Etxebizitzen salerosketa % 11,6 jaitsi da EAEn, eta % 8,2 igo da Nafarroan
Donostian 418 etxebizitza salerosi dira 2026ko urtarrila eta apirila bitartean, aurreko hiruhilekoan baino % 26,8 gutxiago, eta iazko tarte berean baino % 30,8 gutxiago.
Etxebizitzen salerosketa kopurua % 11,6 jaitsi da EAEn martxoan, 2025eko hilabete berarekin alderatuta, 2.139 salerosketa izan ziren, eta % 8,2 igo da Nafarroan, Espainiako Estatistika Institutuak astelehen honetan argitaratutako datuen arabera.
Martxokoa urtearteko lehen jaitsiera izan da aurten EAEn; izan ere, urtarrilean % 9,2 hazi zen eta otsailean % 0,3ko igoera txikia izan zuen.
Eskualdatutako etxebizitzetatik, 2.139 izan ziren salerosketak; 1.104 oinordetzan utzi ziren; 65, dohaintzak; 2, trukeak, eta 681, bestelako eragiketak.
Saldutako etxebizitza gehienak (1.968) libreak ziren, eta 171, babestuak. Erabilitakoak, ohi bezala, berriak baino gehiago izan ziren: 1.730 eta 409, hurrenez hurren.
Espainiako Estatuan, etxebizitzen salerosketaren beherakada areagotu egin zen martxoan, % 2,2ra iritsi arte, eta Kantabrian soilik (% 15,4) jaitsi zen EAEn baino gehiago; Gaztela-Mantxa (% 11,5) izan zen, berriz, Nafarroan baino gehiago igo zen erkidego bakarra.
% 26,8 jaitsi da etxebizitzen salerosketa kopurua Donostian
Donostian 418 etxebizitza salerosi dira 2026ko urtarrila eta apirila bitartean, aurreko hiruhilekoan baino % 26,8 gutxiago, eta iazko tarte horretan baino % 30,8 gutxiago.
Gipuzkoan, berriz, 2.181 etxebizitza salerosi dira urteko lehen hiruhilekoan, aurrekoan baino % 3,6 gehiago. 2025eko urteko lehen hilabeteekin alderatuta, % 0,7 hazi dira.
Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialak eman ditu datuok. Zehaztu duenez, etxebizitza-eragiketen % 58,7 salerosketa bidez egin dira 2026ko lehenengo hiruhilekoan; % 24, oinordetzaz; % 1,6, donazio bidezm eta % 15,7, beste bide batzuk baliatuta.
Azken hamabi hilabeteetan, bestalde, 8.471 etxebizitza salerosi dira Gipuzkoan, ia 2007an bezainbeste (orduan goia jo zuten salerosketek). Urtearteko hazkundea, beraz, % 9,4koa izan da.