Honela lehorreratuko dituzte 'MV Hondius' ontziko bidaiariak Kanarietan
Espainiako Osasun ministroak argitu duenez, ekipajearen zati bat eta hildako bidaiariaren gorpua ez dira Kanarietan lehorreratuko, eta tripulazioko kide batzuekin jarraituko dute ontzi barruan.
Granadillako portua, 'MV Hondius' ontziaren zain. Argazkia: EFE
Espainiako Osasun ministro Monica Garciaren hitzetan, MV Hondius ontzia igandeko 04:00ak eta 06:00ak bitartean iritsiko da Tenerifera (bertako ordua), eta Espainiako Estatuko bidaiariak izango dira lehorreratzen lehenak.
Fernando Grande-Marlaska Barne ministroarekin batera Moncloan eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, "aurreikusitako operatiboaren arabera, ontziak portuko dartsenan botako du aingura".
Garciak zehaztu du lehorreratu aurretik bidaiariei osasun azterketak egingo dizkietela, eta azterketa epidemiologikoa ere egingo diete, bidaiarien eta tripulatzaileen osasun egoera egiaztatzeko.
Ministroaren esanetan, "pixkanaka eta antolatuta" aterako dira bidaiariak ontzitik, eta espainiar herritarrak izango dira ontzitik irteten lehenak.
Babes-neurriak
Ministroak lehorreratu aurretik hartu beharreko babes-neurriak azpimarratu ditu, eta erantsi duenez, "bidaiari guztiak FP2 maskara batekin aterako dira, prebentzio-neurri gehigarri gisa".
Ekipajean ere murrizketak izango dituzte bidaiariek: "eskuko maleta txiki bat, dokumentazioa, sakelako telefonoa, kargagailua eta oinarrizko gauzak soilik eraman ahal izango dituzte".
Bestalde, Garciak argitu du "ekipajearen zati bat" eta hildako pertsonaren gorpua ez direla Kanarietan lehorreratuko, eta ontzian geratuko dira tripulazioko kide batzuekin batera.
Ministroaren hitzetan, ontzia Herbehereetara abiatuko da bidaiariak bertan utzi ondoren, eta "desinfektatzeko eta gainerako materiala kudeatzeko prozesu osoa Herbehereetan egingo dute, nazioarteko protokoloei jarraituz".
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera