Black Friday eguneko deskontuak, pagotxa ote?
Black Friday hitzordu garrantzitsua bilakatu da Euskal Herriko saltokientzat, bost urte eskasean. Gabonetako erosketak egun horretan hasten dira saltzaile eta erosleentzat, deskontu handien artean.
Estatu Batuetatik datorren ohitura hau ez da errentagarria denda txiki askorentzat, eta batzuek ez dute jarraituko. Hala ere, saltoki handiek eta online plataformek gorriz daukate markatuta, salmentek igo egiten dutelako.
Beherapen egun bat, asteburu luzea Cyber Monday-ra arte edota aste oso bat eskaintzen dute.
Aurtengo kanpainan, ohartarazpen argia plazaratu du FACUAk: saltoki batzuek prezioak igotzen dituzte aurreko egunetan, deskontuak puzteko. Erakundearen arabera, kontsumitzaileen % 83k uste du denda gehienek deskontu faltsuak eskaintzen dituela, hau da, saltzaileek ziria sartzen dietela kontsumitzaileei.
Horregatik, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak merkatuko prezioak alderatzea gomendatzen du, baina ez bakarrik saltokien artekoak, baita denboraren arabera ere. Horretarako, produktuen jarraipena egiteko erreminta batzuk daude.
Azken hilabetean, hainbat produkturen salneurriak monitorizatu ditu eitb.eus-ek, nola aldatzen diren ezagutzeko, eta aurreko egunetan igotzeko tranpa erabiltzen den argitzeko. Horretarako, prezioen arrastoari jarraitzeko aukera ematen duten bi plataforma handien produktuak aukeratu ditugu —Amazon eta El Corte Ingles—, bi erremintaren bidez: Telegramen ShobyBot, prezio bat igotzen eta jaisten den bakoitzean ohartarazten duena, eta Keepa, Amazonen produktuen tracker-a. Beste plataformen prezioa jarraitzea zailagoa da, ez dagoelako aukera hori eskaintzen duten apliaziorik.
Aukeratutako produktu guztien prezioak ez dira modu berean aldatu. Kasuen erdian gutxienez, deskontuak iragarritakoak dira. Beraz, Amazonek eta El Corte Inglesek prezioak jaitsi dituzte Black Friday egunerako.
Puztutako deskontuak
Produktu salduenen artean bizitza errazago egiten dituztenak dira; janaria prestatzen edo etxea garbitzen duten robotak, kasu. Roomba xurgagailuak izango dira, ziur aski, denboraldi honetako arrakastetako bat. Horietako bi aukeratu dugu, Amazonen: iRobot Roomba 960 eta iRobot Roomba 981.
Lehenengoa 469 euroan saltzen da. 799 euro balio zuen, beraz, Amazonek ondo iragartzen duen bezala, handia da deskontua: % 41. Antzeko zerbait geratzen da beste modeloarekin: 999 eurotik 749ra pasa da, % 25eko deskontuarekin.
Hala ere, bi produktuak merkeago erosi ahal izan dira beste momentuetan. Roomba 960 modeloak 650 euroko salneurri konstantea izan du abuztutik, eta urrian 743 euro kostatzera heldu zen. Beraz, eskainitako deskontua % 27 da, gehien errepikatu den prezioarekin alderatuta.
Roomba 981, bestalde, 999 euroko prezioa izan du azken hilabeteetan, baina beste momentutan 779 euro balio izan du, Black Friday egunean baino 30 euro gehiago besterik ez.
Dyson 360 Eye xurgagailuaren kasua oso deigarria da. 815 euro balio du.. Egun batzuk lehenago, 1.210 euroko prezioa zeukan. Deskontu handia da, baina duela hilabete bat 789 euro balio zuen. Black Friday egunean baino merkeago zegoen.
LG VSR9640PS xurgagailuaren kasua arraro samarra da. Black Friday egunean erostea erabakitzen duenak 1.065 euro ordainduko ditu, eta orain dela hilabete bat 869 euroan zegoen. Salneurria igo egin da, deskonturik gabe.
Zer gertatzen da janaria prestatzen duten robotekin? Adibide bat: Kenwood kCook Multi CCL401WH. Amazonen 399 euroren truke saltzen dute, iragarritako deskontu handiarekin: % 43, 699 euro balio zuen eta. Hala ere, irailean 419 prezioa izan zuen. Azaroaren 12an igo zen, Black Friday baino hamar egun lehenago.
Igoerak aurreko egunetan
Salneurri bera dauka produktu berak El Corte Inglesen, deskontu berarekin. Urrian, hala ere, 549 euroren truke erosi ahal zen, 150 euro merkeago. Azaroaren 8an igo zen, Blay Friday baino bi aste lehenago.
Espainiako saltoki handien beste adibide bat: Samsung QE55Q6FN telebista. 999 euro balio du, eta El Corte Inglesek % 28ko beherapena iragartzen du, 1.399 eurotik. Prezio hori izan zuen azaroaren 8tik, baina lehenago merkeagoa zen: 1.189. Beraz, deskontua % 16 litzateke.
Prezio baxuagoetan ere antzeko zerbait gertatzen da. Bose SoundLink Revolve+ bozgorailu eramangarrien kasua, adibidez. 211,65 euro balio dute (% 26ko deskontua, 299 eurotik). Beste behin, azaroaren 4tik baino lehenagoko prezioa baxuagoa zen: 254 euro.
Merkatuko produktu arrakastatsuenen artean hautatu ditugu, baina lagin txiki bat baino ez da. Iragarritako deskontu batzuek benetako beherapena aipatzen dute, baina beste kasu batzuetan, ikusi dugunez, aurreko egunetan prezioak igota puzten dira. Dena kontsumitzaileak amua irents dezan.
Zure interesekoa izan daiteke
Papresako langileek lanuzteak hasi dituzte, enpresa sal dezaketelakoan eta laneko erregulazio espedientea ezarriko duelakoan
Enplegu-erregulazioko espedienteak 250etatik 110 langileri eragin liezaieke.
Greba eguna dute Tubos Reunidoseko langileek, batzordeen eta zuzendaritzaren arteko bilerarekin bat eginez
Amurrioko lantegiko langileek lanuzteak deitu zituzten otsailaren 17, 23 eta 26rako eta martxoaren 4 eta 9rako. Trapagarango lantegiko LAB eta ESK sindikatuek ere lanuzteak deitu dituzte egun berberetarako.
Bilboko portuan da Trumpek Venezuelako petrolioaren kontrola hartu zuenetik Europara heldu den lehen ontzia
Hilabete eta sei egun igaro dira Josu Jon Imaz Repsolen egungo kontseilari delegatua Etxe Zurian sartu zenetik, beste petrolio-enpresa batzuetako ordezkariekin, Venezuelako petrolio-industria berrabiarazteko. Hala, Trumpek industria horren kontrola hartu zuenetik Karibeko lehen petrolio-ontzia iritsi da Bilbora. Repsolek milioi bat upel eskuratu ditu, eta Petronorren plantan tratatuko dituzte, Muskizen.
Lanaldiei lotuta Euskadin egindako jarduketen % 60etan irregulartasunak antzeman zituen iaz Lan Ikuskaritzak
Emandako datuen arabera, Euskadiko Lan Ikuskaritzak 20.191 esku-hartze egin zituen iaz. Horietan 1862 arau-hauste antzeman ziren — 10,4 milioi euro —, eta 26.959 kontratu berrikusi; horietatik 1.788 kontratu mugagabe eta lanaldi osokoak bihurtu ziren.
Euskadik zerua ukitu nahi du aeronautikan: 110 milioi inbertituko ditu proiektu batean, eta 800 lanpostu sortu
ITP Aero izango da proposamenaren buru, eta hamabi enpresak hartuko dute parte harekin batera.
Estatutu propio baten aldeko aldarria zabaldu dute medikuek Donostian
Osakidetzan lehen arretako mediku bat egongo da gutxienez osasun-etxe bakoitzean. Baliteke urgentziazkoak ez diren ebakuntza batzuk bertan behera uztea.
Zer eskatzen dute medikuek?
Medikuen sindikatuek Estatutu Marko propioa eskatzen dute, euren lanbideak Osasunaren sektoreko gainerako lanbideetatik bereizten dituzten ezaugarriak dituela argudiatuta.
Espainiako Gobernuak gutxieneko soldataren igoera sinatuta, zenbatekoa izango da LGS berria?
Behin akordioa sinatuta, litekeena da Errege Dekretua astearte honetan onartzea, % 3,1eko igoerarekin.
Albiste izango da: medikuen greba, aireportuen eskualdatzea eta abisu horia euriagatik
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Tamara Yagüe (Confebask): "Industria atzeraldira hurbil daiteke une batzuetan; datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira"
Arantza Ruizek Confebaskeko presidentea elkarrizketatu du ETBko "12 minutos" saioan. Yagüek azpimarratu du hazkundea ez dela etengabea sektore guztietan, eta, industriari dagokionez, zuhur jokatzea komeni dela adierazi du, "datozen hilabeteak erabakigarriak" izango baitira.