GERTAKARIA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Gasteizko Alde Zaharrean botila hautsi batekin eraso egin baitu

Ertzaintzako kalez jantzitako patruila batek gizon bat atxilotu du Gasteizko Alde Zaharrean, beste bati botila hautsi baten lepoarekin erasotzea egotzita. Barne ikerketa abiatu dute poliziaren jarduna aztertzeko.

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu zuten larunbat goizaldean, lesio-delitu bat egotzita, Gasteizko Alde Zaharrean botila hautsi baten lepoarekin eraso  egin ostean.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakaria goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera izan zen. Abisu baten bidez jakin zuen Ertzaintzak bi gizon borrokan ari zirela. 

Kalez jantzitako patruila bat bertaratu zen, eta bi inplikatuak elkarri erasotzen ari zirela ikusi zuten. Une horretan, batek botila hautsi baten lepoa erabili zuen bestearen kontra egiteko, eta erasotzaileari aurre egiten saiatu zenean zauritu zen. 

Agenteek euren burua identifikatu ondoren, erasotzailea bestearengandik banatzen saiatu ziren. Eskuan zeukan oraindik botila hautsia. Mehatxuzko jarrera zuenez, ertzainetako batek arauzko arma atera, eta jarrera aldatzeko esan zion erasotzaileari. Botila lurrera bota zuenean, atxilotu egin zuten; biktima, berriz, ospitalean artatu behar izan zuten. 

Atxilotua, 24 urtekoa, ertzain-etxera eraman, eta epailearen esku utzi zuten beharrezko eginbideak bete ondoren.

Bestalde, inplikatutako beste gizona, 25 urtekoa, Arabako hiriburuko osasun-zentro batera eraman zuten.

Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Sailak ikerketa abiatu du, agenteen jarduna protokoloetan jasotakoaren araberakoa izan zen argitzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X