LAPURDIKO KOSTALDEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik

Ikerketak Biarritz, Bidarte, Getaria, Donibane Lohizune, Urruña eta Hendaiako udalerriei eragiten die. Txosten tekniko batek ondorioztatu duenez, turismo handiko gune horietan hondakin-urak garbitzeko azpiegiturak ez daude prestatuta; ondorioz, ur zikinak araztu gabe itsasora isurtzen dira.

Biarritz-hondartza-urria-eguzkia-flickr

EITBren artxiboko irudia.

Euskal Hirigune Elkargoa eta Suez enpresa kudeatzailea auzipetu ditu Baionako Auzitegiko instrukzio-epaile batek, Lapurdiko kostaldeko sei udalerri nagusietan (Biarritz, Bidart, Getaria, Donibane Lohizune, Urruña eta Hendaia) ur zikinak araztu gabe eta legez kanpo itsasora isurtzeagatik.

Bi erakunde hauek dute Ipar Euskal Herriko uraren kudeaketaren ardura nagusia: alde batetik, Euskal Hirigune Elkargoak, eskualdeko 158 udalerriak biltzen dituen erakunde publikoak, zerbitzua bermatzeko eskumena du; bestetik, Suez multinazional frantziarrak, ura eta hondakinak arazteko munduko konpainia handienetako batek, azpiegitura horiek zuzenean gobernatzeko kontratua du.

Bada, Sud Ouest hedabideak aditzera eman duenez, ikerketa judizial bat zabaldu dute Lapurdiko kostaldeko ur zikinen tratamendua argitzeko. Gauza jakina da azken urteetan Ipar Euskal Herriko hondartza asko behin eta berriz itxi behar izan dituztela itsasertzera heldutako zikinkeriaren eta hondakinen ondorioz (tanpoiak, toallatxoak...).

Ikerketa horrek ondorioztatu du araztu gabeko ura eta zikinkeria hori guztia Euskal Hirigune Elkargoko sei udalerri horietako saneamendu-sistemaren bidez kudeatu zirela, eta isurketa horiek guztiz legez kanpokoak direla.

Arazoa azpiegituretan dago: turismo handiko guneak izanik, saneamendu-sareak ez daude hainbesteko kargara egokituta. Ondorioz, garbitu gabeko urak itsasora bideratzen dira araztu gabe, batez ere eurite handiko sasoietan eta sistemak gainezka egiten duenean.

Salaketaren nondik norakoak

Auzi honen erroak ezagutzeko 2021era egin behar dugu atzera, urte horretan jarri baitzuten salaketa Ingurumenaren Aldeko Elkarteen Kolektiboak eta Arrantzaren Sailarteko Batzordeak. Geroago, surflariak eta herritarrak ere batu ziren kexetara, hainbat lagun kutsatutako uretan bainatzeagatik gaixotu ostean.

Ikerketa Frantziako erakunde espezializatuen esku dago: Ingurumenaren eta Osasun Publikoaren Aurkako Erasoen Aurkako Bulego Nagusia, Frantziako Biodibertsitatearen Bulegoa eta Baionako Polizia Judiziala ari dira lanean kasua argitzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X