Maialen Mazon hiltzeagatik akusatutako gizonak biktimaren odol orbanak zituen arropetan
Ostiral honetan egin da Arabako Probintzia Auzitegian ustezko hiltzailearen aurkako epaiketaren bosgarren saioa. Auzipetuaren arroparen hainbat lagin aztertzeaz arduratu ziren Ertzaintzako bi adituk deklaratu dute gaur. Zehazki, haren galtzetan zegoen orban bat, eta alkandoran eta zapatiletan zituen orban batzuk ikertu dituzte, eta ondorioztatu dute odol orbanak zirela eta odol hori Mazonen DNArekin bat zetorrela.
Maialen Mazonen hilketaren epaiketa. Argazkia: EFE
Jaime R. akusatuak, 2023ko maiatzean Gasteizen Maialen Mazon emaztea labankadaz hiltzea egotzita epaitzen ari diren gizonak, biktimarenak ziren hainbat odol orban zituen arropetan.
Ostiral honetan egin da Arabako Probintzia Auzitegian gizon horren kontra herri epaimahaiarekin egiten ari diren epaiketaren 5. saioa. 45 urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskaltzak harentzat: 25 urte azpikeriaz eta ankerkeriaz hiltzeagatik, ahaidetasun- eta genero-astungarriekin; 8 urte abortu-delitu bakoitzeko (bikiez haurdun zegoen) eta 4 urte adingabea abandonatzeagatik. Defentsak absoluzioa eskatu du, buru nahasmendu iragankorra argudiatuta.
Krimena 2023ko maiatzaren 27ko arratsaldean gertatu zen, Arabako hiriburuko apartahotel batean, baina hurrengo egunera arte ez zuten horren berri izan. Bien bi urteko alaba (onik atera zen) amaren hilotzaren ondoan egon zen, bakarrik, 18 orduz.
Gaur auzipetuaren arroparen hainbat lagin aztertzeaz arduratu ziren Ertzaintzako bi adituk deklaratu dute. Zehazki, haren galtzetan zegoen orban bat eta alkandoran eta zapatiletan zituen bina ikertu, eta ondorioztatu dute odol orbanak zirela eta odol hori Mazonen DNArekin bat zetorrela.
Era berean, analisi toxikologikoen, zuntzen, azterketa genetikoen eta armen azterketen arduradunek azaldu dutenez, biktimak zituen zauriak "bateragarriak" ziren krimena gertatu zen apartahoteleko aiztoetako batekin, nahiz eta erabilitako arma ez zuten inoiz aurkitu.
Azterketek erakutsi dutenez, bestalde, biktimak alkohol tasa "altua" zuen odolean (1,55 gramo litroko), eta diazepama ere aurkitu zuten, dosi "erabat terapeutikoan", baliteke aurreko egunean hartutakoa izan izana.
Hilketaren unean, Jaime R. auzipetuak urruntze agindua zuen indarrean, eta genero indarkeria egotzita salatu zuten Valentziako Erkidegoan. Krimena izan baino egun gutxi batzuk lehenago iritsi ziren Valentziatik Gasteizera, eta han bizi izan ziren aurretik.
Mazon "muturreko arriskuko biktima" gisa agertzen zen genero indarkeria kasuen jarraipena egiteko Estatuko VioGen sisteman, baina Ertzaintzak "arrisku baxua" zuen biktima gisa kalifikatu zuen. Kasu horren ondorioz, Ertzaintzak aldatu egin zituen halako kasuetan jarduteko protokoloak.
Epaiketak datorren astean jarraituko du, adituen froga gehiagorekin, akusatuaren deklarazioarekin eta lau akusazioen (Fiskaltza, Maialen Mazonen familia, Adingabeen Kontseilua eta Clara Campoamor elkartea) eta defentsaren abokatuaren azken txostenekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Negu Gorriak GKEa, albiste faltsuen eta eskuin-muturraren gorrotoaren jomugan
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik