Kanpainaren itxiera Euskadin: aukeratutako hiriak, mitinen ordutegiak eta hizlariak
Ostiral honetan izango dute hautagaiek botoa eskatzeko azken aukera, igandeko hauteskundeei begira.
PSE-EEk, EAJk, EH Bilduk eta PPk ostiral honetan itxiko dute hauteskunde-kanpaina Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Donostian , hurrenez hurren.
Sozialistek Gasteizko Europa Jauregia aukeratu dute kanpaina amaitzeko. Ekitaldia 18:30etan hasiko dute, eta bertan Patxi Lopez PSOEren Kongresuko bozeramaile eta Bizkaiko zerrendaburuak, Rafaela Romero eta Javier Hurtado hautagaiek eta Eneko Andueza Euskadiko sozialisten idazkari nagusiak hartuko dute hitza. Igandeko bozetan "herri honen etorkizuna jokoan" dagoela ohartaraziko dute.
Jeltzaleak, bestalde, Bilboko Areatzan izango dira, 20:00etatik aurrera, eta batez ere botoa oraindik erabaki ez duten zalantzatiak mobilizatzen saiatuko dira. Hautestontziak boto-paper jeltzalez betetzeko deia egingo dute, Kongresuan talde propioa izateko eta Madrilen "Euskadiren ahotsa" izateko. Aitor Esteban EAJren EBBko presidentea, Imanol Pradales lehendakaria eta Maribel Vaquero, Idoia Sagastizabal eta Gorka Urtaran Kongresurako Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak mintzatuko dira azken mitin horretan.
EH Bilduk Iruñeko Labrit-en eskatuko du botoa azkenekoz, 19:00etan hasiko duten ekitaldian. Arnaldo Otegi idazkari nagusiak, Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak eta Idurre Bideguren eta Eneka Maiz hautagaiek hartuko dute hitza, Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin batera. Hauteskunde hauek "funtsezkoak" direla uste du EH Bilduk, eta "demokraziaren eta autoritarismoaren" artean aukeratzeko erreferendum bezala hartzen ditu .
PPk behin eta berriz esan du kanpaina honetan beraiek direla "Euskadiko alternatiba bakarra" Pedro Sanchez Moncloatik kaleratzeko. Popularrek Donostiako Costa Vasca hotelean egingo dute azken mitina, 18:30etan. Javier de Andres PPko presidentea eta Esther Martinez, Jon Echeverria eta Iñaki Oyarzabal Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako zerrendaburuak arituko dira.
Fronte Zabala, Lander Martinez buru dela, etxebizitza jarri du kanpainaren erdigunean. Izan ere, hauteskunde hauek "etxebizitzaren eta errentismoaren" arteko erreferendum bat izango direla esan dute behin eta berriz. Fronte Zabalak ostegunean egin du kanpaina itxiera Bilbon. Ostiralean, Lander Martinez Madrilen izango da, koalizioak Estatuan egingo duen azken ekitaldian.
HAUTESKUNDE GAUA
Datorren igandean, alderdi gehienek Bilbon egingo dute hauteskunde-emaitzen jarraipena, PP izan ezik, Arabako Canciller Ayala hoteletik jarraituko baitituzte. .
20:00etatik aurrera, EAJk bilera egingo du Sabin Etxean, EH Bilduk Zabalgune Plazan, PSE-EEk Carlton Hotelean eta Fronte Zabalak Eurostars Indautxu hotelean.