Gorenak berretsi du biloben legearen bidez nazionalizatutako eta Espainian bizi diren 11.283 lagunek ezin dutela bozkatu
Auzitegiak azaldu duenez, erabakia Estatuko Abokatutzak eta Hauteskunde Erroldaren Bulegoak aurkeztutako txostenetan oinarritu da. Izan ere, azken horrek 163.355etik 113.326ra murriztu zuen eragindakoen kopurua, hasierako zenbaketan oker sartu baitzituen CER erroldan zeuden 11.283 pertsona, adingabeak, behin baino gehiagotan zenbatutako herritarrak eta biloben legea indarrean sartu aurretik CERA erroldan izena emanda zutenak, besteak beste.
Pertsona bat, bi hauteskunde-sobrerekin: bata Kongresurako eta bestea Senaturako. Argazkia: EFE
Auzitegi Gorenak berretsi du biloben legearen bidez nazionalizatutako 11.283 herritarrek ezin izango dutela igandean bozkatu. Espainian bizi diren arren, ezin izango dute botoa eman, Espainiako Gobernuak aurkeztutako eta boto-eskubidea etenda duten herritarren zerrendan agertzen direlako, une honetan zein erroldatan dauden kontuan hartu gabe.
Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak ezetsi egin du Estatuko Abokatutzak aurkeztutako berraztertze-errekurtsoa. Estatuko Abokatutzak auzitegiaren aurreko ebazpen bat inpugnatu zuen; ebazpen horren bidez, Hauteskunde Batzorde Zentralari (JEC) eskatu zion biloben legearen bidez nazionalizatutako 163.355 pertsonek bozkatu ezingo dutela bermatzeko, gaur egun Espainian bizi badira ere. Salbuespen bakarra kontsulatuaren ziurtagiria aurkeztu duten 901 herritarrak izango dira, baita bozketa eguna baino lehen agiri hori aurkezten dutenak ere.
Estatuko Abokatutzaren arabera, Espainian Bizi diren Hautesleen Errolda (CER) aipatzeak Salak ordura arte erabakitakoa baino haratago joatea zekarren. Izan ere, haren interpretazioaren arabera, auzitegiak Atzerrian Bizi diren Hautesleen Erroldan (CERA) zeuden herritarren boto-eskubideari baino ez zion eragin.
Epaileek, ordea, argi utzi dute erabakiak ez zuela kautelazko neurria aldatu edo zabaldu. Azaldu dutenez, boto-eskubidearen eteteak Estatuko Administrazioak emandako zerrendan agertzen diren herritarrei eragiten die, Hauteskunde Erroldako zein atalean dauden kontuan hartu gabe.
Salak gogorarazi du Estatuko Abokatutzak eta Hauteskunde Erroldaren Bulegoak bidalitako txostenetan oinarritu zela erabakia. Izan ere, Espainiako Estatistikako Institutuak (INE) egindako txosten batek 163.355etik 113.326ra murriztu zuen botoa emateko eskubidea etenda zutenen kopurua. Hasieran adingabeak, bikoiztutako erregistroak eta biloben legea onartu aurretik CERAn izena emanda zuten pertsonak ere zenbatu zituzten.
Auzitegiak gaineratu du Administrazioak bidalitako zuzenketek ez zutela azalpen ulergarririk izan. Horrenbestez, ez zuen argi geratu nola izan zitzakeen halako akatsak edo datu okerrak Administrazioak berak handik gutxira aurkeztutako zerrendak.
CER erroldari dagokionez, epaileek azaldu dute berariaz aipatu zutela, irailaren 10ean kautelazko neurria ezarri zutenean ez baitzekiten Espainiako Gobernuak emandako zerrendako 11.283 pertsona Espainian bizi zirenen erroldan inskribatuta zeudenik. Hala ere, datu horrek ezin zuen ordurako hartutako erabakia aldatu. Hau da, bizilekua aldatzeak ezin du boto-eskubidearen etetea saihesteko balio.
Epaileen arabera, eteteak herritar jakin batzuei eragiten die, izen-abizenekin identifikatuta baitaude Estatuko Administrazioaren ordezkaritzak berak aurkeztutako zerrendan. Fiskaltzak ere irizpide bera azaldu zuen. Gainera, magistratuek gogorarazi dute Hauteskunde Administrazioak gutxienez hilaren 5etik dituela herritar horiek identifikatuta. Horregatik, uste dute igandean hauteskunde-mahaiei emango zaizkien zerrendak berrikusteko behar adina denbora izan dutela.
Denbora-tarte horrek aukera ematen dio Hauteskunde Batzorde Zentralari (JEC) hauteskunde-mahaiek nola jokatu behar duten argitzeko beharrezko jarraibideak emateko. Hala, erroldan inskripzioa etenda duten herritarren izenak agertzen badira zerrendetan, haien botoak ezingo dira hautetsontzietan sartu. Kasu horietan, botoak hauteskunde-mahai bakoitzeko zenbaketaren dokumentazioarekin batera gorde beharko dira, Hauteskunde Administrazioak ezarritako bermeen arabera.