Nelson David Morenoren aurka egitekoa zen bosgarren epaiketa bertan behera geratu da, aldeek akordioa lortuta
2021ean Bilbon gizon bat hiltzeagatik eta hari iruzurra egiteagatik epaitu behar zuten, baina herri-akusazioa, defentsa eta Ministerio Fiskala akordio batera heldu dira, eta akusatuak ontzat eman du.
Nelson David Morenoren aurkako epaiketa baten irudia. Artxiboko irudia: EFE
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak 18 urte, 9 hilabete eta egun bateko kartzela-zigorra ezarri dio Nelson David Morenori, 2021eko uztailean Bilbon gizon bat hiltzea eta hari iruzurra egitea egotzita. Datorren astelehenean zen hastekoa epaiketa, baina bertan behera geratu da, gaur aldeek akordioa itxi ondoren.
Epaia irmoa da, eta ostiral honetan ateak itxita egin den saioan eman du epaileak. Akusazio partikularrak, herri-akusazioak, defentsak eta Ministerio Fiskalak adostu dute akordioa, eta akusatuak ontzat eman du.
Ebazpenaren arabera, hilketaren ondoren, akusatuak biktimaren hainbat banku-txartel hartu zituen eta hainbat erosketa egiteko erabili zituen. Besteak beste, sakelako telefono bat eta ordulari bat erosi zituen.
2022tik, espetxean
Nelson David Moreno espetxean da 2022tik. 59 urteko zigorra ari da betetzen beste bi gizon hiltzeagatik eta hilketa saiakera batengatik
Batetik, 2021ean gizon bat hiltzeagatik eta beste bat hiltzen saiatzeagatik, 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, eta iazko abuztuan, berriz, 24ko kartzela ezarri zioten, beste gizon bat hiltzeagatik. Bi kasuetan, lapurreta delitua ere leporatu zioten.
Bestalde, beste bi urteko espetxera ere zigortu zuten, hilda zegoen gizon baten kreditu-txartelarekin hainbat eragiketa egiteagatik; dirua ateratzeaz gain, 6.300 eurorainoko erosketak egin zituen txartelarekin.
Gizon hura hilda aurkitu zuten bere etxebizitzan, baina indarkeria zantzurik ez zegoela eta, Bilboko epaitegi batek kasua artxibatzea erabaki zuen. Geroago, Auzitegi Konstituzionalak ikerketa berriro zabaltzeko agindu zuen.