ALZHEIMERRAREN MUNDU EGUNA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek

Oraindik ez dago gaitza sendatzeko tratamendurik, baina frogatu dute bi farmako horiek gaixotasunaren bilakaerari galga jartzeko balio dutela. Oso garestiak dira eta Medikamentuen Ministerio arteko Batzordeak erabaki du sistema publikoan ez sartzea. Hego Euskal Herrian 44.000 bat pertsonak dute Alzheimerra, eta adituen arabera, 2050. urterako 120.000 baino gehiago izan daitezke.

Uste da 44.000 pertsona inguruk pairatzen dutela Alzheimerra EAEn eta Nafarroan. Argazkia: Pixabay

Alzheimerraren Nazioarteko Eguna da gaur, irailak 21. Hego Euskal Herrian 43.700 pertsonak dute gaixotasuna, oraindik sendabiderik ez duena. Aurten Medikamentuen Prezioen Ministerio arteko Batzordeak hartutako erabaki polemiko batek markatu du urteurrena. Izan ere, eritasuna geldiarazteko kapaz diren bi botika—Lecanemab y Donanemab— finantzazio publikotik kanpo uztea ebatzi du erakundeak. Gaixoen elkarteek eta neurologoek gizarte segurantzaren sisteman sartzeko eskatu dute ordutik.

Neurologiaren Espainiako Elkarteak nabarmendu duenez, sendagaiok azken 20 urteotako “mugarri” bilakatu dira, gaixotasunaren bilakaerari galga jartzeko kapaz direla frogatu baitute saiakera klinikoek. Gainera, Europako eta AEBko medikamentuen agentzien oniritzia lortu dute. Alzheimer eta beste dementzia batzuen Arabako elkarteak (Afaraba) ere eskaera bera egin du. Horren arabera, kostua ez ezik —pazienteko 24.000 euro balio du urtean— “gaixoen autonomia, parte hartzea eta bizi kalitatea luzatzeak dakarren giza eta gizarte balioa" ere kontuan hartu behar da.

Sendagai berrien auziaz gain, beste elementu hauek indartzeko eskatu du Afarabak: diagnostiko goiztiarra, ikerketa, farmakologikoak ez diren terapiak eta zaintzen dutenen garrantzia. 

Diagnostiko goiztiarra eta prebentzioa

Azken urteotan aurrerapen handiak izan dira diagnostikoan. Dena dela, lehen sintomak agertzetik gaitza atzematera batez beste bi urte baino gehiago igarotzen dira.

Eritasuna goizago harrapatzeak abantaila handiak ditu. Hala nola, etorkizuneko erabakiak aldez aurretik hartzeko informazio gehiago dute gaixoek, farmakologikoak ez diren terapiak planifikatzeko eta indartzeko edota botika egokienak aukeratzeko astia dago.

Prebentzioari dagokionez, erraz alda daitezkeen arrisku faktoreak daude, besteak beste, alkoholaren kontsumoa eta tabakoa erretzea. Jarduera fisikoa egiteak eta bizitza sozial aktiboa izateak ere gaixotasuna garatzearen arriskua gutxitzen dute. Adituen esanetan, prebentzioak % 40 murriztu lezake kasu berrien kopurua. 

Alzheimerra duten 44.000 pertsona inguru Hego Euskal Herrian

Ez dago erregistro ofizialik, baina uste da EAEn eta Nafarroan 44.000 bat pertsona daudela Alzheimerrak jota. 2050erako 120.000 pertsonara irits daiteke kopuru hori. Gaixotasunak neurri handiagoan eragiten die adinekoei (diagnostikatutakoen % 75ek 80 urte baino gehiago dituzte) eta oso modu esanguratsuan emakumeei, guztizkoaren ia hiru heren baitira.

Nazioarteko eguna dela eta, Alzheimerra eta beste Dementzia Batzuk Dituzten Pertsonen Familien Nafarroako Elkarteak (AFAN) Alzheimerraren Astea antolatu du beste urte batez. Iruñean eta Tuteran hainbat jarduera daude aurreikusita aste guztian zehar.

Bestalde, Osakidetzak ALZAIN izeneko tresna aurkeztu du, "proiektu aitzindaria", horren hitzetan. Erremintak errealitate areagotuko betaurrekoak erabiltzen ditu gaixoei eguneroko zereginetan autonomiari eusten laguntzeko. Tresnak erabiltzailea dagoen inguru horretan objektu birtual gainjarriak paratzen ditu, eta elementu birtual horiekin elkarreragiten den bitartean, sistemak argibideak ematen ditu, urratsez urrats, pertsona eguneroko bizitzako hainbat sekuentziaren bitartez gidatzeko. Proiektuaren lehen fasean, gosaria prestatzeko eta botikak hartzeko inguru birtualak garatu dira, eta pertsona osasuntsuengan probatu. Urte amaieran gaixoen, zaintzaileen eta beste profesionalen ekarpenekin osatuko dute. 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X