Igerilekuetan sorosleen prestakuntza arautzen duen agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak
2026ko irailaren 30era arte, kirol-federazioek, Gurutze Gorriak, DYAk eta antzeko beste erakunde batzuek emandako prestakuntza onartuko da, uda honetan profesionalik ez dagoelako.
Sorosle bat, igerileku batean. Artxiboko irudia: EuropaPress
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindua onartu du ostiralean, erabilera kolektiboko igerilekuetan sorosleek uretako salbamenduan eta lehen sorospenetan duten prestakuntza egiaztatzeko irizpideak arautzeko.
Aginduak uretako gune horien osasun-baldintzak arautzen dituen dekretua garatu, eta prestakuntza espezifikoa duten sorosleak izateko betebeharra ezartzen du.
2026ko urtarrilaren 1etik, sorosle gisa lan egiten duten pertsonek jarduera fisikoko eta kiroleko lanbideei buruzko euskal araudiaren araberako kualifikazioa izan behar dute.
Akreditazio hori instalazioak irekitzeko aurkeztu behar duten erantzukizunpeko adierazpenean jasotzen da, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egiaztatu, kontrolatu eta ikuskatuko du, Sailak ohar batean azaldu duenez.
Adierazpen horren bidez, araudia indarrean sartu aurretik ere alor horretan lan egin dutela egiaztatu ahal izango dute sorosleek.
Salbuespen gisa, eta udako denboraldiaren hasieran eskatutako kualifikazioa duten profesional nahikorik ez dagoenez, aldi bat ezartzen du aginduak, akreditazio-baldintzak malgutzeko.
Hala, 2026ko irailaren 30era arte, baliozkotzat joko dira kirol-federazioek, Gurutze Gorriak, DYAk eta antzeko beste erakunde batzuek uretako sorospenari buruz eman ohi dituzten prestakuntzak, betiere dagokion diplomaren bidez egiaztatzen badira.