132 salaketa jarri dituzte Igorreko errugbi taldeak saldutako Gabonetako loteria txartelen auziagatik
Arratiko Zekorrak Rugby Taldeak onartu zuen 90.693 zenbakiaren partizipazio gehiegi saldu zituela, behar zuena baino 225 gehiago hain zuzen ere. Kaltetuek, hala ere, diote 286 direla kobratu gabeko txartelak, eta ia 2,8 milioi euroko zuloa dela hori.
Igorren saldutako loteria txartel sarituetako bat. Argazkia: EITB
Ertzaintzak 132 salaketa jaso ditu orain arte Igorreko Arratiko Zekorrak Rugby Taldearen Gabonetako loteria ez ordaintzeagatik. Salaketa guztiak atestatu berean ikertzen ari dira, ustezko iruzur delitu batengatik, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
Arratiko Zekorrak Rugby Taldeak onartu egin du 90693 zenbakiaren partizipazio gehiegi saldu zituela, "akats baten ondorioz"; behar baino 225 gehiago. Gabonetako loteriaren 3. saria egokitu zitzaion zenbaki horri, eta orain klubak ez du nahikoa dirurik saria kobratu ez duten saridunek eskatzen dizkioten 2,2 milioi euroak ordaintzeko.
Hala ere, kaltetuek egindako zenbaketaren arabera, 286 dira kobratu ez diren txartelak, hau da, ia 2,8 milioi euroko zorra izan beharko litzateke errugbi taldeak izango lukeena.
Klubaren zuzendaritzak azaldu duenez, asteartean konturatu ziren akatsaz, ordaintzeko dirua agortu zitzauenean. Txartel saritu bakoitzeko 10.000 euro ordaindu behar ditu klubak.
Guztira, 1.425 partizipazio saldu omen zituzten, 1.200 izan beharrean. 5 euroko txartelak saldu zituzten, eta erosleek txartel bakoitzeko 4 euro jokatu zituzten Gabonetako loterian eta 1 dohaintzan eman zioten klubari.
Kaltetuek batzar bat egin zuten ostegunean, aurrerantzean eman beharreko urratsak koordinatzeko eta dirua elkarrekin eskatzeko ekimen bateratu bat abiatzeko aukera aztertzeko. Oraingoz, 132 salaketa jarri dituzte.