Bajen inguruko polemikari datuak erantsi dizkio PPk: "Astelehenetan, 1.700.000 pertsona ez dira lanera joaten"
Juan Bravo PPko Ogasun, Etxebizitza eta Azpiegitura idazkariordeak azaldu duenez, bajan egonda soldata gutxiago kobratzearen aukera Feijook mahai gainean jarri zuenean, "iruzur kasuei" buruz ari zen.
Bajak eta lan-absentismoa minbizitzat jo zituen atzo Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak, eta bajan egonda soldata txikiagoa kobratzearen aukeraz hitz egin zuen. Biharamunean, Alderdi Popularrak ez ditu hitzok berretsi, eta gaiari buruz galdetuta, datuekin erantzun du.
Hainbat hedabidetan emandako elkarrizketetan, Juan Bravo PPko Ogasun, Etxebizitza eta Azpiegitura idazkariordeak gaiaren inguruko azalpenak eskatu dizkiotenean, honakoa erantzun du: "Langileen % 10ek hartzen dituzte bajen % 50. Lau langiletatik hiruk ez zuen egun bakar bat ere huts egin lanera 2024an. Argi dago desorekak daudela", azaldu du.
Bravoren arabera, bajan egonda soldata gutxiago kobratzearen aukera Feijook mahai gainean jarri zuenean, "iruzur kasuei" buruz ari zen, ez gaixotasun bajei buruz.
Haren hitzetan, bajen gorakada eta lan-absentismoa lotuta daude. "Astelehenetan, 1.700.000 pertsona ez dira lanera joaten, ostiraletan halako bi (...) 2018an, lan-absentismoaren kostua 14.000 milioi eurokoa zen; 2025ean, ia bikoitza, 33.000 milioikoa", adierazi du.
Halaber, gogoratu du 2024ean Espainiako Gobernuak lan-absentismoari buruzko eztabaida zabaltzea proposatu zuela, eta Pedro Sanchez presidenteak "absentismoa zuzentzeko neurriak" hartzeko konpromisoa hartu zuela. "Ez du egin", zehaztu du PPko ordezkariak.
Feijooren lan-absentismoari buruzko adierazpenek kritika oldea eragin dute. Espainiako Gobernuak, PSOEk eta sindikatu nagusiek gogor erantzun diote, lan-eskubideak zalantzan jarri nahi duela azpimarratuz.