Emakunde: 'Argi dago gazteekin prebentzio-lanean jarraitu beharra dagoela'
Beldur Barik programak 10 urte bete ditu aurten, bere helburua ahaztu gabe, hau da, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko lanean, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatuz jendartea eraldatzen lagundu eta gizarte matxista berdintasunezko gizarte bihurtzeko.
Beldur Barik Lehiaketa programaren ekintza nagusietako bat da. 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neskek eta mutilek nola egiten dieten aurre ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.
Baina Beldur Barik ez da lehiaketa soil bat, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera azaldu behar baitute. Hau da, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa islatu behar dute. Beraz, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratzen da, nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa erakusten dutenak.
Josune Ortiz Atienza Emakundeko Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Arloko teknikariak eitb.eus-i jakinarazi dionez, datuek erakusten dute urtean-urtean lehiaketaren harrera ona handitzen doala.
Aldatu egin da gazteen ikuspuntua sexu-erasoei dagokienez?
"Beldur Barik Lehiaketan aurkezten diren lanek jorratzen dituzten gaiak kontuan hartuta, argi dago eboluzioa egon dela", azaldu du. "Hasierako urteetan batez ere indarkeria fisikoa lantzen zen, bereziki helduen bikote-harreman heterosexualetan izaten diren indarkeriaren adierazpideak, gazteak ez ziren heltzen euren arteko harremanetan izan daitezkeen indarkeria-motak identifikatzera".

Iazko sari banaketa. Argazkia: Emakunde
Gaur egun, landutako indarkeria sexisten artean, indarkeria psikologikoak du pisu nagusia, aurkezten diren 10 lanetik 8tan jorratzen baitira zeloak, kontrola, mehatxuak eta beldurra, bereziki bikote-harremanetan.
Kale-erasoak eta kalean ibiltzeko beldurra (sexu-izua), sexu-aniztasuna, edertasun-kanonak eta gorputzarekiko harremana gero eta lan gehiagotan lantzen dira.
"Bereziki azpimarratzekoa da 2016tik sexu-indarkeriak nabarmen egin duela gora", esan du. 2019ko lanetan jorratutako gaien artean, nesken ahalduntzea eta estereotipoak eta rolak gailentzen dira, eta indarkeriaren adierazpide ezberdinen aurrean, erantzukizun kolektiboa plazaratu da. Beraz, "ari da gazteen ikuspuntua aldatzen, bai", gaineratu du.
Zergatik da horren garrantzitsua gazteen ekarpena?
Estatistiken arabera, "argi dago gazteekin prebentzio-lanean jarraitu beharra dagoela", eta, horretarako, Beldur Barik bezalako programak behar-beharrezkoak dira.
Ortiz Atienzaren hitzetan, "neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei aurre egiteko dituzten adierazpideak aintzat hartu eta bultzatzen ditu, errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako jarrera azaleratuta, eta emakumeen kontrako indarkeria erabat baztertuta".
Beldur Barik urte osoko programa da, eta gazteekin hausnarketa- eta eztabaida-prozesuak zabaltzea du helburu, indarkeria sexistaren alde ezberdinak identifikatzen laguntzeari begira. Indarkeria sexistak aurpegi ugari ditu, eta norbanakoen eta talde mailako jarrerak transformatu nahi ditugu programaren bidez, Beldur Barik Jarrera bultzatuta.
Zerbait berezia egingo duzue hamar urte horiek ospatzeko?
"Aurtengo Topaketa Bilbon izango da, duela 10 urte izan zen toki berean. Eta ospatuko dugu eskerrak emanez urte hauetan guztietan programa posible egin duten guztiei", azaldu du.
Sariak ere inoiz baino gehiago izango dira, Emakundeko teknikariaren hitzetan: "Kategoria bakoitzean, 400 euroko sari bat banatuko da, ikus-entzunezko lana eta ikus-entzunezkoa ez den lana aurkezten dutenen artean. Horrez gain, herri-bozketaren bitartez parte-hartze saria emango da, 300 eurokoa. Baita ekoizpen artistikorik onena baloratzeko saria ere, 300 euroko saria emango duena".
391 lan jaso dira 2019an, bai ikus-entzunezkoak bai bestelakoak, eta 298 onartu dira. Kategoriaren arabera, 1. kategorian (12-13 urte) 45 lan onartu dira, 2. kategorian (14-18 urte) 189 lan, eta 3. kategorian (19-26 urte) 64 lan.
Aurten, gainera, hainbat berritasun sartu dira Lehiaketaren formatuan: euskarri digitalean aurkeztutako edozein adierazpen artistiko aurkeztu ahal izan da, ikus-entzunezkoa zein bestelakoa (argazkia, performancea, irudia...); kategoriak bi izatetik hiru izatera pasatu dira, gaztetxoen adin-tarte ebolutibora egokitzeko; eta bideoen gehienezko iraupena 5 minututik 3 minutura jaitsi da, bestelako euskarrien bidez jaso ahal izateko (Facebook edo Instagram, kasu).

Beldur Barikeko iazko Topaketaren kartela. Argazkia: Emakunde
10 urteotako ibilbidearen ebaluazioa egiten hasi dira jada, programa hobetu eta berriztatze aldera, bai formatuari, bai kudeaketa eta antolakuntzari, bai zabalkundeari begira.
Izan ere, Lehiaketa eta Topaketatik harago doa programa, "estrategia lokaletik globalera eta globaletik lokalera aritzen baikara, eta gazteekin euren elkarguneetan egiten dugu lan". Hori dela eta, "gero eta eragile gehiago ari dira programak bultzatzen duen prebentzio-lanean inplikatzen: arteen alorra, elkarteak, hezkuntza alorra (DBHko zentroak, Berritzeguneak eta unibertsitateak inplikatuta)", azaldu du.
Ortiz Atienzaren esanetan, "apurka-apurka euskal erakunde guztiak elkarrekin ari gara zeharkako lanean bestelako alor eta taldeekin batera, bai gazte sailak, bai udal gazteleku eta gazteguneak, bai mugimendu feminista".
Beldur Barik Emakundek antolatzen du, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen babesa du, baita erakunde hauen laguntza ere: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta EiTB. Egitasmoa 2009an sortu zen, berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan.
Zure interesekoa izan daiteke
Kontuz GPSarekin: A-8 barne, 6 errepidek izena aldatu dute Bizkaian
Une batez, gidariek eta nabigatzaileek izen berriei ohitu beharko diete. Garai bateko Hegoaldeko Saihesbideak BI-10 izena hartuko du, eta Txorierriko korridorea BI-30 izango da orain aurrerantzean.
Osakidetzak asteon bukatuko du iraungitako dosia jaso zuten pertsonen birtxertaketa
Hexabalentearen kasuan, gaizki txertatutako 30 lagunetatik gehienek jaso dute dosia, eta bestela, gaur-biharretan izango dute. Tetrabalente eta hirukoitz birikoari dagokionez, asteon amaituko dutelakoan dago Osakidetza.
Tolosako inauterietan bigantxak izango dira azkenean
Gipuzkoako Aldundiak behin behinean baimendu ditu inauterietan bigantxekin egiten diren ekitaldiak eta sokamuturra. Abenduan, Frantzian kasuek gora egin ostean erabaki zuten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abelburuen mugikortasuna mugatzea eta behi erakusketak, idi probak eta sokamuturra bezalakoak debekatzen zituen agindua.
Iaz 80 pertsonak jaso zuten eutanasia EAEn, aurreko urtean baino % 62k gehiagok
Eutanasia eskaerak 120 izan ziren, eta aurreko urtean, 74.
EAEko ikastetxeetan aurrematrikula egiteko gida
Gaurtik otsailaren 13ra arte egin ahal izango da aurrematrikula online zein aurrez aurre, eta hemen jaso dugu jakin beharreko informazio guztia.
EH Bilduk iraungitako txertoen inguruan egindako ohartarazpena "sobera" zegoen, Osasun Sailaren ustez
Lore Bilbao Osakidetzaren zuzendari nagusiak ETB1eko "Egun On" saioan azaldu duenez, familiei "mezu argi bat" helarazi nahi zieten, eta, horretarako, txostenak eskatu zituzten. Horien zain zeudenean egin zuen EH Bilduk eman zuen auziaren berri. "10 egun lehenagotik baldin bazekiten, zergatik ez zuten ezer egin? Kasu honetan guk bagenekien, baina zer gertatuko litzateke jakin izan ez bagenu?", galdetu du.
Jaiotza kopurua % 0,1 jaitsi da berriro Euskadin, bi hiruhilekotan gora egin ondoren
Lurraldeka, urtebetean % 3,2ko hazkundea izan zen Araban, 547 jaiotzarekin; Bizkaian % 4,7 jaitsi ziren, 1.616 jaiotzarekin; eta Gipuzkoan % 5,5 igo ziren, 1.129 jaiotzarekin.
Bikotekidea hiltzea egotzita atxilotutako emakumea espetxera bidaltzeko agindu du epaileak
55 urteko emakumeak Basurtuko Ospitalean jarraitzen du eta sendagiria jasotzen duenean eramango dute espetxera.
Santurtzi eta Barakaldo arteko aldirietako tren-zerbitzua eten dute, matxura baten ondorioz
Santurtzitik Barakaldorako joan-etorrian dabiltzan tren guztiek Desertu-Barakaldo geltokitik hasi eta amaituko dute ibilbidea, eta erabiltzaileek autobus zerbitzua izango dute helmugara iristeko.
Ostalaritza Eskola izango da Gipuzkoan, 2027tik aurrera
Euskadiko laugarren ostalaritza-eskola izango litzateke, Leioa, Galdakao eta Gamarrako eskolekin batera. Hezkuntza Saila Donostiako Udalarekin lanean ari non kokatu ebazteko.