EHUk graduazio ekitaldi bateratua egingo du San Mamesen, ekainaren 12an
Ikasleek dagoeneko izena eman dezakete, doan. Halaber, ikasleen senide eta hurbilekoek arratsaldetik aurrera erosi ahalko dituzte sarrerak, 19 euroan, EHUren webgunean.
Lehen aldiz, Euskal Herriko Unibertsitateak graduko eta graduondoko ikasketen amaierako ekitaldi bateratua egingo du San Mamesen, ekainaren 12an.
Unibertsitate publikoak ostiral honetan zabaldutako ohar batean azaldu duenez, EHUn etapa bat amaitzen duten ikasle guztiek eta haien gertukoek ez ezik, publiko orokorrak ere parte hartu ahalko du.
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak adierazi duenez, "graduazio hutsa baino askoz gehiago izatea nahi dugu. Unibertsitate publikoaren, ezagutzaren, zientziaren eta gure ikasleekiko sentitzen dugun estimu eta harrotasunaren ospakizun itzela izango da".
Ikasleek ez dute ordaindu beharko, baina formulario bat bete beharko dute joan ahal izateko. Gainerakoek gaur 18:30etik aurrera erosiko ahalko dituzte sarrerak EHUren webgunean, 19 euroren truke.
Ekitaldi akademikoaz gain, musika, dibulgazio zientifikoa, emanaldiak eta sorpresa ugari izango dira, ikuskizun kolektibo handi gisa pentsatutako formatu batean. Bertan parte hartuko duten pertsona guztiak EHUko ikasle ohiak izango dira, unibertsitatearekin duten talentua eta lotura erakusteko.