Jaurlaritzak uko egin dio Osasun Kohesiorako Funtsari 51 milioi ordaintzeari, "neurriz kanpoko" kopurua dela iritzita
Alberto Martinez Osasun sailburuak egungo konpentsazio-sistema berrikustea eskatu du. "Arau argiak, babes nahikoa eta irizpide homogeneoak lurralde guztientzat", esan du.
Alberto Martinez sailburua, gaur, Lurralde arteko Osasun Batzordearen bilera telematikoan. Argazkia: Irekia
Eusko Jaurlaritzak uko egin dio Osasun Kohesiorako Funtsari 2023 eta 2024 urteei dagokien likidazioa ordaintzeari: 51 milioi euro. Osasun Sailak uste du kopuru hori "neurriz kanpokoa" dela.
Espainiako Osasun Sistemaren tresna bat da Osasun Kohesiorako Funtsa. Herritarrek bere erkidegotik kanpo jasotako osasun eta farmazia arreta gobernuek elkarri ordaintzeko mekanismo bat da.
Sistema horrek "gabezia juridikoak" dituela eta ez dela "gardena" uste du Gasteizko Gobernuak, eta ez dator bat ordaintzea dagokion kopuruarekin. Bere jarrera azaltzeko, datu hau eman du: Estatuko biztanleriaren % 5 inguru soilik ordezkatu arren, EAEk likidazio osoaren % 60 inguru ordaindu dio Osasun Kohesiorako Funtsari 2012 eta 2022 artean.
Lurralde arteko Osasun Batzordeak gaur egin duen bilera telematikoan aurkeztu du Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak 2023-2024 urteen likidazio proposamena, eta han jakinarazi du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ezezko botoa.
"Ezin dugu babestu halako konpentsazio-eredu bat, hain lege-oinarri ahula izanda; arduragabe jokatuko genuke, Euskadi eta Osasun Sistema Nazionala bera kontuan hartuta (...) Hasieratik gauza bera defendatu dugu: arau argiak, babes nahikoa eta irizpide homogeneoak lurralde guztientzat; ez da egoeraren araberako desadostasuna, segurtasun juridikoa eta ekitatea bermatzea baizik”, azpimarratu du sailburuak.