NBEren arabera, El Niño fenomeno meteorologikoa inoiz izan den handiena izan daiteke
Celeste Saulo, Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusia, ostegun honetan. Argazkia: EFE
El Niño fenomeno meteorologikoak 2027ra arte jarraituko du indartzen eta inoiz erregistratutako haindiena izan liteke; horren ondorioz, muturreko fenomeno meteorologikoen arriskua handituko litzateke datorren urtean, Munduko Meteorologia Erakundeak ostegun honetan jakinarazi duenez.
NBEren meteorologia-agentziako idazkari nagusi Celeste Saurok adierazi duenez, haien aurreikuspenen arabera, fenomenoak datorren urtean jarraitzeko % 100eko probabilitatea dago ia-ia, Ozeano Bareko uretan izandako tenperatura altuek bultzatuta.
Testuinguru horretan, Saulok lasaitasuna eta prebentzio-neurriak eskatu ditu fenomeno horren aurrean. Lehen zantzuak dagoeneko antzematen hasi dira, eta datozen hilabeteetan oso indartsuak izango dira, azaldu du. "El Niñok ez du zertan hondamendirako errezeta izan. Bizitzak salbatzeko eta bizibideak babesteko beharrezkoak diren aurreikuspenak eta aurrea hartzeko gaitasuna ditugu", adierazi du.
Ozeano gero eta beroagoa
Fenomeno naturala bada ere, eta klima-aldaketarekin zuzenean lotuta ez badago ere, ozeanoetako tenperaturen igoerak fenomenoa areagotu egin dezake.
"El Niño ikaragarri handia bihurtzen ari da gure begien aurrean. Zientziak ez du zalantzarik uzten: planeta esploratu gabeko uretan dago, eta ur horiek berotzen ari dira ", adierazi du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak.
Izan ere, Ozeano Bareko zenbait eremutan aurtengo El Niñon erregistratutako tenperaturek 2 ºC-tik gora gainditzen dituzte ohiko maila, erakundearen arabera.
Fenomenoa dagoeneko ondorioak izaten ari da laborantza tropikaletan, eta elikadura-krisi larria eragin du Erdialdeko Amerikako Korridore Lehorra deritzonean.
'Pultsua' munduko tenperaturetan
Pasarteak urte amaiera aldera joko du goia, eta datozen hilabeteetan munduko batez besteko tenperaturak igotzen lagunduko du.
"Normalean, El Niñoren pasarte baten ondoren, tenperatura globaletan pultsu bat antzematen dugu, aldi baterakoa bada ere", azaldu du Wilfran Moufouma-Okiak, Munduko Meteorologia Erakundearen klima-iragarpeneko zerbitzuen arduradunak, 2024ari, orain arte erregistratutako urterik beroenari, erreferentzia eginez.
Erakundeak adierazi du prestaketa-neurriak eta alerta goiztiarreko sistemak indartzen ari dela, herrialdeek aurrez neurriak hartu ahal izan ditzaten, hala nola lehorteari aurre egiteko erresistenteak diren laboreak erabiltzea zenbait eremutan.
Zure interesekoa izan daiteke
Giro nahasia ostiral honetan, asteburu lasai eta epel baten atarian
Alerta laranja ezarri dute ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik
Fronte hotz batek zaparradak eta tenperaturen beherakada ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdera