Kalonjeen bigarren ate bat eta txanpon islamiar bat aurkitu dituzte Iruñeko katedralaren inguruko indusketetan
Ateak bi metroko altuera du gutxi gorabehera eta 1,40 metroko zabalera. Horrez gain, besteak beste, moneta islamiar bat ere topatu dute.
Iruñeko katedralaren atzealdean ari dira egiten Barbazan Apezpikuaren ingurabidearen indusketa lanak, eta aurkikuntza baten berri eman dute gaur. Hain zuzen ere, Kalonjeen bigarren ate bat aurkitu dute, iazkoa topatu zuten oinarriaren azpialdean eraikia.
Ate are zaharragoa da gaur aurkitutakoa. Eraikuntza ez dago osorik, zati bat kendu baitzioten goiko atea ireki zutenean, eta ez dago iaz aurkitutako atearekin hertsiki lerrokatuta, Barbazana dorrea eta Navarreriako Erdi Aroko harresi zaharra handitu zituztenean arazoak sortu baitziren bertan.
Ateak bi metro inguruko altuera du eta 1,40 metroko zabalera. Dorre berria altxatzeko, zapata "nabarmen" indartu zen. Ondorioz, ate zaharra erabiltzeari utzi zioten.
Esan bezala, Kalonjeen ateaz gain, aurkikuntza gehiago egin dituzte; tartean, erromatarren garaiko hainbat elementu (ontzi baten hondarrak eta hainbat txanpon). Egoera onean dagoen moneta islamiar bat ere topatu dute.
Adituen arabera, badirudi txanpona VIII-IX mendekoa dela. Lur geruza batean agertu da pieza, VI eta VIII mendeen artean sute handi bat gertatu zen inguruan.