Donostia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Easo-Amarako Trenbide Zabaltzako hirigintza eraldatuko dute, 480 etxebizitza eta kirol ekipamenduekin

'Hiri-basoan bizi' proiektuari esker, etxebitza horietatik 216 babes sozialekoak izango dira eta 216 tasatuak. Gainera, 933 zuhaitz landatuko dituzte. Lanak 2030ean hasiko dira.

Iragarkia
18:00 - 20:00

JPAM City Makers talde kataluniarraren 'Hiri basoan bizi' proiektua hautatu dute Easo-Amarako Trenbide Zabaltzaren eraldaketa urbanistikoa garatzeko, Donostian aurreikusitako hiri-berroneratzeko operazio nagusietako bat. Ekimenak 480 etxebizitza eta kirol-ekipamendu aurreikusten ditu eremu horretan.

Proposamenak, jasotako herritarren ekarpenetatik abiatuta, lehiaketan ezarritako bi irizpide nagusietan lortu du baloraziorik altuena: 33 puntutik 33 herritarren eskaerak eta erakundeen beharrak integratzeari dagokionez, eta 15 puntutik 15 mugikortasunari dagokionez.

Amado Martin, Jorge Perea eta Samuel Llovet arkitektoek osatzen dute JPAM City Makers taldea. Balorazio teknikoak azpimarratu duenez, 'Hiri-basoan bizi' proiektua "gai izan da proposamen koherente beraren barruan programa, espazio publiko, mugikortasun, irisgarritasun eta hiri-funtzionamenduaren behar desberdinak integratzeko".

Askatutako espazioa eraldatzea

Aurkezpen ekitaldian, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuak azpimarratu duenez, Topoa lurperatzeak askatutako espazioa eraldatzea ahalbidetuko du proiektu berriak, eta "hainbat hamarkadatan hiriaren zati ezberdinak banandu dituzten oztopo fisiko nagusietako bat gainditzea".

Itxasok iragarri duenez, Topoaren geltoki zaharraren ordez, igerilekua izango duen kiroldegi bat eraikiko dute Easo plazaren erdian, "auzo horrekin geneukan zorra kitatuz".

Bestalde, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak azaldu duenez, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa Topoaren lurpeko pasagunea (4,2 kilometro eta hiru geltoki ditu lurpean) errematatzen eta azken instalazioak jartzen ari da. Horrela, 21.000 metro karratuko lurzorua libre geratuko da, horien gainean bizitegi-eraikinak eta espazio publikoak eraikitzeko.

Proiektuak Zabalgune erromantikoaren eta Amara Berriaren arteko hiri-lotura berri bat izateko bidean aurrera egitea ahalbidetuko du, orain arte trenbideek hartu duten espazioaren gainean hiri-ardatz handi bat osatuz.

Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak batera bultzatu dute lehiaketa, eta, horri esker, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketaren idazketan aurrera egin ahal izango da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X