Martxan da Beldur Barik bideo lehiaketa, aurten 10 urtetik gorako haur eta gazteentzat
Beldur Bariken kanpaina. Argazkia: EITB
Beldur Barik indarkeria matxistaren aurkako bideo-lehiaketaren 17. edizioan 10 urtetik gorako haurrek eta 20 urte arteko gazteek parte hartu ahal izango dute.
Horixe da aurtengo edizioak dakarren berritasun nagusia, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendariak Bilboko Urretxindorra ikastolan egin duen aurkezpenean jakitera eman duenez. Iazko irabazleak bertako ikasleak direlako egin dute han aurkezpena.
Elgarrestak esan du egitasmoaren helburu nagusia “gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea eta indarkeria hori erreproduzitzen duten jarrera, mezu eta kultura-adierazpenen aurrean jarrera kritikoa eta irmoa sustatzea” dela. Gazteekin lan egitea “lehentasuna” dela azpimarratu du, “batez ere egungo testuinguruan, non gazteek, batez ere ingurune digitalaren bidez, berdintasunaren aurkako eta indarkeria matxista hutsaltzen duten hainbeste mezu jasotzen dituzten”.
Horregatik, mezu horiei atea ixteko ahalegina egiteko eskatu dio “gizarte osoari”, eta aurreratu dute lehiaketan parte hartzeko adina 10 urtera (LH5 eta LH6).
Lehiaketan aurkezten diren lanek “Beldur Barik jarrera” islatu behar omen dute: “Indarkeria matxistaren formak identifikatu eta horien aurrean jarrera kritikoa erakutsi, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, askotarikoak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa adierazi”.
2026ko edizioa 10 eta 20 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago, eta hiru kategoria izango ditu, adinaren arabera: 1. kategoria: 10-11 urte; 2. kategoria: 12-15 urte; 3. kategoria: 16-20 urte.
Izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 22tik abenduaren 1era arte, eta lehiaketaren webgunearen bidez egin beharko da.
Kategoria bakoitzeko irabazleek 650 euroko sariak eskuratuko dituzte, eta publikoaren sariaren zein ikus-entzunezko lan onenaren sariaren irabazleek, 200€ eta liburu sorta bat.
Lan sarituak 2027ko urtarrilean egingo den Beldur Barik Topaketan ezagutzera emango dira, "indarkeria sexista eta matxistaren aurkako borrokan ari diren gazteen topagune" bilakatuko den ekitaldian.