Papresak erosteko eskaintza bakarra jaso du: CL Grupo Industrialek aurkeztu du proposamen loteslea
Papresa hartzekodunen konkurtsoan sartu eta lehen asteetan balizko iteresdun gehiago zeudela aditzera eman bazen ere, euskal talde bat barne, ez dira eskaintza gehiago aurkeztu ezarritako epearen barruan; CL Group enpresak (Cristian Layri lotutakoa) bakarrik egin du hura erosteko eskaintza loteslea.
Papresa erosteko enpresa bakarra aurkeztu da azkenean: CL Grupo Industrial (Cristian Layri lotutakoa) taldeak egin du eskaintza lotesle bakarra, lantegia hartzekodunen konkurtsoan sartu ondoren. Proposamenak bi ekoizpen-lerroak eta langileen % 72 hartuko lituzke barne; langileen batzordeak, ordea, ez du ontzat jo kaleratzerik egitea.
Eskaintzak, oraingoz behintzat, Errenteriako industria jardueraren zati handi batek jarraitzea bermatuko du. Hala ere, proposamenak kaleratzeak ere badakartza, eta langile-batzordeak uste du horiek “onartezinak” direla. Testuinguru horretan, langileek berriro ekin diete lanuzteei astearte honetan.
Atzo amaitu zen konkurtso administratzaileak Papresa zutik mantetzeko eskaintzak aurkezteko epea, eta bakarra erregistratu da, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoren egindako prentsaurrekoan baieztatu duenez.
Lehen asteetan balizko interesdun gehiago egongo zirela aipatu bazen ere —langileen batzordeak aipatutako euskal talde bat barne—, ez da eskaintza alternatibo loteslerik aurkeztu epaitegiak ezarritako epe barruan.
Eusko Jaurlaritzak ez du baztertzen Papresa erreskatatzeko laguntza finantzarioa ematea, baina beste proiektu industrial batzuetako baldintza berberak eskatzen ditu: etorkizuneko plan sendoa, ibilbide aitortua eta enpleguarekin eta balio katearekin konpromisoa duen inbertitzailea.
Paper-fabrika hartzekodunen borondatezko konkurtsoan sartu zen apirilaren 23an, CL Grupo Industrial erosteko proposamen batekin, eta, azkenean, esan bezala, hori izan da enpresa bereganatzeko aurkeztutako eskaintza bakarra.