Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Bizkaiko Foru Aldundiak, EEEk eta PreZerok osatutako aliantza publiko-pribatuak jarri du martxan proiektua. Gune berean egingo da prozesu osoa, hondakin organikoaren tratamendutik gas sarean injektatzeko prestatutako biometanoa lortzeraino.
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta bat inauguratu dute gaur Alonsotegin, Bizkaian. Biometano hori gas arruntaren sarean ipiniko dute eta 12.700 etxebizitzak urtebetean behar duten adina energia sortuko dute. Bereziki baliagarria da elektrifikatu ezin daitezkeen jardueretan.
Metabarri du izena plantak eta Artigasko Ekoparkean dago kokatuta. Bizkaiko Foru Aldundiak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta PreZerok osatutako aliantza publiko-pribatuak jarri du martxan proiektua, eta prozesu osoa espazio berean egingo duen lehen planta izango Espainiako Estatuan, hondakin organikoa jasotzen eta tratatzen denetik gas-sarean injektatzeko prestatutako biometanoa lortzen den arte.
Modu horretan, edukiontzi marroian utzitako hondakinak energia berriztagarrirako iturri bilakatuko dira. Azpiegiturak ekainean ekin zion probako faseari, eta hil honen amaieran hasiko da lehen hondakinak jasotzen, jarduerari era progresiboan ekiteko.
25 milioi euroko inbertsioa egin dute Metabarri abian jartzeko, eta horietatik 17 milioi baino gehiago Next Generation funtsetatik jaso dira. 8.300 bat metro koadroko azalera du plantak eta asmoa da edukiontzi marroiaren bidez materia organikoa gaika biltzeak datozen urteetarako aurreikusi den behar-hazkundeari erantzuna ematea.
Inaugurazio ekitaldian, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu du "Metabarrik oso ondo irudikatzen" duela eraiki nahi duten Bizkaia. "Hondakinak konpost bihurtzen, energia berriztagarria sortzen eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzen dien lurraldea. Planta honi esker, materia organikoa kantitate handian eraldatu ahal izango da, 50.000 tonaraino urtean, eta horrek erakusten du ekonomia zirkularra ez dela helburu soila: dagoeneko martxan jartzen ari garen errealitatea da", esan du.