Zientzialarien arabera, datozen hilabeteetan beroak ohi baino 451.000 heriotza gehiago eragingo ditu
Herrialde kaltetuenak Nigeria, Sudan, Niger eta Txad izango lirateke. Iragarpenen arabera, 20 urte barru orain baino % 44 bero egun gehiago izango dira.
Lehorteak Afrikako herrialdeak astindu ditu, tartean, Somalia. Argazkia: EFE
Chicagoko Unibertsitateko Climate Impact Labek asteazken honetan egindako txosten baten arabera, El Niño muturreko fenomenoak eragindako beroaldiaren ondorioz 451.000 pertsona gehiago hil daitezke 2027ko otsailera bitartean.
Komunitate zientifikoaren aurreikuspenen arabera, munduko lurreko tenperaturak normalean baino 1,2º handiagoak izango dira datozen hilabeteetan, neurri handi batean aurtengo Super Niño dela eta.
Ezohiko beroak, iragarpenen arabera, 20 urte barru klima-aldaketak ekarriko dituen tenperatura altuenen antzekoak izango dira, eta urte arrunt batean espero zitekeena baino % 44 bero egun gehiago eragingo dituzte.
"Praktikan, El Niñok etorkizuna aurreratuko digu —bi hamarkada barru arte araua izango ez diren tenperaturak ekarriko ditu—, egokitzeko eta babesteko denbora izan baino lehen", aipatu du azterlanak.
Ikertzaileek uste dute ohi baino 451.000 lagun gehiago hil daitezkeela horren eraginez, eta ondorioak —batezbestekoaren gaineko tenperaturak eta beroarekin lotutako heriotzak, esaterako— 2027ko ekainera eta uztailera arte luzatuko direla.
Non eragingo ditu beroak hildako gehien?
Herrialde kaltetuenak Nigeria, Sudan, Niger eta Txad dira. Guztira, beroarekin lotutako 65.000 heriotza baino gehiago izan daitezke han; ondoren, Filipinak, Vietnam, Thailandia, Kanbodia eta Indonesia daude, guztira 40.000 heriotzarekin. Brasilen, berriz, 13.300 heriotza izan daitezke beroaren ondorioz bederatzi hilabete horietan.