40.000 pertsona batu dira Altsasun, Nafarroako ikastolen aldeko festan
40.000 pertsona inguruk hartu dute parte gaur Nafarroa Oinez ikastolen jaian, Altsasun, Foruzaingoak eman dituen datuen arabera. 7.000 ibilgailu, 500 karabana eta autokarabana eta 85 autobus kontatu dituzte. Horri, trenez joandako jendea gehitu behar zaio.
Aurtengo Nafarroa Oinez antolatu duen Iñigo Aritza ikastolako ordezkariek "oso balorazio positiboa" egin dute. "Jende andana hurbildu da, elkartasuna sumatu dugu, uste genuena baino jende gehiago etorri da, gure espektatibak gainditu ditugu" esan du Jone Aretak. Antolatu dituzten ekitaldi guztiak arrakastatsuak izan direla esan dute eta area guztiak jendez lepo egon direla.
Iñigo Aritza Ikastolak 370 ikasle ditu eta Burundako lau herriri (Altsasuri, Urdiaini, Olaztiri eta Ziordiari) ematen die zerbitzua. Jaiari esker lortu duten dirua azpiegiturak berritzeko erabili nahi dute.
10:00etan inauguratu dute ofizialki ibilbidea. Iñigo Aritza Ikastolako ordezkarien, politikarien nahiz dozenaka lagunen aurrean, hasierako hitzak gaur Urdiainen zendu den 19 urteko gaztearentzat eta haren familiarentzat izan dituzte. Antolatzaileek esan dute saminduta daudela istripuarengatik eta ahalik eta modurik egokienean bizitzen saiatuko direla gaurko eguna.
2016an guardia zibil batzuekin izandako liskarrarengatik preso diren zazpi ikasle ohiak ere gogoan izan dituzte inaugurazio hitzaldian.
Ibai Iriarte Iñigo Aritza ikastolako zuzendariak "auzolanean jarraitzeko borondantea" agertu du, "gure seme-alabak gure hizkuntzan bizi ahalko diren toki bat sortzeko". Horretarako bakoitzak "bere ardura" duela gogorarazi du eta administrazioak ere ahal duena egin behar duela euskaldunak euskaraz bizi ahal izan daitezen.
Eneida Carreño, ikastolako lehendakariak euskarak gizartean duen garrantzia eta ikastolak haren zabalkundean egin duen lana nabarmendu du bere hitzaldian. Hartara, ikastola honen ibilbidean lehen harria jarri zuten gurasoak eta irakasleak gogoan izan ditu eskertza eta aitortza eginez.
Uxue Barkos Nafarroako presidentea ere irekiera ekitaldian izan da eta lana ez dela "gaur eta hemen bukatzen" adierazi du, aurrera jarraitzeko deia eginez. Euskara "altxorra" dela gogorarazi du, eta euskara "baztertzailea" dela uste dutenei aurre egiteko eskatu du.
Barkosez gain, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, Ana Ollo Harreman Instituzionaletarako kontseilaria eta Isabel Elizalde Nekazal Garapenerako kontseilaria ere izan dira bertan; baita Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Podemos eta I-Eko parlamentariak ere. Bertan izan dira, gainera, Aitor Esteban EAJko diputatua, Joseba Asiron eta Altsauko alkate Javier Ollo, besteak beste.
Datorren urtean, Tuterakoen txanda
Egunean zehar egin ohi diren omenaldien baitan, bere langilego guztia eskertu eta saritu du Iñigo Aritza ikastolak. Miren Uztarroz artistaren eskultura bana eman diete langileei eta horiek ikastolako kide izateaz "harro" daudela esan dute.
Nafarroako Ikastolen Federaziok, berriz, Pamiela argitaletxea saritu du azken urte hauetan euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik.
Eta, azkenik, Tuterako Argia ikastolako ordezkariei pasa diete hurrengo urteko Nafarroa Oinez antolatzeko lekukoa.
Ibilbide tradizionala eta 'alternatiboa'
Jarduerak 4,5 kilometroko zirkuitu batean antolatu dituzte, mendi eta baso artean. Halaber, ibilbide alternatibo bat ere izan da, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat eta gurpil-aulki bat behar dutenentzat. Motzagoa izan ibilbide hau, baina zirkuituko gune guztietan sartzeko aukera eman du.
Lau guneetan hainbat jarduera izan dira, musika, dantza… Besteak beste: Tximeleta, Zartako-k, Moonshine Wagon, Oihan Vega, Anita Paker, Demode Quartet, Amaren Alabak, Trikiteens eta Gauargi.
Aurten berritasun modura "Erronka" estreinatu dute, eta gune guztietan garatu da. Nafarroako ikastola guztietako taldeak lehiatu dira, kirol eta trebetasun probatan.
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, "oraingo honetan proposamen inklusiboa egitea izan da apustu handia. Ez dago ibilbidea soilik behar ezberdinei erantzuteko pentsatuta, baita seinaleak ere, panel eta adierazle mota guztiekin".
Eskaintza gastronomikoari dagokienez, 1.100 paella plater eman dituzte eta zeliakoentzako nahiz beganoentzako menuak izan dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Hainbat errei itxi dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan, luiziak eta ur putzuak direla eta
BI-630 errepidean errei bat itxi dute Karrantza parean, luizi bat izan baita. Halaber, lur-jausi bat izan da N-1 errepidean ere, Idiazabal parean, eta errei bat itxi behar izan dute. Hori guztia dela eta, Segurtasun Sailak arretaz gidatzea gomendatzen du.
Amaitu dira auto-ilarak BI-10 errepidean, Barakaldo parean bi ibilgailuk istripua izan ondoren
Ezbeharra 124. kilometroan gertatu da, Donostiarako noranzkoan, eta bost kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.
Albiste izango dira: Ibaien egoera, noiz atertuko du? eta greba Tubos Reunidosen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ibaiak oso beteta gauean, baina egoerak hobera egin du
Prezipitazio handien ondorioz, uholdeak izan dira hainbat tokitan, garajeetan eta etxebizitzetan, batez ere Butroe ibaiaren arroan. Marurin 36 auzokideri eragin die.
Harritzar bat zintzilik geratu da N-634 errepidearen gainaldean, Getaria parean
Eguerdia pasatxo zenean, tamaina handiko harri bat erori da mendian behera, baina burdinezko sareak eutsi egin ahal izan dio. Astearte goizean hasiko dituzte erretiratzeko lanak, eta bien bitartean, errepidea irekita dago.
Sei pertsona zauritu dira Faltzesen, beren autoa bidetik irten ostean
Zauritu guztiak ospitalera eraman dituzte eta ingresatuta geratu dira, pronostiko erreserbatuarekin. Horietako bost adin txikikoak dira.
Maila horian daude Abetxuko, Sangroniz eta Mungiako estazioak, uholde arriskuagatik
Euskalmetek jakinarazi duenez, datozen orduotan ere euria barra-barra egiten jarraituko du, ia etenik gabe, batez ere, Kantauri isurialdean.
Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean
Euriteen ondorioz, Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean, eta bertako Udalak autoak toki garaietara mugitzea gomendatu die herritarrei.
Nafarroak 4,7 milioi aktibatu ditu auto elektrikoaren erabilera bizkortzeko
"Tximista Auto" plan berriak ibilgailu bakoitzeko 5.500 eurorainoko laguntzak eta azpiegituretarako zuzeneko laguntza indartzen ditu.
Berriro ekin diote Bidasoa ibaira salto egin zuen gizonaren bilaketari
Antza, pertsona batek bi gizon ikusi ditu igande goizaldean ibilgailuak garbitzeko gune batean lapurreta egiten, Irunen, eta ertzainak heldu direnean, horietako batek uretara egin du salto; bestea, 31 urteko gizasemea, atxilotu egin dute.