Indarkeria matxista Euskadin: datuen erradiografia
Maria Jose, Maguette, Noemi, Amagoia, Maria Teresa, Aintzane… Horratx Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken urteotan gizonek hildako emakumeetako batzuen izenak. Adin, jatorri eta klase sozial ezberdineko emakumezkoak denak ere, bakoitzak bere bizipen, nahi eta usteekin. Behinola, gizon matxista bat gurutzatu zen euren bidean, eta horrek, emakume izateagatik bakarrik, erail egin zituen. Badira izen gehiago, hamarnaka mila: Ane, Maria Eugenia, Almudena, Inmaculada, Nerea… Euren istorioak ez dira ezagunak, baina indarkeria matxistaren biktimak dira eurak ere, beren izenak urteko zenbaki potoloen atzean ezkutatuta geratzen diren arren.
Emakundera, Emakumearen Euskal Erakundera, jo dugu indarkeria matxistak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) utzitako estatistikak ezagutze aldera. Hilketa matxisten kasuan, 2002tik biltzen ditu Emakundek, baina betiere Genero Indarkeriaren Legearen kategorizazioaren arabera: alegia, bikotekideek, bikotekide ohiek edo nolabaiteko ahaidetasuna duten gizonezkoek hildako emakumeak bakarrik zenbatzen ditu. Kontaketa horretatik kanpo geratzen dira gizonezko ezezagunek egindako hilketa matxistak.
Horren arabera, 16 urte hauetan 44 emakumezko hil dituzte gizonek EAEn emakume izateagatik bakarrik. 2004 eta 2010 izan ziren urterik odoltsuenak: bosna emakume hil zituzten. Urteotan bakar batean ez da zorigaiztoko hilketarik izan (betiere Emakundek darabilen kategorizazio horren arabera): 2003an. Gainerakoetan, gutxienez emakume bat hil zuen gizonezko matxista batek.
Lau hiltzaileetatik hiru, bikotekidea edo bikotekide ohia
Hilketa matxista gehienak, % 73, bikotekideek edo bikotekide ohiek eginak dira. Gainerako % 27a, aitek, semeek, aitonek edo nebek egindako krimena matxistak dira. Bada beste datu aipagarririk: biktimen erdia baino gehiago (% 56,8) bere hiltzailearekin bizi zen.
44 biktimon batez besteko adina 47 urtekoa da, baina nabarmentzekoa da hildako emakumeen ia % 40k 35 urte baino gutxiago zituztela. Are, zerrenda beltz horretan bada adingabe bat. Santurtzin 2004an bikotekide ohiak hildako 16 urteko neskatoa.
Haurrak ere badira biktimen artean (ez daude arestian aipatutako 44 hildako horien artean, hori bai). Izan ere, gizonezko matxistak bikotekide edo bikotekide ohiari min egiteko erabiltzen dituzte sarri emakumeon seme-alabak. Horren adibide, 2016an Gasteizen izandako hilketa lazgarria: Leihotik behera botata, Alicia 17 hilabeteko neskatoa hil zuen gizonezko batek, horren ama ezagutu zuen egun berean. Hiru urte lehenago, 2013an, Yaisha 3 urteko umea hil zuen aitaordeak Barakaldon.
Estatistiketan azaltzen ez diren biktimak
Emakundek genero indarkeriaren legearen arabera zenbatzen ditu indarkeria matxistaren biktimak. Alegia, biktimak nolabaiteko familia harremana izan behar du hiltzailearekin, kopuru ofizialotan biltzeko. Estatistika horretatik kanpo geratzen dira gizonezko ezezagunek egindako hilketa matxistak. Feminicidio.net webgunearen arabera, 59 emakume hil dituzte 16 urte hauetan, kontaketa ofizialak jasotakoa baino 15 gehiago.
Denboran hurbilenetik hasita, iazko ekainean indarkeria zantzuak zituen Sophia Losche 28 urteko alemaniarren gorpua topatu zuten Asparrenako gasolindegi batean. Gerora jakin zenez, kamioilari batek Alemanian hartu zuen autostopean egiten ari zela. Emakumea hil ostean Arabako gasolindegi horretan utzi zuen hilotza.
2013an Bilbon gertatutako bi hilketa matxista izango dituzte askok buruan, kasuak hartu zuen sonagatik. Juan Carlos Aguilarrek, bere burua shaolin maisutzat zuenak, bi emakume hil zituen Bizkaiko hiriburuan zuen gimnasioan. Jennifer Rebolloren gorpua zatituta eta poltsetan sartua topatu zuten. Beste biktima, Ada Otuya, erietxean hil zen, hiru egun lehenago Aguilarrek emandako jipoiaren zauriak tarteko.
Azken urteotan ezezagun gizonezko batek hildako 15 emakume horietako hiru baino ez dira aipatutakoak. Espainiako Gobernuak urte hasieran iragarri zuen feminizio guztiak zenbatzeko asmoa, baina oraindik ez du zehaztu noiz ekingo dion.
Hilketen erdia baino gehiago (% 66) Bizkaian, biztanle gehien biltzen duen lurraldean, gertatu dira. EAEko beste bi lurraldeak alde dezentera ageri dira. Deigarria da zerrenda beltz horrek ez jarraitzea biztanleria-bolumenaren logika: Araba da hilketa matxista gehien dituen bigarren lurraldea (% 18 han izan dira), eta Gipuzkoa, hirugarren (% 13).
Hiriburuetan pilatzen dira hilketen kopuru handi bat (ia % 30), eta hiruren artean Bilbo da buru: 9 emakume hil dituzte 16 urte hauetan. Gasteizen, berriz, lau. Donostian ez dute emakume bakar bat hil 2002tik, betiere Emakunderen arabera.
Gainerako hilketa gehienak Bizkaiko hiri populatuenetan izan dira: Barakaldo (5), Basauri (3), Santurtzi (2), Getxo (1), Portugalete (1). Berdina gertatzen da Gipuzkoako herri handienekin: Irun, Errenteria edo Hernani (hilketa bana). Nolanahi ere, herri txikietan ere izan da krimen sexistarik: Mañuetan (286 biztanle) Asparrena (1.600 biztanle) Bakion (2.600 biztanle), berbarako.
Urtero, batez beste, 4.436 biktima
Hilketa da indarkeria matxistaren ondorio bortitzena, baina horretara heldu barik, askotarikoak bezain krudelak dira gizonezko matxistek emakumeei eragindako erasoak. Zehatzagoa da, kasu honetan, Emakundek darabilen kontaketa. Bikotekideek, bikotekide ohiek edo biktimarekin nolabaiteko ahaidetasun harremana duten gizonezkoek egindako erasoez gain, ezezagunek (familia eremutik kanpoko egileek) egindakoak ere zenbatzen baitu, sexu askatasunaren kontrako delituen baitan.
Emakundek 2008tik biltzen ditu datuak, Ertzaintzaren aurrean aurkeztutako salaketak oinarri hartuta. Kontuan hartu behar da indarkeria matxista kasuen ehuneko txiki bat bakarrik salatzen dela. Emakumezko batzuek ez dute euren erasotzailea inoiz salatzen. Gizarteak matxismoa erabat normalizatuta eta barneratuta duenez, maiz biktima ez da ohartzen indarkeria pairatzen ari denik; beste batzuetan, ohartuta ere, ez du salatzen, ondorioen beldur edo ingurukoen babes faltagatik. Zenbaitzuetan, indarkeriari ofizialak ez diren beste bide batzuetatik egiten diote aurre emakumeek (familian, emakumeen elkarteen bidez…)
Datuok, beraz, ez dute indarkeria matxistaren errealitatea guztiz erakusten. Dena dela, izotz mendiaren punta bakarrik balira ere, arazoaren larria agerian uzten dute.
Urterik urte gorabeherak egon badira ere, urtero biktima bihurtutako emakumeen kopurua 4.000-5.500en artean mugitu da azken 10 urteotan. 2008ko eta 2018ko datuak eskuan hartuta, hurrenez hurren, 4.717 eta 4.244 emakumek salatu zuten erasoren bat gizonezko baten eskutik. Bestela esanda, 13 eta 11 salaketa jaso zituzten egunero ertzain-etxeetan.
Azken 10 urteotako datuak, lurraldeka. Emakundeko datuekin eitb.eus-ek egindako grafikoa.

Kasu honetan ere, eraso gehienak bikotekideek edo bikotekide ohiek egindakoak dira. Adibide gisa hartutako bi urte horietan (2008-2018) salaketen % 70 inguru bikotearen esparruan izan ziren.
Lurraldeka, biztanleria-bolumenaren araberako proportzioan, Bizkaian salatzen dira eraso gehien. 2018ko datuak adibide gisa hartuta, esaterako, aurkeztutako 4.244 salaketa horietatik erdia baino gehiago Bizkaian aurkeztu ziren (2.310), herena pasatxo Gipuzkoan (1.282) eta, gainerakoa (% 15a), Araban.
2014tik beste datu bat ere biltzen du Emakundek: biktimizazio (salaketa kopurua) eta biktimen kopurua ezberdintzen ditu. Izan ere, askotan biktimizazio bat baino gehiago pairatzen dute emakumeek, erasoa behin baino gehiago jasan duten seinale. 2018an, esaterako, 5.315 biktimizazio erregistratu zituen Ertzaintzak, eta 4.244 biktima zenbatu. Hots, 4.244 emakume horietako batzuek behin baino gehiagotan salatu zuten euren erasotzailea.
Ezezagunek egindako eraso matxistei dagokienez, goranzko joera apala ikus daiteke azken urteetan. 2018an mota horretako delituren batengatik salaketa bat aurkeztu zen egunero. Tipologia zabala hartzen da kontuan kasu horretan: bortxaketak, sexu abusuak, sexu-jazarpena, prostituzio behartua, emakumeen salerosketa… Salaketen erdia sexu erasoengatik da.
Zure interesekoa izan daiteke
Laredon, euskal gazteen kontrako "ehiza" gertatzen ari dela diote hainbat euskal udatiarrek
Udalak gertakari isolatuak direla dioen arren, biktimek eta euren familiek uste dute, erasook soilik euskal herritarrei egiten dizkietela, euskal herritar izateagatik. Gazteen kontrako dozena bat erasotik gora zenbatu ditu poliziak uda honetan Kantabriako udalerrian.
8.000 hektarea kaltetu dira Huelvako sutean, eta 500 bizilagun inguru ebakuatu dituzte
Tirig (Castello) udalerrian ostiralean piztutako suak kontrolik gabe jarraitzen du, eta Cati herriko bizilagunak etxetik ateratzeko agindua eman du Generalitateak.
Eklipseek ikusmin handia piztu izan dute beti Euskal Herrian, baina segurtasunez ikusi behar dira
Orain mende bat ikusi zen azkenekoz eguzki eklipse oso bat Euskal Herrian. Zorionez, herritarren kontzientzia hobetu egin da. Eklipseak modu seguruan ikusteko betaurrekoak 1990eko hamarkadan agertu ziren.
Munduko bazterretatik etorri dira Euskadira, eklipsea ikustera
Estatu Batuetatik, Poloniatik, Herbehereetatik eta Alemaniatik, besteak beste, etorritako taldeek gure lurraldea aukeratu dute fenomenoa ikusteko.
Suhiltzaileek mendean hartu dute Elgeako mendilerroan piztutako baso sutea
Bart piztu dira garrak, ustez ekaitzaren ondorioz, tximista batek eragin duela uste baitute. Sutea kontrolpean hartu eta garrak itzali ondoren, suhiltzaileak gunea freskatzen geratu dira.
Bederatzi agentek kolpeak jaso dituzte igandean Araban eta Gipuzkoan izandako esku-hartzeetan
Segurtasun Sailak gertakariak gaitzetsi ditu, eta adierazi du "kezka handiz" ikusten duela poliziaren aurka indarkeria erabiltzea.
Dolumin mezu ugari, Oihane Mateos gogoan
Orain EITBren albiste zerbitzu digitaleko burua bart zendu da, eta zorigaiztoko albistea jaso eta berehala, erreskadan etorri dira samin agurrak.
Auto gidari bat hil da N-132 errepidean, Gasteizen, Lizarrarako noranzkoan
Istripua 12:30ean gertatu da, eta ibilgailuak txandaka bideratu dituzte tarte horretan, errepidea erabat garbitu arte.
Donostiak jendetza hartu du Aste Nagusiko lehen gauean
Pertsona ugari bildu dira Donostiako kaleetan Aste Nagusiaren lehen egunean jai giroaz gozatzeko. Su artifizialek ikusle ugari erakarri dituzte, eta zerua kolorez bete dute. Zezensuzkoak ere ilusioa eta dibertsioa piztu ditu, batez ere haur eta nerabeen artean.
Nola jakin daiteke noiz gertatuko den eklipse bat?
Astronomoek zehaztasunez kalkula dezakete noiz gertatuko den eklipse bat, Ilargiaren, Eguzkiaren eta Lurraren orbitak ikusita.