Gure Esku: “Demokrazia eta askatasuna maite dituen inork ez luke etxean geratu beharko”
Adierazpen bateratua egin du Òmnium Cultural eta Via Galegarekin batera, “agenda espainolista birzentralizatzailearen” mehatxuaren aurrean: “arriskuan jar ditzake gure herrien nortasun nazionala, hizkuntza, eskubideak eta askatasunak” eta, beraz, “indar subiranisten botoek erabakigarriak izan behar dute”.
Igandeko hauteskundeei begira, adierazpen bateratua egin dute Gure Esku, Òmnium Cultural eta Via Galega herri-mugimenduek, Estatu osoan eskuin muturraren gorakada “mehatxua” delako Euskal Herriarentzat, Herrialde Katalanentzat eta Galiziarentzat, are gehiago “gobernu militante espainolista” baldintzatzen badu.
Aukera horrek kezka sortzen die hiru herri-mugimenduei, ondorioak izan ditzakeelako ez soilik “gure nazio-helburuentzat”, baita “emakumeen, migratzaileen, langileen eta gazteen eskubideentzat ere”.
Egoera horren aurrean, igandeko hauteskundeetan parte hartzera deitu dute “eskuin muturra geldiarazteko, aurrerapen sozialak eta eskubideen arlokoak bermatzeko” eta “gure etorkizun politikoa demokratikoki erabakitzeko”. Horretarako, baieztatu dute indar subiranisten botoak erabakigarriak izan behar dutela, eta “demokrazia eta askatasuna maite dituen inork” ez lukeela etxean geratu beharko.
Demokrazia mugatua edo autoritarismoa
Adierazpenean esan dutenez, “garaian garaiko erregimena edozein zela ere”, Estatuak ez du inoiz aitortu nahi hiru herrialdeen nazio-errealitatea. Hala ere, ziurtatu dute azaroaren 29an joko-zelaia erabaki beharko dela: “edo demokrazia —mugatua dela jakinda ere— edo autoritarismoa”.
Horren aurrean, bat egiten dute Galeseko, Eskoziako, Irlandako eta Quebeceko nazioarteko korrontearekin; izan ere, herrialde horietan aurrera egiten ari dira “demokrazia eta gizarte-kohesioa oinarri hartuta beren estrategian, diskurtsoetan eta ekintzetan”.