Hainbat estatuk Espainiako Gobernuaren aurka egin dute euskararen ofizialtasuna EBren bidez lotzen saiatzeagatik
Espainiak euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna Bruselara eramaten duen zortzigarren aldia izan da gaurkoa, baina oraingoz "ez da emaitzarik" izango, Thomas Byrne Europako Gaietarako ministroak onartu duenez.
EBko hainbat estatu kidek, besteak beste, Alemaniak, Suediak eta Lituaniak, ez dute begi onez ikusi Espainiako Gobernuak hartutako jokabidea, uste dutelako ez dela euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna Europar Batasunean zabaltzeko prozesuaren jarraipenarekin nahastu behar.
"Lituaniaren ustez, lotura hori ez da inolaz ere onargarria. Horregatik, bileran planteatuko dut gai hori", adierazi du Sigitas Mitjus Lituaniako Atzerri ministrordeak, Bruselan egindako Gai Orokorren Kontseilura iritsi denean.
Gunther Krichbaum Alemaniako Europarako Estatu idazkariak, bestalde, kritikatu du EBko zenbait estatu kidek —Espainiak, kasu— "exijentziak jartzea" Europan sartu nahi duten herrialdeei.
"Tamalez, ohitura txar hori zabaldu da. Gu ez gatoz bat jarrera horrekin", adierazi du Krichbaumek, eta "prozesua ez blokeatzea eta ez atzeratzea" eskatu du.
Azkenik, Jessica Rosencrantz Suediako Kanpo Arazoetako ministroa "prozesu serio" bat egitearen alde agertu da, Espainiako hiru hizkuntza ofizialak EB osoan onartzeak "benetan zer ekarriko duen aztertzeko". Zentzu horretan, gai hori EB zabaltzeko prozesutik bereiztea galdegin du.
"Oso argia izango naiz: alde batetik EBko estatuen kopurua zabaltzea dago; beste alde batetik, hizkuntzak. Pentsatzen dut gai horiek ez dutela lotuta egon behar", esan du Suediako ministroak.
Espainiak euskararen, katalanaren eta galizieraren ofizialtasuna Bruselara eramaten duen zortzigarren aldia izan da gaurkoa, baina oraingoz "ez da emaitzarik" izango, Thomas Byrne Irlandako Europako Gaietarako ministroak onartu duenez.