Euskal partzuergoak Ayesa Digital erosi du
Iñigo Ucin presidente ez-exekutibo eta Manuel Baraza kontseilari delegatu ariko dira. Operazioan, Indar Karterak, BBK-k, Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioak eta Tekneik osatutako partzuergoak Ibermatica zena erosi du.
Ayesaren egoitza, artxiboko irudi batean.
EAEko inbertitzaileen partzuergoak Ayesa Digitalen erosketa itxi du astearte honetan, 480 milioi euroren truke, eta Iñigo Ucin presidente ez-exekutibo eta Manuel Baraza kontseilari delegatu ariko dira konpainian.
Indar Karterak, BBK-k, Vitalek eta Tekneik osatzen duten partzuergoak Ayesa Digital, Ayesa ingeniaritza-enpresaren dibisioaren erosketa itxi du, agintariek onetsita.
Erosteko akordioa duela hiru hilabete lortu zen, in extremis, 2025eko azken egunean. Otsailaren 10ean, Vital Fundazioa batu egin zen partzuergora; Kutxa, aldiz, ez.
Iñigo Ucin (Mondragon Korporazioaren presidente ohia) sartu da Ayesa Digitalen presidente ez-exekutibo gisa. Kontseilari delegatu berria, aldiz, Manu Baraza izango da; 25 urte baino gehiagoko esperientzia du teknologiaren arloan, eta hainbat zuzendaritza-kargutan ibili da, bai Ibermatican, bai Ayesan.
Bi izendapenak Ayesa Digitaleko lehen Administrazio Kontseiluan berretsiko dira, apirilaren erdialdean.
Erosketa "Ayesa Digital Europako zerbitzu digitalen hornitzaile nagusietako bat izateko hazkunde-fase berri baten" hasiera da, eta "hazkunde handiko sektore estrategiko baten aldeko apustu irmoa, irtenbide digital aurreratuena, enpresa-ehunaren eraldaketan, garapenean eta lehiakortasunean funtsezkoa", adierazi du partzuergoak ohar batean.
Zure interesekoa izan daiteke
Eusko Jaurlaritzak Benta Berriko 510 etxebizitza erosi dizkio Blackstone funtsaren filial bati, horien babes publikoari eusteko
Langile bat hil da, Bilboko Portuan dagoen enpresa batean lanean ari zela