Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bi emakumeri sexu-erasoa egin dietelakoan
Ertzaintzak 21 eta 20 urteko bi gizon atxilotu ditu, irailaren 1ean Arabako hiriburuko etxebizitza batean izandako gertakarietan parte hartzea egotzita. 44 eta 31 urteko emakumeak hara joan ziren, gazteek gauerako ostatua eskaini ostean.
Ertzaintzak 21 eta 20 urteko bi gizon atxilotu ditu irailaren 1eko gauean Gasteizko etxebizitza batean 44 eta 31 urteko bi emakumeri sexu-erasoa egitea egotzita. Atxilotuak guardiako epaitegiaren esku utzi dituzte.
Irailaren 1eko gauean izan ziren ikertutako gertakariak, baina Ertzaintzak egun batzuk geroago izan zuen gertatutakoaren berri, Gurutze Gorriko Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren abisu baten bidez.
Ikerketaren arabera, bi emakumeak gau hartan Gasteizko erdiguneko kale batean zeuden eta gaua igarotzeko ostatu bila ari ziren. Testuinguru horretan, bi mutil gaztek beren etxera joatea eskaini zieten.
Etxebizitzan zeudela, eta salatutako gertakarien arabera, bi gizonek sexu-erasoa egin zieten bi emakumeei.
Gertatutakoaren berri izan ondoren, Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen ustezko egileak identifikatzeko. Behin nor ziren jakinda, agenteek biak atxilotu zituzten astelehenean, ustezko sexu-eraso delitu bat egotzita.
Ertzaintzak hiru aldiz atxilotu edota ikertu ditu 21 eta 20 urteko bi gizonak, eta Gasteizko guardiako epaitegiaren esku utzi ditu.