Azpiazu: "Garraio publikoari laguntzak sei hilabetez mantendu eta ondoren berraztertzea logikoa litzake"
Herritarrei dirulaguntza bat eskaini eta, ondoren, oraindik diru hori behar dutenean, kendu. Hori da Espainiako Gobernuak garraio publikoaren gaineko laguntzekin egin duena, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan. Hala, inflazioaren igoerari aurre egiteko laguntzak inflazio hori oraindik maila oso altuan dagoela erretiratzea "oso salagarria" dela esan du. "Koherentzia eza" egotzi dio Pedro Sanchezen exekutiboari.
Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrak gaurko osoko bilkuran izango dituen eztabaidagaien artean dago garraio publikoen inguruko dirulaguntzak mantentzea edo ez. Azpiazuren arabera, laguntzak "inolako irizpiderik gabe" mantentzea ez litzateke "egokia". Azaldu du inflazioa hartu behar dela aintzat, eta beraz, ondo iritziko lioke dirulaguntzak mantendu bai, baina datorren urteko lehen seihilekoaren ondoren egoera berraztertzeari, "inflazioa zein mailatan dagoen begiratuta".
Halere, garbi utzi du erabakia Euskadiko Garraioaren Agintaritzari eta alor horretako beste erakunde batzuei dagokiela. "Nire sailari, baliabideak eta finantzaketa bilatzea dagokio. 72 milioi euro inguruko kopuruaz ari gara hizketan", gehitu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, bestalde, 2023ko EAEko aurrekontuen negoziazioa ere izan du hizpide. Oposizioko taldeen jarrera salatu du, hasieratik akordiorik nahi ez izatea leporatuta. "Errealitatetik kanpo" dauden eta aurrekontuen negoziazioan txertatu ezin diren proposamenak egin dituztela esan du.
Halaber, xehetasunik eman gabe, adierazi du datorren urteko urtarrilean eredu fiskalari buruzko eztabaida zabalduko dutela. Egoeraren analisia egin, zenbakiak aztertu eta EAErako eredu egokiena bilatzeko gogoeta egin nahi du sailburuak gainerako taldeekin.
Azkenik, bankuen eta elektriken gaineko zergak foru ogasunek kudeatzeko EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin itxitako akordioaren inguruan, Ekonomia sailburuak esan du informazio hori ez dela zuzena. Zehaztu duenez, aipatutako zerga horiek ez dira "tributu zehatzak", negoziazio bidez adostu beharreko "ondasunen gaineko konpentsazio bat" baizik. "Eurek jakingo dute zer erosi edo saldu duten. Gu aspalditik ari gara horretaz hitz egiten. Adostu egin behar da", gehitu du.
Zure interesekoa izan daiteke
CAFek lortu egin du "mendeko kontratua": 1.700 milioi euro Belgikan trenak egiteko
Beasainen egoitza duen konpainiak kontratu horren inguruko ziurgabetasunarekin amaitu du; izan ere, polemika handia piztu zen han, Alstom enpresa frantziarrak dagoeneko hainbat lantegi baititu Belgikan, eta enpresa horrek kontratua ez lortzea kritikatu zuten.
Balenciaga ontziolako langileek atzera bota dute Abu Dhabi Ports talde arabiarraren azken eskaintza
Pasa den azaroaren 30ean, Balenciaga ontziolak salerosketa akordioa sinatu zuen aipaturiko inbertsio talde arabiarrarekin, 11,2 milioi euroren truke. Salerosketa ixteko, ordea, ezinbesteko baldintza da langileekin akordioa lortzea. Antza denez, langileen erosahalmena bermatuko luketen soldatak dira akordiorako korapilo nagusia.
Talgoren erosketaren ondoren, partzuergoko kideek Rivabellosako fabrika bisitatuko dute
Imanol Pradales lehendakaria eta Jose Antonio Jainaga enpresaria buru zirela, akziodun berriek Talgo enpresak Rivabellosan dituen instalazioak bisitatu dituzte. Denek uste dute operazioa funtsezkoa izan dela enpresaren jarduera eta enplegua sendotzeko, eta etorkizun oparoa iragartzen diote tren-enpresari.
Petronorreko greba bertan behera, enpresak bide judizialari uko egin ostean
Sindikatuek bertan behera utzi dute greba mugagabea, zuzendaritzarekin adostuta, 83 eguneko lanuztearen ondoren.
Europa osoko nekazariek Brusela hartu dute politika bateratuaren eta Mercosurrekiko akordioaren aurka protesta egiteko
Lehen ordutik, milaka traktorek eta nekazarik hiriko auzo europarra blokeatu dute, Europar Batasuneko erakundeen politiken aurka protesta egiteko. Poliziarekin ere istiluak izan dira. Europako nekazaritza-sektorea kontuan hartzeko eta kalterik ez egiteko eskatu dute.
EAEko ekonomiaren hazkundea % 2,1ekoa izango da datorren urtean, Confebasken arabera
Confebaskek aurreikusten du BPGa % 2,1 haziko dela 2026an Euskal Autonomia Erkidegoan, nahiz eta egun dauden "arriskuek" % 1,7 eta % 2,6 arteko tartean egotea eragin dezaketen. Inbertsioan eta enpleguan dinamismo txikiagoa izatea espero du Confebaskek.
Bizumen gaineko kontrol gehiago izango dira 2026an, baina profesionalei eta enpresaburuei eragingo die soilik
Zerga Agentziak ordainketa digitalei buruz jasotzen duen informazioa indartuko du 2026tik aurrera, Bizumekin egindako eragiketak barne, baina neurria jarduera ekonomikora mugatuko da eta ez du eraginik izango partikularren arteko trukeetan.
Abereak txertatzearen aldeko eta kontrakoak daude gurean, horrek ondorio ekonomikoak izan ditzakeelako
Nafarroako Gobernuak behi, zezen eta txekor guztiak txertatu nahi ditu, eta horren alde agertu da sektorea ere. EAEn, aldiz, hainbat abeltzain horren kontra agertu dira, txertoa jarriz gero, haragiaren prezioan eragina izango duelakoan. Alabaina, kasu bakar bat agertuko balitz, etxaldeko abelburu guztiak sakrifikatzea eragingo luke.
Medikuen sindikatuek ez dute onartu Osasun Ministerioaren azken eskaintza, eta negoziazio mahaia utzi dute
CESM eta ASM zentralek elkarrizketa "dinamitatzea" leporatu diote Osasun Ministerioari. Mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute.
Nekazarien protestek jarraitzen dute Ipar Euskal Herrian eta Frantzia osoan, dermatosi nodularraren auzia nola kudeatu den eta Mercosurren ituna salatzeko
Dozenaka nekazarik hainbat autobide moztu dituzte Frantziako Estatuan, tartean A-63a, Hego Euskal Herriko mugan.