Indarkeria matxista
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Biktima baten kontakizuna egia dela baieztatzeko hainbat irizpide ezarri ditu Gorenak

Besteak beste, emakumeak gertatutakoa kontatzeko argitasuna, zehaztasuna, segurtasuna edo 'keinuen hizkuntza' kontuan hartzea aipatzen du auzitegiak.
Auzitegi Goreneko fatxada.
Auzitegi Gorena, EFEren artxiboko irudi batean.

Auzitegi Gorenak indarkeria matxistaren biktima baten kontakizuna egia dela baieztatzeko hainbat irizpide ezarri ditu epai batean.

Martxoaren 6ko data duen epaian, honakoak aipatzen ditu: emakumeak segurtasunez erantzutea fiskalak eta akusazioko zein defentsako abokatuen galdeei, gertakariak zehaztasunez kontatzea eta Auzitegiaren aurrean argitasunez eta seriotasunez mintzatzea, asmatutako kontakizun zantzuak aldetuta.

Era berean, biktimaren "keinuen hizkuntza" sendoa izatea. Auzitegiaren iritzian, elementu horrek "berebiziko garrantzia du", eta horretarako biktimak erasoa kontatzeko darabiltzan keinuei erreparatu behar diote epaileek. 

Halaber, kontakizunean kontraesanik eta hutsunerik ez izatea eta horrek gertakariekin bat egitea ere aintzat hartu behar da.

Gizonak aurkeztutako kasazio errekurtsoa baztertu du Vicente Magro Servet magistratuak. Palmako Auzitegiak 15 hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zion gizonari bikotekideari ohiko tratu txarrak emateagatik eta egun batean jotzeagatik. Kartzela zigorraz gain, bi urtez biktimarengandik 500 metro baino gutxiagora ez hurbiltzea eta berarekin ez komunikatzea ere ezarri zioten erasotzaileari.

Errekurtsoan tratu txarren larritasunaren maila jaistea eskatzen zuen gizonak, alkohola sarri kontsumitzen zuela argudiatuta. Gorenak ez du eskatutakoa onartu.

_______________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

3.000 pertsona inguru bildu ditu Osasun Bidasoak Irunen, kalitatezko osasun-zerbitzu publikoak eskatzeko

Bidasoako bizilagunek osasun publikoan premiazko hobekuntzak egin beharra daudela ohartarazi dute berriz ere larunbat honetan Irunen. Izan ere, Bidasoa Ospitalean eta eskualdeko lehen mailako arretako zentroetan kolapsoa izateko arriskua dagoela salatu dute. Deitzaileek gogora ekarri dutenez, duela urtebete 12.000 pertsona bildu ziren, pediatriako larrialdiak eta haur eta gazteen psikiatria zerbitzuaren itxiera salatzeko, eta egoerak ez duela hobera egin adierazi dute.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskararen aldeko aldarria goizean goizetik Iruñean, Euskaltzaleon Martxaren aurretik

Euskararen aldeko mobilizazio handia egingo da gaur Iruñean Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. 17:00etan hiru zutabe abiatuko dira hiriko hiru puntutatik, eta bakoitzak mezu bat eramango du: euskararen ofizialtasun osoa eskatu, hizkuntza politiketan jauzia emateko premia aldarrikatu, eta euskaltzaletasuna azpimarratzeko. Aurrez, hainbat ekintza daude martxan goizetik Nafarroako hiriburuan.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X