Hiru erasotzaileak identifikatu dituzte
Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzari eraso egin dioten hiru gizonak identifikatu dituzte asteazken honetan, Frantziako komunikabideek jakitera eman dutenez. 12 pertsona hil eta 11 zauritu dituzte Parisen.
Erasotzaileak 1980an eta 1982an, Parisen, jaiotako Said eta Cherif K. anaiak izango lirateke (jatorri aljeriarra). Hamyd M. hirugarren erasotzailea izango litzateke. 1996an jaio zen.
Metronews egunkariak azaldu duenez, susmagarriak 34, 32 eta 18 urteko hiru gizon dira. Antza denez, hirurek aurrekariak dituzte sare jihadistekin kolaboratzeagatik.
Hamyd M. Reimsko (Frantziako iparraldea) institutu batean bigarren hezkuntza ikasten ari zen iaz, informazio horien arabera, baina ofizialki ez dituzte baieztatu.
Cherif K. 2005ean epaitu zuten jihadistak Irakera bidaltzeko talde bateko kide izatea egotzita. 2003 eta 2005 artean 10 bat gazte Irakera bidaltzeko errekrutatu zituen taldeak. Cherif K.ri hiru urteko espetxe-zigorra ezarri zioten, baina zigorraren erdia ez zuen bete.
Bestalde, susmagarriak nortasun agiri bati esker identifikatu dituzte, Le Point astekariak jakitera eman duenez. Agiria erasotzaileek ihes egiteko erabili zuten ibilgailuan topatu dute. Terroristek auto baten aurka talka egin dute Pariseko ipar-ekialdean.
Atentatuaren hiru erasotzaileak atxilotzeko operazioa martxan jarri du Poliziak Reimsen. AFP albiste-agentziak jakinarazi duenez, Poliziak operazioa abiatu du Reimsen, Parisetik 129 bat kilometrora.
Erasoa
Gutxienez 12 pertsona (zortzi kazetari, bi polizia eta bi bisitari) hil dituzte Frantzian, Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren egoitzan izandako tiroketa batean, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Horrez gain, beste hogei lagun zauritu dira; horietako lau egoera kritikoan daude. Hildakoen artean Stephane Charbonnier astekariko zuzendaria eta Cabu, Tignous eta Wolinski marrazkilariak daude. Horiez gain, Bernard Maris Frantziako Bankuko Kontseilu Nagusiko kidea ere hildakoen artean dago.
Antza denez, hiru gizonezko, beltzez jantzita eta Kalashnikov fusilak eskuetan hartuta, aldizkariaren egoitzan sartu, eta tiroka hasi dira. Atentatuaren egileek ibilgailu batean ihes egin dute. Ordu batzuk geroago, Parisko XIX. barrutian aurkitu dute ibilgailua, tiroketa izan den auzotik gertu. Kotxeak aurreko beira apurtuta zuen. Poliziaren ustez, erasotzaileek istripua izan dute. Polizia zientifikoak ibilgailua miatu du, erasotzaileak identifikatzen saiatzeko.
Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak baieztatu duenez, indar polizial guztiak mobilizatu dituzte Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatua egin duten "hiru kriminalak neutralizatzeko".
"Bitarteko guztiak martxan jarri dira" horiek atxilotzeko eta "egin duten ekintza ankerrak merezi duen zigorrarekin zigortzeko", adierazi du Cazeneuvek François Hollande Frantziako presidenteak deitutako premiazko bileraren amaieran. Gobernuko krisi taldearen buru jarri dute Barne ministroa eta operazio antiterrorista koordinatzeko egitekoa izango du.
Aldizkari horren egoitzaren ondoan lan egiten duen kazetari batek azaldu duenez, tiroketaren egileek "profeta mendekatuko dugu" oihukatu dute.
Sare sozialetan zabaldu diren zenbait bideotan, tiroka ari diren bi pertsona ikusten dira.
Erasoa izan den unean bertan, Charlie Hebdo aldizkariaren Twitterreko kontu ofizialean azken mezu bat bota dute. Estatu Islamikoaren buruzagia agertzen da mezu horretan, 'aizu, nire desiorik onenak' esaldiarekin batera.
Frantziako presidentea aldizkariko egoitzara joan da. Hollanderen hitzetan, "inolako zalantzarik gabe, gaurkoa atentatu terrorista bat" izan da.
"Euren ideiak defendatzen zituzten kazetarien aurkako erasoa izan da. Poliziak aldizkariko langileak babesten saiatu dira, baina modu koldar batean hil dituzte", deitoratu du.
"Antzeko ekintzak gerta daitezkeen toki ezberdinetan babesa bermatzeko", ministroek bilera egingo dute gaur eguerdian. Alerta maila gorenera igo du Gobernuak, atentatu gehiago izateko arriskua dela eta.
Tiroketaren egileak harrapatu eta justiziaren aurrera eramango dituztela esan du Hollandek, eta arratsaldeko agerraldian batasunerako deia egin du, indarkeriari aurre egiteko "arma onena" dela iritzita.
Erreakzioak
Nazioarte mailan, Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako atentatuak gaitzespen ugari eragin ditu.
Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidentearen esanetan, gaurko erasoa "onartezina" da . "Europako herritarrak eta gizakiak garen heinean, denoi eragiten digun sarraskia da".
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, berriz, atentatua gaitzetsi du, eta "adierazpen eta prentsa askatasunaren" aurkako erasotzat jo du, "gizarte demokratikoaren bi oinarri horien aurkako erasoa" izan dela iritzita.
David Cameron lehen ministro britainiarrak atentatua gaitzetsi du eta gainera, prentsa askatasuna defendatu du. Azpimarratu duenez, Erresuma Batua Frantziaren ondoan egongo da terrorismoaren kontrako borrokan.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere bortizki gaitzetsi du erasoa eta, terrorismoaren mehatxuaren kontrako borrokan, lankidetzan jarraitzeko gogoa berretsi du.
Etxe Zuriak "ahalik eta modu indartsuenean" gaitzetsi du atentatua. "Frantziako agintariekin elkarlanean aritzeko prest gaude, ikerketan laguntzeko xedearekin", adierazi dute bertatik.
Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ere gaitzetsi du tiroketa, eta "elkartasuna" eta "atsekabea" adierazi die frantziarrei. Terrorismoaren aurkako alerta maila igo du Barne Ministerioak Pariseko atentatuaren ostean.
Elkarretaratze jendetsua Parisen
Milaka pertsona bildu dira, Frantziako Kazetarien Sindikatu Nazionalak (SNJ) deituta, Pariseko Errepublika plazan, Charlie Hebdo aldizkari satirikoak jasan duen eraso terrorista salatzeko eta biktimei elkartasuna adierazteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Dei komertzialek 9 digituko zenbakiak erabiliko dituzte 400 aurrizkiarekin
Gainera, bezeroaren arretarako deiak soilik horretarako berariaz esleitutako zenbaki laburretatik, doako tarteetatik (800 eta 900) edo zenbaki geografikoetatik egin ahal izango dira.
Ura entxufeetatik eta etxeak ibai bihurtuta: hori eragin du Leonardo borraskak Cadizen
Leonardo borraskak Andaluzia kolpatzen jarraitzen du, eta eguraldi iragarpenaren arabera, giro ezegonkorrak segida izango du asteburuan ere. Izan ere, Grazalemako etxebizitza askotan ura entxufeetatik atera da.
Leonardo borraskak Andaluzia astintzen jarraitzen du eta 3.500 pertsona baino gehiago atera dituzte etxetik
Pasa den astelehenean Leonardo borraska Andaluziara iritsi zenetik, larrialdi zerbitzuek 2.231 intzidentzia baino gehiago kudeatu dituzte, eta Malagako Sayalonga udalerrian ibaira erori zen emakumearen bila jarraitzen dute. Grazalema udalerrian (Cadiz), esaterako, metro koadroko 575,3 litro pilatu dira 24 ordutan.
Hainbat kilometroko auto-ilarak Avanzadan, Leioa parean, hainbat ibilgailuk talka egin ostean
Trafiko-istripu batek zirkulazio-arazo handiak eragin ditu BI-637 errepidean, Avanzada tartean, Leioa parean, Erandiorako bidean.
Minbizia ez da borroka bat, ez da gerra bat
Minbizia borroka gisa definitzen da askotan, hizkera belikoa erabiltzen da, eta borroka hori irabazteko ardura pazienteari ematen zaio. Gaixoaren jarreran eta borondatean egiten da azpimarra, baina, hainbat ikerketa psikologikoren arabera, pentsamendu hori ez da batere egokia eta gaixotasuna gainditzea zaildu ere egiten du.
Herritarrak etxetik ateratzen hasi dira Grazaleman, azken orduotako uholdeak direla eta
Grazalema udalerriko (Cadiz) Ribera de Gaidovar inguruko bizilagunak etxetik ateratzen ari dira. Fresnillo presatik oso gertu bizi dira, eta ur-maila oso altua da han. Azken orduotan, metro koadroko 478 litro ur pilatu dira. "Alerta gorena" ezarri dute.
Telegrameko sortzaileak Sanchezen aurka egin du, sare sozialen plana dela eta: "Kontrolerako urratsak dira"
Mezua igorri die Estatu Espainiarreko erabiltzaileei, ohartaraziz Pedro Sanchezek atzo iragarritako neurriek "zaintzapeko estatu" bihur dezaketela Espainia, "babesaren aitzakian".
Arratiako Koruak 75 urte bete ditu santa eskean
1951n sortu zen, Artea eta Areatzan zeuden abesbatza bana batu zirenean, eta ordutik ez du inoiz hutsik egin otsailaren 4an. Bizkaiko hainbat herritan abestu ondoren, hiriburuan aritzen dira kantuan, azken urteetan bezala, Caritas elkartearentzat dirua biltzen.
Mouliaak Errejonen aurkako salaketa erretiratu du "osasun arrazoiengatik", baina ez du akusazioetan atzera egin
Herri-akusazioak bere horretan jarraitzen du "biktimaren eskubideak" babesteko. Bestalde, diputatu ohiak aktorearen kontrako kereilarekin jarraituko du.
Bideo bat zabaldu dute Iker Aranari foam bala batekin tiro egiteagatik ikertutako ertzainaren bertsioa gezurtatzeko
Justizia Aranarentzat plataformak bideo bat argitaratu du, ertzaintzaren abokatuak auzia artxibatzea eskatu ondoren. Iker Arana gazteak salaketa jarri zuen barrabil bat galtzeagatik Bilboko Etxarri Gaztetxea utzarazteko operazioan ertzainek tiro egin ostean.