Klinika bateko erabiltzaile bat atxilotu dute, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutea piztea egotzita
Zaurituetako bat zainketa intentsiboetako unitatean dago. Bederatzi lagunek ospitaleratuta jarraitzen dute eta hamargarren bat behaketan daukate. Berrogeita hamar bat paziente beste toki batera eraman dituzte gaua pasatzera.
Egoitzako irudia. Argazkia: Europa Press
56 urteko emakume bat hil da eta 18 pertsona ospitalera eraman behar izan dituzte larunbat honetan, 20:55 aldera Iruñeko Aita Menni egoitza psikiatrikoko gela batean piztutako sute baten ondorioz.
Zaurituetako bat, 62 urteko gizonezkoa, zainketa intentsiboetako unitatean sartu behar izan dute, Osasun Saileko iturrien arabera. Horiek jakinarazi dutenez, artatu dituzten gainerako pertsonek ke-intoxikazio arina izan dute.
Bederazi pertsonak ospitalean jarraitzen dute, bi ospitaleratze psikiatrikoan eta zazpi ohiko ospitaleratzean. Gainera, pertsona batek Larrialdietako behaketan jarraitzen du, eta bere egoera egonkorra da.
Sutea dela eta, sei langile ere artatu zituzten ospitalean, eta, ondoren, alta eman zieten: 22 urteko gizon bat eta 28, 24, 25, 43 eta 33 urteko bost emakume dira.
50 paziente inguru beste toki batera eraman behar izan dituzte gaua pasatzera.
Nahita eragindako sutea
Espainiako Polizia Nazionalak bere gain hartu ditu izapideak, eta Iruñeko Udaltzaingoak operatiboan lagundu du. Oraindik ez dute jakitera eman zer dela eta piztu den sua. Nolanahi ere, Espainiako Polizia Nazionalak klinikaren erabiltzaile bat atxilotu du, sua nahita piztu duelakoan.
Lehen ikerketa egin ondoren, Polizia Nazionalak jakinarazi duenez, hipotesi nagusia da erabiltzaile horrek sutea eragin zuela klinika psikiatrikoko beheko solairuko gela batean.
Atxilotua ospitalean dago, poliziaren zaintzapean, agintaritza judizialaren erabakiaren zain.
Aita Menni klinika psikiatrikoa, Ahizpen ospitalea, erreferentziazko zentroa da Nafarroan gaixotasun mentalak dituzten pazienteak artatzeko.
Kosta egingo da klinikan normaltasuna berreskuratzea
Miryam Zabalza Nafarroako Ospitale Fundazioko zuzendari gerenteak adierazi duenez, sutea piztu zen solairua "suntsituta" geratu da, eta denbora beharko da normaltasunera itzultzeko, horretan "buru-belarri lanean" ari diren arren.
Klinikako sarrera nagusian, Zabalzak kazetariei esan die sutea piztu zen zero solairua kiskalita eta zigilatuta dagoela. 2. eta 3. solairuak, berriz, erabili ahal izango dira garbitu ondoren, eta 1. solairuari dagokionez, teknikariek 20:00etan ebaluatuko dute haren egoera.
"Ahal den neurrian normaltasuna berreskuratzen saiatuko gara, garbitu eta antolatu ahal dugun heinean", adierazi du. Klinika-egoitzak 221 plaza ditu baimenduta, eta une honetan 193 zeuden okupatuta.
Zabalzak esan duenez, eraikina berria zenez (urtarrilean inauguratu zuten), hogei gela hutsik zituzten, eta kaltetutako solairuetako egoiliar gehienak klinikan bertan birkokatu ahal izan dituzte. "Zorionez, guk geuk artatzeko moduan gaude, arreta psikiatrikoa, psikologikoa eta terapia behar baitute; horregatik bizi dira hemen".
Sutea gertatu den solairuan banakako 11 gela eta 3 gela bikoitz daude. 18 pertsona bizi ziren bertan, horietatik 16 Nafarroako Gobernuaren egonaldi ertaineko unitatean daude, eta bi, Fundazioak Zizurren duen egoitza-etxe batean.
Zabalzak ospitaleratutako pertsona guztiak lehenbailehen sendatzea desio duela nabarmendu du, eta mezu bat helarazi die: "Zuen zain gaude".