Laure Rodriguez, feminista musulmana: 'Feminismoa ez da soilik Mendebaldearena'
Eskuin-muturrak feminismoa jomugan jarri du eta bere mezua erraztasun handiz errotzen ari da berez matxista den gizartean. Gezurrak berehala zabaltzen dira sare sozialen bidez eta jada ez da ezer zalantzan jartzen. Desinformazio testuinguru honetan, Laure Rodriguez Quirogarekin elkartu gara, emakumeei eta islamari buruz hitz egiteko, aurreiritziak gainditzen hasi eta emakume musulmanen borroka feminista hobeto ezagutzeko.
Komunikatzailea, fotokazetaria, ekintzailea eta gizarte langilea da, feminista eta musulmana, askorentzat hori bateraezina bada ere. Hausnarketa prozesu sakon baten ondotik, islamera aldatzea erabaki zuen. Egun, EMUI EuroMed Unibertsitateko Berdintasuna eta Emakumea Saileko koordinatzailea da. Halaber, Feminismo Islamiarraren Nazioarteko Kongresuko zuzendariaren ondokoa da. 2017an, 'Falsos mitos de la mujer en el islam' ('Emakumeari buruzko mito faltsuak islamean') liburua argitaratu zuen, islama eta emakumeen harian sortu diren hainbat estereotipo eta zurrumurru gezurtatuz.
- 2018ko martxoaren 8ko greba feminista inflexio puntua izan zen emakumeen eskubideen aldeko borrokan Euskal Herrian. Iraultza feminista atzeraezina al da?
Iraultza feminista duela mende asko bilakatu zen atzeraezin. Badira feminismoak jada garaipen lortu duela esan dutenak, baina horrek emakumearen aurkako diskriminazioa eta dominazioa amaitzea ekarriko luke, eta, beraz, hori ez da egia.
Urratsak eman dira, bai. Baina atzerapausoak ere izan dira. Feminizidioa hor dago; terrorismo matxistari aurre egiteko aurrekontuak murriztu egiten dira; eta gure gorputzen hipesexualizazioa errealitate bat da. Krisi ekonomikoari aurre egiteko berdintasun politikari lotutako aurrekontuak murrizteak egiten du borroka feminista atzeraezina eta geldiezina izatea. Ez dugu atzerapausorik emango.
- Zein de borroka feministaren egoera herrialde musulmanetan? Hemen bezala, gero eta indar gehiago duen antolatutako mugimendua al da?
Borroka feminista mugimendu globala da, baina tokian toki jarduten du. Emakume musulmanak 200 herrialde baino gehiagotan bizi dira eta herrialde horietan bizi duten errealitatearen araberako agenda politikoak lantzen dituzte. Feminismoa ez da soilik Mendebaldearena.
XXI. mendean gaude eta oraindik gure ikuspuntua deskolonizatzeko beharra daukagu; izan ere, gure diskurtsoak eurozentristak dira. Autokritika egin behar dugu. Ulertu behar dugu sistema patriarkala indarrean dagoen edozein eremutan egongo direla emakumeak borrokan, beren eskubideak eta askatasuna aldarrikatzen.
- Eta Iran, Afganistan edo Saudi Arabia bezalako herrialdeetan, nolakoa da martxoaren 8a?
Emakumeok jasaten dugun eskubide urraketaren adibide gisa gogoratzen dute emakume musulmanek martxoaren 8a. Biktima gisa aurkezten gaituzte eta gure erasotzaileak –gizon musulmanak- erlijio patriarkal baten atzean babesten direla esaten da, edo hori da behintzat, jende askok uste duena eta zabaldu ohi den mezua.
Oso gutxitan aipatzen dira emakume musulmanak lortzen ari garena edo existitzen diren mugimenduak zeintzuk diren. Herrialde totalitarioetako adibideak jartzen dira, baina ez dira aipatzen estatu laikoetako kasuak. Honek zer pentsatu eman beharko liguke.
Afganistanen, martxoaren 8a jaieguna da, ez da laneguna, eta gure gizartean hori oraindik ez dugu lortu. Hala gertatzen da musulmantzat jotzen diren 57 herrialdeetatik hamabitan. Herrialde horietan Emakumearen Nazioarteko Egunean, emakumeek kaleak hartzen dituzte euren eskubideen defentsan. Herrialdearen edo eskualdearen arabera, egun horren helburua ezberdina da. Toki batzuetan izaera politikoa dauka, batez ere giza eskubideen urraketa nabarmenagoa den testuinguruetan; izan ere, toki batzuetan martxoaren 8an ekintzak egitea emakumeen bizitzak arriskuan jartzea suposatzen du. Pakistanen, Bangladeshen edo Bahreinen ekintzaile feministak jazarri egiten dituzte. Armak saltzen zaizkion Saudi Arabian, giza eskubideen aldeko ekintzaileak nahiz terroristak salbuespeneko zigor auzitegi berean epaitzen dituzte.
Irango egoera, berriz, apartekoa da eta elkarrizketa osoa beharko genuke kasu hori aztertzeko. Lehendabiziko ospakizuna 1922ko martxoaren 8an egin zuten. 'Jamiyat Peyk-e Sa`adat-e Nessvaan' izeneko emakumeen elkartea Rasht hirian bildu zen ateak itxita. 1928ko martxoaren 8an, 'Sazeman-e Bidariy-e Zanan' erakundeak etxe partikularretan bildu zen, oraingoan ere isilpean. 1979ko martxoaren 8a arte ez zen ospakizun gehiagorik egin. Urte horretan emakumeak kalera atera ziren Teheranen eta Irango beste hainbat hiritan, baina beloaren defendatzaileek indarkeriaz erantzun zieten protestei. Aurrerantzean eta 2000. urtera arte, martxoren 8a pribatuan ospatu zuten emakumeek.
- Hiru feminismo mota existitzen direla esaten duzu: feminismo arabiarra, musulmana eta islamista. Zergatik bereizketa hori?
Feminismoa bizitzeko modu bat da. Munduan egoteko eta harremanak izateko modu bat. Emakumeak gizonen menpe ez gaudenaren ideia praktikan jartzea da feminismoa. Feminista izateak sistemaren aurrean iraultzaile izatea eta diskriminatzen gaituen egitura hegemonikoa suntsitzeko borondatea izatea eskatzen du. Gure osasun fisikoa, mentala eta espirituala kaltetzen duen feminitate deformeari aurre egiten dio feminismoak.
Feminismo arabiarra XX. mende hasieran sortu zen, deskolonizazio prozesuei lotuta eta nortasun komun bat bilatzeko asmoz, hegemonia eurozuritik aldenduz. Badira arabiar musulmanak, baina baita juduak, kristauak edo ateoak ere. Feminismo musulmana 50-60ko hamarkadan jaio zen, oraingoan ere nortasun eraikuntzari lotutako prozesu baten baitan. Islamak emakumea diskriminatzen duela uste dute, baina, hala ere, ez diote musulman izateari uko egin nahi. 90eko hamarkadan, ostera, feminismo islamiarraren kontzeptua agertu zen. Islamak emakumeari kendu zaizkion eskubide legitimoak eskuratzeko balio duela defendatzen du.
- Mendebaldearen ikuspuntutik, emakume musulmanek zapalkuntza bikoitza jasaten duzue: emakume izateagatik eta musulman izateagatik. Baieztapen zuzena da hori?
Emakumeok opresio maila ezberdinak jasaten ditugu. Emakume izateagatik, arrazagatik eta musulman, lesbiana, trans, desgaitu edo gurasobakar izateagatik. Mendebaldeak demokratikotzat du bere burua, baina emakumeen askatasuna eta eskubideak bermatu gabe jarraitzen du. Mendebaldean emakume izateagatik hil eta bortxatu egiten gaituzte, esklabo gisa erabiltzen gaituzte, tratu txarrak ematen dizkigute eta baztertu egiten gaituzte.
Mendebaldeko gizarteek hausnarketa propioa egin beharko lukete eta kontzientzia demokratiko nahikorik sozializatu ez dugula onartu. Gure gizarteak pluralak dira, baina memoria historikoaren gabezia dago eta ez dugu ikusten nortasun monolitismo baten azpian bizitzen jarraitzen dugula. Mendebaldeko gizarteentzat etikoki edota moralki derrigorrezkoa izan beharko litzateke aniztasunaren ereduari heltzea, gizarte anitzak garelako.
- Emakume musulmana islamaren biktima denaren ustea ere oso zabalduta dago…
Emakumeen oinarrizko eskubideen urraketa nahiz emakumeen kontrako erasoak justifikatzeko erabiltzen dute askok islama. Areago, emakumeak doktrinatu egin gaituzte patriarkatuaren zaindari izateko, eta gure berrikusketak egin arren, tranpan erori eta matxismoa erreproduzitzen dugu.
Musulmana eta biktima kontzeptua lotzeak paternalismo kolonialari atea irekitzen dio. Emakume musulmanari ahotsa kentzen zaio eta askapen prozesua nola egin behar duen esaten zaio, musulmanak Sofiaren papera egiten egongo balira bezala Rousseauren obran.
- Koraneko hainbat aipuren itzulpenak aintzat hartuta, liburu sakratuak, besteak beste, gizonari emakumea zigortzeko ahalmena aitortzen dio eta emakumeak gizona sexualki saritu behar duela dio. Korana eta borroka feminista bateragarriak dira?
Korana patriarkatuaren kontrako mezua da. Horrela ulertzen dut nik Korana. Tratu txarrak edo emakumeak gizonaren menpe jartzeko edozein lotura mota bateraezina da printzipio islamiarrekin.
Itzulpenetan oinarritzen bagara –gehienak gizonezko ez musulmanek egin dituzte-, egia da. Koranak emakumeei tratu txarrak ematea ahalbidetzen du. Areago, agindu egiten du. Difamaziozko diskurtso hori 1595ean jaio zen Bernardo Perez de Chinchonen eskutik eta gaur egunera arte erreproduzitu da. Emakume musulmanek argumentu sendoekin gezurtatzen dute terrorismo matxistari ematen zaion karga jainkotiarra, baina emakume musulmanei ukatu egiten zaie Korana interpretatzeko aukera.
- Islama matxista ez bada, nork eta zergatik zabaltzen ditu islamari eta emakumeei buruzko mito faltsuak?
Emakumeei buruzko mitoak historikoki gizonek asmatu dituzte, musulmanak izan edo ez. Ezjakintasunak kontzeptu faltsuak eraikitzea ahalbidetzen du. Inork ez ditu zalantzan jartzen, ez dagoelako horretarako oinarri teorikorik.
"Errekonkista" inflexio puntua izan zen, musulmanei euren erreferentziako testuak eskuratzea galarazi zietelako. Halaber, pertsona ez musulmanak dokumentu horien jabe egin izanak, islamari buruzko kontzeptu faltsuak sortzeko interpretazioak egitea ekarri du, eta, ondorioz, bizipen koranikoa hedatu beharrean, teologia katolikotik hurbilago dauden ideiak zabaldu dira.
Historia aztertuz gero, ohartuko gara islamari buruzko imajinario kolektiboaren eraikuntzak 500 urte baino gehiago dituela. Ehunka urte horietan hiru mugarri izan dira. Lehendabizikoa, "Errekonkista" deitutako garaian eman zen. "Bestea-kanpoaldea" mitoa eraiki zuten orduan. Bigarren urratsa kolonizazio kristau-europarraren garaian eman zen; izan ere, islamari lotutako guztia Europako zibilizaziotik kanpo geratzen dela ulertzea ekarri baitzuen. Azkeneko mitoa, berriz, Golko Gerran eraiki zuten. Zibilizazioen arteko talkaren ideiaren baitan, islama Mendebaldearekin bateraezina den bizimodu eta bloke geopolitiko gisa aurkeztu zuten. Aipatzeko da hiru momentu historiko horietan interbentzio politiko eta militarrak erabili zituztela.
- Islamofobia ezkerreko sektore batzuetatik nahiz zenbait talde feministetatik bultzatu dela esan duzu inoiz.
Islamofobia gorrotoaren diskurtsoa da, eta diskurtso hori ez du soilik eskuinak babesten. Ezkerreko taldeetan, mugimendu feministetan eta LGTBI mugimenduetan ere sustatzen dira diskurtso islamofoboak, herritarren zati batek hartu duen kontzientzia askatasunerako eskubidea ukatzeko. Emakumearen askapena lortzeko bide bakarra ateismoa izango balitz bezala.
Eskuinak eta nortasun kristau-katolikoari lotuta dagoen nazionalismo monolitikoak estrategikoki diseinatutako ideiak daude diskurtso horietan. Duela bost mende abiarazi zuten musulmanen kanporatzea eta horrekin batera hasi zen nazio nortasun baztertzailearen diskurtsoa. Horrenbestez, islamari buruzko guztia "bestea-kanpoaldea" kontzeptuari lotzen zaio, islama gizartearen eta nortasunaren zati inklusiboa ere badela ulertu beharrean. Eta ideia hori gaur egun errepikatu egiten da, islama immigrazioari lotuta.
- "Ni ez naiz matxista eta berdintasunaren alde nago, baina…" Gizon bati hori esaten entzuten diozunean, zer pentsatzen duzu?
Harropuzkeria iruditzen zait gizon batek matxista ez dela esatea, testuinguru matxista baten hezi denean eta barneratuta dituen ideia hegemonikoak desagerrarazteko lanketarik egin ez duenean. Diskurtso feminista ikasi duten gizonak badira, baina oraindik ez dira gai izan diskurtso hori barneratzeko. Pribilegioei eta emakumearen ezagutza eta gorputzak inpunitate osoz erabiltzeari uko egitea kosta egiten da.
- Hamarkadak eta belaunaldi berriak beharko dira emakumeak pairatzen dituen gehiegikeriekin eta eskubide urraketarik behin betiko amaitzeko. Azkeneko helburua argi dago. Baina, epe laburrean, ze aldaketa ikusi nahiko zenuke?
Epe laburrean, herritarrok zerga bidez sostengatzen ditugun politika publikoetan benetako aldaketa ematen dela ikusi nahiko nuke. Prebentziorako eta babeserako erabiltzen diren aurrekontuetan murrizketarik ez egitea eta agintariek borondate politiko gehiago izatea. Terrorismo matxistak gorakada izan duen garaian, Berdintasun Ministerioak ezin dira itxi. Hezkuntzan inbertitu behar da, besteak beste, bortxaketaren kulturarekin amaitzeko. Helburua ezin da izan emakumeei erasoen aurrean nola defendatu behar diren irakastea; erasotzaile potentzialei emakumeak bortxatzea gaizki dagoela irakatsi behar zaie. Emakumeak babesik gabe gaude.
Horrez gain, epe laburrean, kontzientzia feministan beste aldaketa bat ematen dela ikusi nahiko nuke. Ildo horretan, Lorena Cabnal feminista komunitario indigenaren hitzak nire egingo ditut, "feministen arteko maitasuna" aldarrikatzeko. Feministon jakinduria pluralak azpimarratu eta gure diskurtso feministetan barneratuta dagoen arrazismo kolonialaren dekonstrukzioari ekitea gustatuko litzaidake. Subjektu politiko, pentsalari eta ekintzaile bilakatu behar gara, norbanako eta kolektibo gisa. Elkarrenganako maitasunetik eta errespetutik.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi errei itxi dituzte AP-68 autobidean, Zuia parean, Gasteizko noranzkoan kamioi batek istripua izan ondoren
Istripuaren ondorioz, kamioiak zama galdu du, eta gidaria Txagorritxu Ospitalera eraman dute. Errei bakarra dago irekita, eta, ondorioz, auto-ilarak sortu dira.
Albiste izango dira: hantabirusaren azken ordua, AEBk errefusatu egin du Iranen erantzuna eta Alejandro Gonzalez-Iñarritu Bilbon
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Milaka euskaltzaleren bultzadaz hasi dira gaur Senperen geroa eraikitzen
Urtero bezala, milaka euskaltzale bildu dira gaur Senpereko lakuaren bueltan, aurten helburu zehatz bat jomugan: Donapaleun lizeo berria izan dezaten laguntzea. Jai giroa izan da nagusi goizetik arratsera, baina aldarrikapenak ere izan du lekua.
Pertsona bat atxilotu, beste bat ikerketapean jarri eta hainbati espedientea ireki diete Gasteizko bi diskotekatan egindako kontroletan
Ertzaintzak bost arma zuri eta objektu arriskutsuak konfiskatu ditu gaur goizaldean bi diskotekatan ezarritako segurtasun-dispositiboetan egindako kontroletan.
Zumaiako flyschean harrapatuta geratu diren 40 bat lagun erreskatatu behar izan dituzte
Algorri hondartzan ez atzera eta ez aurrera geratu dira, mareak ezustean harrapatu baititu txangoa egiten ari zirenean.
"Manifestazio erraldoi batek" zaintza sistema eraldatzea eskatuko du 2027ko apirilaren 17an, Bilbon
Denon Bizitzak Erdigunean dinamikatik deitu du mobilizazioa. Izan ere, azaldu dutenez, oraindik ere badaude zaintza sistemaren "gabeziak" salatzeko nahikoa arrazoi, 2023ko azaroaren 30eko greba orokor feminista eragin zuten berberak, hain zuzen ere.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Gasteizko Alde Zaharrean botila hautsi batekin eraso egin baitu
Ertzaintzako kalez jantzitako patruila batek gizon bat atxilotu du Gasteizko Alde Zaharrean, beste bati botila hautsi baten lepoarekin erasotzea egotzita. Barne ikerketa abiatu dute poliziaren jarduna aztertzeko.
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, Arrotxapean emakume bati sexu-erasoa egiten saiatzea egotzita
Erasoa goizaldean gertatu da, Trinitarios inguruan, Iruñean. Hiru gaztek biktimaren oihuak entzun dituzte, eta horiek geldiarazi dute erasoa. Biktima sexu-erasoetarako protokoloari jarraituz artatu dute, eta atxilotua beharrezko izapideak betetakoan eramango dute epaile aurrera.
132 salaketa jarri dituzte Igorreko errugbi taldeak saldutako Gabonetako loteria txartelen auziagatik
Arratiko Zekorrak Rugby Taldeak onartu zuen 90.693 zenbakiaren partizipazio gehiegi saldu zituela, behar zuena baino 225 gehiago hain zuzen ere. Kaltetuek, hala ere, diote 286 direla kobratu gabeko txartelak, eta ia 2,8 milioi euroko zuloa dela hori.
Angelun bukatu da gaskoiaren aldeko lasterketa, 2.000 kilometro baino gehiago eginda
Apirilaren 30az geroztik, lekukoak bide luzea egin du eta milaka lagunek hartu dute parte lasterketan.