Ikasleen % 22 atzerritar jatorrikoak dira Lehen Hezkuntzako sare publikoan
Jatorriz atzerritarrak diren ikasleen eskolatzearen inguruko errealitatea aztertzen duen lan bat kaleratu du astelehen honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskola-sistemari dagokionez, Lehen Hezkuntzako eskola publikoetan matrikulatutako ikasleen % 22,8 atzerritar jatorrikoak dira, eta, itunpekoetan, berriz, % 9,6.
Dena dela, sare publikoaren eta itunpeko zentroen arteko ezberdintasuna ez da hain nabaria Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH). Izan ere, nazioarteko herrialdeetan jaiotako ikasleak % 18 dira eskola publikoetan, eta itunpeko zentroetan, aldiz, % 11,6.
EAEko eskola-sisteman, jatorri atzerritarra daukaten ikasleak % 15,7 dira (Lehen Hezkuntzan % 16,4 eta DBHn % 14,6). Gauzak horrela, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban matrikulatutako ikasleetatik, 33.079 jatorri atzerritarra dute (21.227 Lehen Hezkuntzan eta 11.852 DBHn).
Araban matrikulatuta daude ikasle gehienak
Lurralde historikoei dagokienez, jatorriz atzerritarrak diren ikasle gehienak Araban matrikulatuta daude (% 25 Lehen Hezkuntzan eta % 20 DBHn), izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan % 15 dira. Lehen Hezkuntzan, jatorri atzerritarreko ikasleen % 84 sare publikoan dago matrikulatuta Araban. Datu hori % 68koa da Gipuzkoan, eta % 67koa Bizkaian.
Arabari dagokionez, Gasteizen eta Arabako Errioxan daude matrikulatuta atzerritar jatorriko ikasle gehien. Bizkaian, Bilboko erdigunean batez ere. Alabaina, Gipuzkoan, datu hori sakabanatuago dago, izan ere, jatorriz atzerritarrak diren ikasleak udalerri askotako eskoletan eta zentroetan matrikulatuta daude.
Sare publikoan ere ezberdintasun nabarmenak daude
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak goizean egindako agerraldian azaldu duenez, Inmigrazioaren Euskal Behatokiarekin batera egin dute azterlana. Ildo horretatik, sare publikoa osatzen duten zentroen artean ere ezberdintasunak daudela nabarmendu du.
Gauzak horrela, 280 zentro publiko inguruk (% 70) behar baino atzerritar jatorriko ikasle gutxiago dituztela esan du Uriartek, haien eremu demografikoa kontuan izanik. Gainera, euskal eskola-sistemaren parte diren eskola publikoen % 7,6k jatorri atzerritarra duten ikasleen erdia hartzen dituzte (% 50), eta beste % 8 zentrok ikasleen %30 eta % 40 artean.
Ildo horretatik, EAEko eskola-sisteman matrikulatuta dauden jatorri atzerritarreko ikasleen kopuruan berdintasuna lortzeko “irtenbide magikorik ez dagoela” azpimarratu du Hezkuntza Sailburuak. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak egindako lan honi esker “azterketa sakonagoa” egin daitekeela ziurtatu du, batik bat, eremu demografiko bakoitzean “neurri zehatzak” hartzeko balio dezakeena.
Proposamenak
Uriartek jakinarazi duenez, Hezkuntza Sailak hainbat “erronka eta lehentasun” identifikatu ditu, eskola mapan “kohesio eta ekitate handiagoa” lortzeko helburuarekin. Hezkuntza sailburuak aitortu duenez, horietako neurri batzuk martxan jarri dituzte jada, baina datozen hilabeteotan moldatu edo indartu egingo dituzte. Besteak beste, ondorengo erronkak ditu Hezkuntza Sailak: sarbidea aukera berdintasunean bermatzea, bizikidetza positiboa bultzatzea (eskola inklusiboa ardatz izanik), jatorri atzerritarreko ikasle iritsi berrien harrera egokia erraztea, aniztasunari ekitatez erantzuteko baliabideak egokitzea edota erakunde publikoen arteko ekintza koordinatua bultzatzea.
Hezkuntza jarduera jatorri atzerritarreko ikasleek dituzten berariazko premietara egokitzeko helburua du Jaurlaritzak. Hala, Hezkuntza Behar Berezietan emaitza altuenak dituzten 120 zentroak “lehenetsi” nahi ditu, Uriartek esan duenez, eta proiektu berritzaileak sustatuko ditu aniztasun soziokulturalik altuena duten ikastetxeetan. Jatorri atzerritarreko ikasle gehien eskolaratzen dituzten zentroak dira horiek, baita zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleak ere.
Gainera, ikasle berrien onarpenean legedia bermatzeko kontrol handiagoa ezarriko dute matrikulazio kanpainetan, desoreka handieneko zonaldeetan Udal Eskola Kontseiluak bultzatuko dituzte, eta ikasturtea hasita dagoenean, Euskadira iristen diren ikasleei zuzendutako eskolatze-osagarriko programa bultzatuko dute.
Zure interesekoa izan daiteke
EAEko Auzitegi Nagusiak bi egonkortze prozesu eten ditu C2 euskara maila eskatzeagatik
Zehazki, udal idazkari eta kontu-hartzaile postuetarako IVAPek emandako bi ebazpen utzi ditu bertan behera Auzitegiak. Eusko Jaurlaritza epaia aztertzen ari da kasazio helegitea aurkeztuko duen erabakitzeko.
Gasteizen bikote homosexual bati eraso egin zion adingabea atxilotu dute berriro, hiru gazte sastakatzeagatik
EITBk baieztatu duenez, 17 urteko gaztea kanporatzeko eskaera egin behar zuen Arabako Aldundiak. Atzo, bertan, epailearen aurrera eraman zuten, eta Eusko Jaurlaritzaren gazteentzako justizia zentro batean sartzea agindu zuen honek.
Pertsona bat hil da Arrasaten, bi ibilgailuren arteko istripu batean
GI-627 errepidean gertatu da ezbeharra, Aretxabaletarako noranzkoan. Errepidea itxita egon da errepidea garbitu bitartean, baina lanak amaitutakoan ireki dute.
Euskararen aldeko lasterketa igande eguerdian helduko da helmugara, Bilbora
2.750 kilometro egin eta lekukoa eskuz esku 3.436 aldiz pasatu ostean, Bizkaiko hiriburua harrapatuko du Korrikak. Bertan jakingo dugu nork idatzi duen 10 egunez lekuko barruan gordeta eraman duten mezua, egileak berak irakurriko baitu. AEKk festa erraldoia prestatu du 24. Korrikari amaiera emateko.
Deabruek sutan jarri dute Korrika Debagoienean barrena
Lekittoko Deabruak kale antzerki taldeak hartu du lekukoa Oñatitik Bergarara bidean, eta hankaz gora jarri dute ibilbidea su eta txinpartekin.
Ordu aldaketa: Bueltan da udako ordutegia
Martxoaren 28tik (larunbata) 29ra (igandea) bitarteko goizaldean, 02:00etan ordua aldatu egin beharko da, eta 03:00ak izango dira. Atseden hartzeko ordubete gutxiago egongo da. Egungo ordutegi ereduarekin jarraitzeko beharrak eztabaida sortzen du, batez ere bi arrazoi garrantzitsu direla eta: Osasuna eta energia kostua.
Israelgo taldeen aurkako partidak bertan behera uzteko eskatu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak Gasteizen
Ehunka lagun atera dira gaur Gasteizko kaleetara, Baskoniak Hapoel Tel Aviven aurka jokatu beharreko kanporaketa eta apirilaren 7an Maccabiren kontrakoa bertan behera uztea eskatzeko. Palestinarekin Elkartasuna plataformaren arabera, Israel “genozidioa zuritzeko” erabiltzen ari da saskibaloia, eta ez da nahikoa Buesa Arena hustea: Israelekin harreman guztiak etetea aldarrikatu dute, baita kirol arlokoak ere.
Santanderreko pasabidearen egoeraz jakinarazteko abisua jaso zuen 112ko kudeatzailea ikertuko dute
Erabaki horren helburua da langileari defentsarako eskubidea bermatzea, iturri judizialek azaldu dutenez.
Osasun Ministerioak erkidegoekin adostu du bitartekari bat izendatzea medikuen Greba Batzordearekin negoziatzeko
Sindikatuek eta Ministerioak zehaztu eta onartu beharko dute nor izango den bitartekari hori.
Medikuen grebak 300.000 pazienteri eragin die Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Protestaren ondorioz, gainera, Osakidetzako itxaron-zerrenda kirurgikoa 15 egun luzatu da, 67 egunera arte.