Zarauzko eta Bergarako IAT zentroetako langileek greba mugagabeari ekin diote
Gipuzkoako gainerako IAT lantegietako lan-baldintzekin parekatzea eskatzen dute beharginek. Urtean 133 ordu gehiago egiten dituzte lan, eta 2.000-8.000 euro gutxiago kobratzen dituzte.
Bergarako Itsasua IATeko langileak, joan den asteazkenean egindako agerraldian.
Zarauzko eta Bergarako Itasua IAT lantokietako langileek greba mugagabea hasi dute, hitzarmen propioa eskatzeko.
ELAk salatu duenez, une honetan negoziazioa "blokeatuta" dago, eta enpresa, besteak beste, langileen "greba eskubidea urratzen" aritu da orain arte egindako lanuzteetan. "Zarauzko lantokian langile bat kontratatu dute, greban dauden langileak ordezkatzeko eta mobilizazioen eragina murrizteko", adierazi zuen sindikatuak aurreko astean ohar batean.
Langileek Gipuzkoako gainerako IAT zentroetako lan-baldintzak izatea eskatzen dute. Azaldu dutenez, urtean batez beste 133 ordu gehiago egiten dituzte lan, eta 2.000-8.000 euro gutxiago kobratzen dituzte.
Itsasua IAT enpresaren jarrera kritikatu dute agirian, "negoziatzeko borondaterik ez" duelako. Horren aurrean, "benetako negoziazioari ekiteko" eskatu diote zuzendaritzari, eta adierazi dute "enpresaren jarrerak langileen erabakia are gehiago indartuko duela".
Orain arte egindako lanuzteek "jarduera erabat geldiaraztea" lortu dutela esan du ELAk, eta jakinarazi du "hitzarmen propioa lortu arte" mobilizazioekin jarraituko dutela.