Indarkeria matxista
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizon bat atxilotu dute Madrilen, kalean hilda agertu den emakume baten heriotzarekin zerikusia duelakoan

07:30 aldera gertatu da guztia, Carabanchel auzoan. Osasun-zerbitzuek emakumearen heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin, kolpe larriak baitzituen buruan. Ikerketak aurrera egin ahala, biktima bizi zen etxebizitzatik gertu gizon bat aurkitu dute agenteek, eta atxilotu egin dute, hilketa delitua egotzita. Genero-indarkeria kasu bat izan den ikertzen ari dira.

Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du larunbat honetan Madrilen, Carabanchelgo kale batean buruan kolpe bat zuela hilda agertu den emakume baten heriotzarekin zerikusia duelakoan.

07:30 aldera, Polizia Nazionalak abisu bat jaso du, emakume bat konorterik gabe eta bide publikoan etzanda aurkitu dutela ohartaraziz, Poliziak ohar batean zehaztu duenez.

Herritarrari Arreta Emateko Taldeko kideak bertaratu dira, eta osasun-zerbitzuak iritsi arte biktimaren ondoan egon dira, baina emakumearen heriotza baieztatu besterik ezin izan dute egin horiek.

Ikerketak aurrera egin ahala, agenteek gizon bat aurkitu dute biktima bizi zen etxebizitzan eta gertaeren lekutik gertu. Gizona atxilotu egin dute, giza hilketa delitu baten ustezko egile gisa.

Polizia Zientifikoaren Brigada Probintzialeko eta Giza Hilketen V. Taldeko Indarkeriazko Delituen Taldeko (DEVI) agenteak ere bertaratu dira, eta ikerketa beren gain hartu dute genero-indarkeriako kasua izan daitekeelakoan. 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan Gasteizko jaietan

Gasteizko nagusiek blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan. Jardunaldia 09:00etan hasi da, San Migel elizako Andre Maria Zuriaren kaperan egindako elizkizunarekin. Ondoren, beteranoek erroskillak eta ardo gozoa dastatu dituzte, elizako balkoia hartu eta hiriko zaindariari ohiko lore-eskaintza egin aurretik. Guztira, 300 blusa eta neska inguru bildu dira bertan. Ohorezko aurreskua egin ostean, eguneko protagonista nagusiak Artepan okindegira joan dira, txoripanez gozatzera, musika bandaren erritmora.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X