.EUS domeinua duten atarietan euskararen erabilera % 88koa da
2014an jarri zen abian .EUS domeinua. Marka horrek Interneten izan duen barneratze maila eta euskarak Interneten duen presentzia aztertzeko jaio da orain PuntuEUS Behatokia. Euskararen osasun digitala neurtzea eta indartzea da xedea.
Dagoeneko, eskuartean dituzte lehen ondorioak: 4.450 atari daude .EUS domeinuarekin erregistratuta, % 10 Euskal Herritik kanpo. Euskal Herrian dauden webgune guztiak kontuan hartuta, horietan euskarak duen batez besteko presentzia % 17koa da. .EUS domeinua duten atariei erreparatuta, berriz, euskararen erabilera % 88koa da. Lurraldeka, euskararen mapa soziolinguistikoaren ispilu da .EUS domeinuaren banaketa geografikoa; Gipuzkoan eta Bizkaian daude erregistratuta atari gehienak.
Batez ere, enpresak dira, arlo guztietakoak, .EUSen alde egiten ari direnak; nazioartean identitatea adierazten du, eta euskal enpresek duten kalitate irizpidea indartzeko balio duela ondorioztatu du Behatokiak.
Josu Waliño Pizarro (Zumaia, 1972) da PuntuEUS Fundazioa erakundeko zuzendaria. Behatokiaren lehen ondorioak aletu eta xehatu ditu eitb.eus-entzat.

Josu Waliño, PuntuEUS Fundazioko zuzendaria (Argazkia: Arnaitz Rubio)
Euskarak Interneten duen lekua aztertzera dator PuntuEUS Behatokia. Osasuntsu al dago euskara Interneten?
Ondorio asko atera daitezke Behatokiaren datuei erreparatuta, eta estatistika guztietan bezala, irakurketak ere alda daitezke begiradaren arabera. Baina, orokorrean, esan daiteke euskara Interneten osasuntsu dagoela, komunitate digital oso aktiboa duelako, euskarak webgune esanguratsuenetan presentzia ona duelako eta, orain, gainera, euskara Interneten babestu, indartu eta sustatzen duen domeinu propioa izatearen abantaila duelako. Aldagai horiek kontuan hartuta, euskara osasuntsu dagoela esan daiteke, baina oraindik ere lan asko dago egiteko, inguratzen gaituzten hizkuntzak erraldoiak direlako.
.EUS domeinuaren banaketa geografikoari erreparatuta, munduan onarpen zabala duela nabarmendu duzue.
Bai, azken finean, .EUS ez delako eremu geografiko bati dagokion domeinua, komunitate linguistiko bati dagokiona baizik. Komunitate horren muina Euskal Herrian kokatuta egon arren, .EUS mundu osoan erregistratzeko aukera dago, eta gure datuen arabera, erregistroen % 10 Euskal Herritik kanpoan egin da. Onarpena zabala dela diogu, gure komunitateko kide izan nahi duten webguneek osatzen dutelako % 10 hori: euskal komunitatearekin bere hizkuntzan hitz egin nahi duten enpresak, Euskal Herrian saldu nahi duten merkataritza-guneak, edo Twitter bezalako Interneteko proiektu handiak, adibidez. Garrantzitsua da ikustea kanpokoek gure hizkuntza aintzat hartzen dutela gure komunitatearekin komunikatzeko garaian, eta .EUS domeinua erabiltzen dute horretarako, ikur gisa.
Euskal Herrira begiratuta, eta .EUSen erregistroak kontuan hartuta, desoreka nabarmenak lurralde batetik bestera. Zein da horren arrazoia?
Guk esan ohi dugu .EUSen banaketa geografikoa modu demografikoan baino gehiago modu soziolinguistikoan irakur daitekeela. Azken finean, lurraldeen arteko desoreka linguistikoa .EUS domeinuaren erregistroen banaketa geografikoan adierazita ikus daiteke. Baina datu honek tresna bat ematen digu desoreka hori hausten saiatzeko, eta espero dugu alor honetan ere, pixkanaka, oreka handiagoa lortzen joatea.

Tipologiari dagokionez, batez ere, enpresak dira PuntuEUS domeinuaren alde egin dutenak: zein motatako enpresak?, zein lan-esparrutakoak?
Interneten presentzia handien duten entitateak enpresak dira kasu guztietan. Enpresek dituzte webgune gehien, haiek dute presentzia digital handiena, eta PuntuEUSen kasuan ere, beste hainbeste gertatzen da, domeinuaren hazkunde-tasa handiena enpresen arlokoa delarik. Era guztietako enpresek erabiltzen dute .EUS domeinua: merkatari txikiek zein enpresa handiek. Enpresentzat, .EUS domeinua aukera bat da, merkatura eta bezeroengana gerturatzen dituelako haien komunitateko kide moduan identifikatzen baitira; hizkuntza partekatzen dute, eta horrek gertutasun erlazioa sortzen du. Kanpotik datozen enpresak berehala ohartu dira horretaz, eta asko baliatzen dute hori. Kanpoan aritzen diren euskal enpresentzat, berriz, .EUSek identitatea adierazten du, eta nazioartean euskal enpresek duten kalitate irizpidea indartzeko balio du, lehiakortasun faktore bat gehituz. Indargunea da .EUS enpresentzat, zalantzarik gabe.

.EUS domeinua duten atarietan, zein da euskarak duen lekua?
Behatokiak, gure ustez, oso esanguratsua den datu bat azaleratu du: Euskal Herrian dauden webguneak kontuan hartuta, euskarak duen batez besteko presentzia % 17koa da. Datu hau nahiko gertu dago euskararen kale erabilerarekin, azken azterketen arabera % 13koa baita. Baina, gure kasuan, .EUS domeinua erabiltzen duten webguneei soilik begiratzen badiegu, euskara erabiltzen duten webguneen proportzioa % 88koa da. Alde izugarria da gainerako domeinuekin alderatuta, besteetan % 20tik behera baitago euskarazko webgune kopurua. Horrek adierazten du .EUSek euskararentzat toki propioa eraikitzen duela Interneten, arnasgune digital bat sortuz. Internetek duen zabaltasunean euskara ez galtzeko modua da domeinuak webgune hauentzat indargune propioa sortzea, eta horrek eragin zuzena du euskararen osasun digitalean.

Euskarazko edukia duten webguneen dentsitatearen banaketa geografikoari dagokionez ere, desoreka nabarmena euskal lurraldeen artean.
Behatokiak egindako ekarpen nagusietarikoa horixe izan da, euskarak Interneten duen presentzia neurtzea, eta, gainera, Euskal Herriko mapan kokatzea presentzia hori. Horretarako, Euskal Herrian erregistratutako .com, .net, .org eta gainerako domeinu nagusi guztietan euskarak duen presentzia neurtu dugu, eta hor ikusi da, beste behin ere, euskarak Interneten duen presentzia geografikoa euskararen mapa soziolinguistikoaren antzekoa dela; alegia, Interneten ere euskarak presentzia gehiago duela euskaldunagoak diren lurraldeetan. Errealitate hau datuetan oinarrituta ezagutzera ematea egoera zuzentzeko behar diren estrategiak diseinatzeko garaian lagungarria izango da.
.EUS domeinua abian jarri zenetik, euskararen presentzia handitzen ari al da Interneten? Joera aztertu al duzue?
Joera hori ez dugu aztertu, euskarak Interneten 2015ean duen egoera zehatza neurtzera mugatu garelako Behatokiarekin. Dena den, bizirik dagoen proiektua da Behatokia, eta gure asmoa da neurketa honek jarraipena izatea, Behatokiko datuak urtean behin gutxienez eguneratuz, horrela euskarak Interneten duen eboluzioa aztertu ahal izateko. Baina, zalantzarik gabe, .EUSek lagundu egin du euskararen presentzia hobetzen, euskararik ez zuten webgune askok euskarazko edukia gehitu dutelako .EUS domeinua eskuratu ahal izateko, eta sortzen ari diren webgune berri asko .EUS direlako. Esan bezala, .EUS euskararen presentzia digitala indartzeko tresna bat da.
Abenduan promozio berezia jarriko dugu abian, .EUS domeinua 5.000 erregistrora iristeko helburuarekin, eta domeinuen prezioa 9,95 euroan jarriko dugu horretarako. Horrekin ere, egoera hobetzen laguntzea espero dugu.

Domeinuaren kalitateari erreparatuta, nazioarte mailan aitortza jaso du . EUS domeinuak.
2012an ICANNek Interneteko domeinu berriak onartzeko prozesua ireki zuen. Prozesu horretan, 1.300 domeinu berri onartu ziren, tartean .EUS, eta une honetan horietako 800 inguru daude aktibo. Azterketa honek domeinu berri horien guztien webguneak aztertu ditu eta webgune hauek duten edukiaren araberako kalitate rankinga ezarri du, .EUS mundu mailan laugarren onena bezala ezarriz.
Horrek esan nahi du .EUS domeinua erabiltzen duten webguneek kalitate handia dutela, .EUS domeinua bizirik dagoen domeinua delako, erregistratzen diren domeinu-izenak erabili egiten direlako eta kalitatezko edukia sareratzeko erabiltzen delako. Beste domeinu batzuen kasuan ez da horrela izaten, eta saldutako domeinu-izenak spam egiteko edo beste erabilera batzuetarako izaten da. Hori ez da .EUSen kasua, eta kalitatezko domeinua izateak eragina du ondoren bilatzaileek domeinua tratatzeko garaian. Ondorioz, .EUS domeinua erabiltzea kalitate ikurra da Interneten eta bilatzaileek badakite hori.

Aurrera begira, zeintzuk dira .EUS Behatokiaren erronkak?
PuntuEUS Behatokia PuntuEUS Fundazioaren helburuak betetzeko ezinbesteko tresna bat gehiago da. Azken finean, gure helburua euskarak Interneten duen presentzia indartzea da, eta horretarako egoera zein den ezagutzetik abiatu behar gara. Ildo horretan, PuntuEUS Behatokia primerako tresna dugu egoeraren ezagutzan sakontzeko, datu horietan oinarrituta .EUS domeinuak lagunduko digulako euskararen osasun digitala indartzen eta orekatzen.
Zure interesekoa izan daiteke
Israelek "nazioarteko zuzenbidea urratu" duela salatu dute Iruñean
Elkarretaratzean, atxilotutako bi ekintzaileak askatzeko eta ontziei Gazara iristen eta laguntza humanitarioa ematen uzteko eskatu dute, besteak beste.
Putzu handiak egin dira Jundizko industrialdean euriteen ondorioz eta urak trenbidea zein errepideak hartu ditu
Iluntzean Gasteizen bota duen erauntsiak putzu ikaragarriak sortu ditu Jundizko industrialdean. Irun eta Madril lotzen dituen trenbideko zati bat urak hartu du. Industrialdeko errepideak ere hartu ditu urak, eta ibilgailuak kontu handiz igaro behar izan dute bertatik.
1.500 emakumek erasoak jasan dituzte Euskadin martxora arte, % 69,4k bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindakoak
Delitu motaren arabera sailkatuta, ugaritu egin da familia barruko indarkeria —ez ditu bikotekideak edo bikotekide ohiak kontuan hartzen—. Guztira, 298 biktima izan dira martxora arte, hau da, aurreko urtean baino % 11,6 gehiago, Emakumearen Euskal Erakundeak (Emakunde) bildutako datuen arabera.
Astelehenean epaituko dute Baionako bestetan Eric Courdyren hilketagatik auzipetutako Jerome Verin boxeolari ohia
2024ko uztailaren 11n, Baionako bestetan, Eric Courdyri eraso egin zion Jerome Verin boxeolari ohiak, eztabaida baten ostean, autobus geraleku batean. Sei egun koman eman ondoren hil zen Courdy.
Foruzaingoak aisiarako bederatzi lokal erregistratu ditu Iruñerriko bost udalerritan
Operazioan, 20 akta ireki dituzte, drogak konfiskatzeagatik, eta hiru pertsona salatu dituzte, erresistentzia eta desobedientzia egotzita, eta beste bi, debekatutako armak eramateagatik.
Muskizen piztutako sutearen ondorioz 40 familia urik eta gasik gabe daude
Udalak behin-behineko komun batzuk jarri dizkie kalean, eta kiroldegira joan behar dute garbitasunetarako. Oinarrizko zerbitzu horiek lehenbailehen berreskuratzeko, buru-belarri ari dira lanean. Sua garajean hasi zen, eta Ertzaintzak gertatukoa ikertzen jarraitzen du.
Astelehen honetan hasiko da Maialen Mazonen ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa
Hilaren 15era arte dago programatuta, eta herri epaimahaia osatuko duten herritarrak aukeratuta hasiko da. Akusazioek 45 urteko kartzela zigorra eskatzen dute ustezko hiltzailearentzat, Zigor Kodeak baimentzen duen zigorrik handiena.
Leon XIV.a aita santuak lehendakaria hartuko du Vatikanoan maiatzaren 13an
Egun horretan egingo den audientzia orokorrera gonbidatu du. Eusko Jaurlaritzaren arabera, balio handiko topaketa izango da, eta Euskadik nazioartean duen presentzia instituzionala indartuko du.
72 urteko mendizale bat hil da Serantesen
Bizkaiko mendiaren hegal batean aurkitu zuten hilda, hainbat orduz haren bila aritu ondoren.
Komunean kaka egiterakoan jarrera hobetzeko gailu bat diseinatu dute Iturgoiengo lau bizilagunek
Osasuna eta ergonomia uztartzen dituen ekimen berritzaile horren atzean Asier eta Iñigo Arabaolaza, Joseba Imaz eta Jose Antonio Lazcano daude; 'Naturpos' gailuaren sortzaileak. Oso sistema erraza erabiltzen du gailuak. Hankak altxarazten dizkio erabiltzaileari, nolabait gorputzaren jarrera naturala har dezan.