplikazioan "progresibitatea" eta udalek errekarguak eta salbuespenak ezarri ahal izateko "malgutasuna" eskatu zituzten zuzenketa horietan. "Zerga progresiboagoa, malguagoa eta udalentzat erabilgarriagoa lortu dugu", nabarmendu dute Podemosetik.

Richar Vaquero Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusiak eta Miren Echeveste Podemosen Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak eman dituzte akordioaren inguruko xehetasunak, Donostian gaur goizean eskaini duten prentsaurrekoan.

Vaqueroren arabera, akordioa "oso onuragarria" izango da Euskadirentzat, eta "anbizio handiagoko zerga turistikoa, justuagoa eta udalerri bakoitzaren errealitatera egokituagoa" izatea ahalbidetuko du. 

Turismo eredu jasangarri eta orekatu batera bidean, pauso garrantzitsua dela nabarmendu du. 

Podemosek foru arauari egindako aldaketak

1- Salbuespena desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileei zabaltzea.

Bigarren eta hirugarren mailako mendekotasuna edo % 65etik gorako mendekotasuna dutenei aplikatuko zaien salbuespena pertsona horiekin bidaiatzen dutenei ere ezarriko zaie. Salbuespena pertsonako laguntzaile bati aplikatuko zaio. 

2- Tarifen taulan aldaketak

Tarifen aplikazioan "progresibitatea" ezarriko da. Horren arabera, "inpaktu" gehien duenak gehiago ordainduko du, gurutzaontziak edota erabilera turistikorako etxebizitzak, kasu. 

3- Gehienez 6 egun

Pertsonako gehienez 6 egun zergapetuko dira (5etik 6ra aldatuko da) egonaldi bakoitzeko. 

4- Intentsitate turistikoaren kontzeptua

Foru arauak intentsitate turistikoaren kontzeptua aurreikusten du, hots, plaza turistiko kopuruaren eta udalerri bakoitzeko biztanleriaren arteko erlazioa. Horren arabera, karga turistiko gehien duten udalek malgutasuna izango dute, nahi izanez gero, errekargu bat aplikatzeko. 

5- Hobariak

Udalek % 100eko hobariak aplikatu ahalko dituzte kasu gehiagotan, ostatu plazak eta intentsitate turistikoa aintzat hartuta. Esaterako, hobari hori aplikatu ahal izango da gehienez 25 plaza dituzten udalerrietan eta % 1eko turismo intentsitatea eta 75 ostatu-plaza baino gutxiago dituzten herrietan. 

6- Errekarguak

Turismoak presio gehiago eragiten duten udalerrietan, % 50erainoko errekarguak aplikatu ahalko dituzte udalek. 

7- Ebaluazioa eta jarraipena

Foru araua ebaluatu eta berrikusiko da bi urtez behin, indarrean sartzen denetik.

Hiru foru arauak ekainean zehar onartuko dira Batzar Nagusietan. Gipuzkoaren kasuan, datorren asteazkenean Ogasun batzordean onartuko da, eta, aurrerago, Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Araban, hilabete honen amaieran egingo dute; Bizkaian, berriz, ez dago datarik oraindik. 

EAJ-PSE-EE koalizioak ez du gehiengorik Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta oposizioko talderen baten babesa behar du, ezinbestean, arau hau aurrera ateratzeko. 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Anduezak dio EH Bilduk ez duela erantzunik euskal herritarren lehentasunetarako, "marketin kanpaina asko egin arren"

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak esan du EH Bilduk ez duela erantzunik euskal herritarren lehentasunei eta beharrei erantzuteko, "marketin kanpaina asko egin arren". Gainera, koalizio soberanistari leporatu dio "diagnostiko eta plan asko egin arren, ezer gutxi egitea benetako herri proiektu bat falta zaielako". Anduezak baieztatu du koalizio subiranista espezialista dela arazoak konpondu beharrean areagotzen, zaborraren kudeaketarekin, atez-atekoarekin, egin zuten bezala.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Etxebizitza planarekin lursailak eta etxebizitza pribatuak "desjabetu" nahi dituen argitzeko eskatu dio Pradalesek EH Bilduri

Imanol Pradales lehendakariak Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan erantzun dio EH Bilduk etxebizitza eskuratzeko krisiari buruz egindako galderari. Pello Otxandianok esan duenez, etxebizitzaren alorrean "gauza asko egin behar dira", baina "nagusia" prezioak jaistea da, "errenta ertaineko langileei benetan eskuragarriak diren etxebizitzak" eskaintzeko.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X