Espetxera bidali dute Barakaldoko ikastetxe batean 20 egunean lau aldiz ustez lapurreta egin duen gizona
36 urteko gizonak 14 atxiloketa zituen aurretik, eta 36 eginbide ditu irekita Ertzaintzan, ikertu gisa.
Ertzaintzak 36 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiral goizean, Barakaldoko ikastetxe batean hainbat material elektroniko lapurtzea egotzita. Azken 20 egunetan lau aldiz atxilotu dute ikastetxe horretan lapurtzeagatik, eta epaileak espetxeratzeko agindu du.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atxilotua gauez sartzen zen eskola horretara, ate ugari behartuta, eta zentroko langile eta ikasleek erabiltzen zuten material informatikoa lapurtzen zuen.
Ertzaintzak ondo ezagutzen du ustezko lapurra. 14 aldiz atxilotu dute aurretik, eta 36 eginbide ditu irekita Ertzaintzan, ikertu gisa. Azken 20 egunetan bakarrik, lau aldiz atxilotu dute ikastetxe berean lapurtzea egotzita.
Atxilotzeko unean, ikastetxean lapurtutako hainbat objektu zeramatzan aldean. Dagoeneko itzuli dizkiete jabeei.
Atxilotua epailearen esku utzi dute gaur bertan, eta guardiako epaileak espetxeratzeko agindua eman du.