M17 Greba Orokorra
Gorde
Kendu nire zerrendatik

"Indarberriturik eta helburua lortzetik gertuago" atera dira langile klasea eta indar sindikala, ELAren eta LABen ustez

Sindikatuen ustez, Greba Orokorra "klase elkartasun erakustaldia" izan da. LGS propioa lortzeko bideak zabalik daudela adierazi dute (bai patronalarekin, bai Espainiako Kongresuan) eta Jaurlaritzari eta, bereziki, EAJri, eskatu diote argitu dezala Legebiltzarrean eta Espainian dituen jarrera kontraesankorrak.

garbiñe aranburu (LAB) eta mitxel lakuntza (ELA), irratian eskainitako elkarrizketan
18:00 - 20:00
Garbiñe Aranburu (LAB) eta Mitxel Lakuntza (ELA).

Martxoaren 17an Hego Euskal Herrian deitutako Greba Orokorraren biharamunean pozik agertu dira ELA eta LAB sindikatu deitzaileetako buruak.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak atzokoan “lan-munduak okerren pasatzen ari direnekiko konpromiso kolektiboko erakustaldia” posible egin zuten milaka pertsonak zoriondu ditu, izan ELAkoak, izan beste sindikatuetakoak nahiz gainerako herritarrak ere.

Radio Euskadin asteazken goizean egin dioten elkarrizketan azpimarratu duenez, “langile klasearen arrakasta izan da greba hau, garrantzitsua eta agerikoa izan da eta mobilizazioak izugarriak” izan dira. Bere hitzetan, “langile klaseak argi utzi du bere nahia, eta burujabetzaren aldarri irmoa egin du, gutxieneko soldata hemen erabakitzearen aldekoa”.

Azpimarratu duenez, “borrokaren azken helburua, noski, LGS hori lortzean datza” eta ziur agertu da etorkizunean “berriz ere kaleak beteko direla hori ospatzeko”. Bere ustez, greba honen ostean helburu hori lortzetik "atzo baino gertuago" dago euskal gizartea. 

Lakuntzaren esanetan, mobilizazioa ikusita "inork ezingo du ostrukarena egiten jarraitu”. Hala, Eusko Jaurlaritzari eta bereziki EAJri eskatu dio "bere kontraesana argitzeko, izan ere batetik dio LGSaren alde dagoela, baina, era berean, Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrera eraman dugunean, horren inguruan eztabaidatzearen beraren kontra agertu da". 

Halaber, bere aburuz, "Patronalak ere ezingo du luzaroan jarraitu bizkarra ematen, elkarrizketa eta akordio beharra areagotuko baitu atzoko grebak". 

Ildo beretik aritu da Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko mikrofonoetan ere. "Indarberriturik atera gara atzoko greba orokorretik, langileek ulertu dute grebarako arrazoiak badaudela". Era berean, nabarmendu du, Greba Orokorrak bazuela "klase-elkartasun konponente garrantzitsua" eta bere ustez ondo ulertu da mezu hori, "ulertu da, badaudela zuzenean eragindako langileak, baina ulertu da gutxieneko soldata propio altuagoa izateak denoi egiten digula mesede".  

LGSa lortzeko zabalik dauden bideez galdetuta, Legebiltzarrean nahiz Madrilen eskatzen ari direna gauza bera dela, "Langile-Estatutuaren 27. artikulua aldatzea, bertan gutxieneko soldata propio bat ezarri ahal izateko". Horren aurrean EAJren jarrera anbibalentea kritikatu du, "ze legebiltzarrean eztabaidari ezezkoa ematea, antidemokratikoa izateaz gain, ez dator bat gero gutxieneko soldata propio baten aldarriarekin bat datorrela esatearekin".   

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak ere hitz egin du Radio Euskadin eta, atzoko grebarekin "itxaropen mezua" zabaldu dela azpimarratu du "nazioarteko testuinguru gogorrean, esku-hartze inperialista eta 'indartsuenaren legea'-ren aurrean, erakutsi delako euskal jendartearen zati oso zabal batek eta langile klasearen gehiengoak bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat bultzatzen duela, pertsonen bizitzak jarriko dituena erdigunean eta ez gutxiengoaren interesak. 

Piketeek atzokoan eragin zituzten gorabeheren inguruan galdetuta, azpimarratu du "anekdotikoak" izan zirela, 2008tik, sindikatuan ardurak dituenetik "inoiz ez" duela ikusi horren gorabehera gutxi izan diren grebarik, eta nabarmendu du, "oro har, elkartasun eta eskuzabaltasun ariketa izan dela" Greba Orokorra. 

Hirurek ere nabarmendu dute Espainiako Kongresuan lege-proposamena bultzatzen jarraituko dutela eta horren alde egiteko asmoa agertu dutela EH Bilduk, ERCk eta BNGk. Gainera, datozen egunetan EAEko nahia Nafarroako patronalekin dituzten hitzorduetan ere aurrera-urratsak emateko nahia azaldu dute. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X