Ez, okupak ezin dira erroldatu bizi diren tokian koronabirusaren laguntzak jasotzeko
Espainiako Gobernuak ez du baliatu alarma-egoera hauteskunde-iruzurra edo legez kontrako okupazioa bultzatzeko, bizilekurik gabeko herritarrak erroldatzeko baldintzetan ustez egindako aldaketa baten bidez. Hain justu ere, araudi hori ez da 1997tik aldatu.
Horren harira, hainbat erabiltzailek #Koronabuloak geldiarazteko EiTBren ekimenarekin bat egin dute, 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bidez, mezularitza zerbitzu horretan dabilen mezu baten berri emateko. Mezu horrek Estatuko Aldizkari Ofizialeko (BOE) ebazpen bat erakusten du, maiatzaren 2an argitaratu zutena, eta informazio honekin batera doan argazkia da.
Dena dela, mezuak ez du era egokian interpretatzen ebazpen hori. Horregatik gaineratu diogu irudiari fake news marka, hau da, hedatu den argazkiarekin batera dauden testuak zuzenak ez direla nabarmentzeko.
Zer dio WhatsAppetik dabilen mezuak?
Arestian esan bezala, WhatsAppetik zabaldutako mezuarekin batera, Espainiako Gobernuaren ebazpen baten irudia agertzen da. Duela egun batzuk argitaratu zuten, eta, hain zuzen ere, haren 3.3 puntua dago nabarmenduta. Puntu horrek "Baldintza penagarrietako etxebizitzetako erroldatzea eta bizilekurik gabeko pertsonen erroldatzea" du hizpide.

Honako hauxe dio ebazpenak puntu horretan:
"Erroldak bizilekua islatu behar du. Erroldako inskripzioak ez du inolako loturarik etxebizitzaren titulartasunaren gaineko eztabaida juridiko-pribatuekin; era berean, ez du zerikusirik bizilekuaren egoera fisikoarekin, garbitasun-, edo osasun-baldintzekin, edo beste mota batzuetako baldintzekin".
"Ondorioz, baldintza penagarrietako etxebizitzek (txabolak, karabanak, kobazuloak, eta abarrak zein inolako sabairik ez dutenak), Erroldan helbide baleko gisa agertzeko aukera eta beharra dute".
Ebazpenak, halaber, azaltzen du "'itxurazko helbide' baten alde egin beharko litzatekeela, baldin eta bizilekurik gabeko herritar bat udalerri jakin batean bizi dela gauza jakina bada, Gizarte Zerbitzuek hala baieztatuta".
Estatuko Aldizkari Ofizialaren irudiarekin batera, WhatsAppen bidez zabaldutako mezuak ziurtatzen du ebazpenak edozeini baimentzen diola erroldatzea nahiz eta dokumentaziorik ez izan. Horren bidez, okupek gutxieneko errenta kobratu ahal izango lukete, eta hauteskunde errolda PSOEren interesen alde aldatuko litzateke, pandemiaren testuinguruan.
Bizilekurik gabeko herritarren erroldatze-baldintzak ez dira aldatu 1997tik
Aitzitik, mezuak ziurtatzen duena ez da egia; izan ere, bizilekurik gabeko herritarren erroldatze-baldintzak ez dira aldatu. Are gehiago: ez dira 1997tik aldatu.Maldito Bulo atalaren bidez, Maldita.es web orriak gaiari heldu dio, hemen. Hain justu ere, EiTB Maldita.es webgunearekin dabil lanean egun hauetan, koronabirusaren gaineko albiste faltsuak geldiarazi nahian.
Hartara, Maldita.es-ek azaldu duenez, mezuan agertzen den Estatuko Aldizkari Ofizialeko atala 1997ko uztaileko Estatuko Aldizkari Ofizial batean agertu zen lehenengoz. Garai hartan, PPko Jose Maria Aznar zegoen Espainiako presidente.
Horrez gain, maiatzaren 2an argitaratutako ebazpenaren baldintzak 2015eko martxoko beste batean ezarritako berberak dira. Garai hartan, Mariano Rajoy (PP) zen Espainiako Gobernuko buru.
Zehazki, Presidentetza Ministerioak 1997an emandako Ebazpenak, "udal-errolda eguneratzeari buruzko Udalentzako jarraibide teknikoak" jasotzen zituenak, paragrafo berberak jasotzen zituen hitzez hitz "baztertuen errolda" arautzeko puntuan. Gauza bera gertatu zen 2015eko ebazpenean ere, non "bizilekurik gabeko pertsonen erroldatzea" deitu zuten.
Zergatik argitaratu da gai berari buruzko ebazpen berri bat maiatzaren 2ko BOEn?
Neurri batean, beharrezkoa zen jarraibide tekniko horiek egokitzea Auzitegi Nazionalak joan den abenduan emandako epaia betetze aldera, martxoaren amaieratik irmoa baita. Bertan, adingabe atzerritarrak espainiarrekin parekatzeko eskaria egin zuen Caritasek, identifikatzeko beharrizanei dagokienez.
Maldita.es-ek zehazten duen bezala, BOEn argitaratutakoak bi kontu besterik ez ditu aldatzen 2015eko araudian agertzen zen edukitik. Batetik, errolda aurkezteko modua (orain "bitarteko elektronikoen bidez" aurkeztu ahal izango da); eta, bestetik, adingabe atzerritarrak erroldatzeko baldintzak (atzerritarrak ez direnekiko aldeak kendu egin dira aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez).
Guraso bananduak edo dibortziatuak dituzten adingabeen erroldatzeari buruzko zenbait argibide ere ematen ditu, gatazkak egon daitezkeen kasu zehatzetan nola jokatu behar den adieraziz. Baina, Maldita.es egitasmoak gogorarazi duenez, sabairik gabeko etxeetan bizi diren pertsonen erroldatzea ez da aldatu, eta 1997tik aplikatzen ari da.
Ez da alarma-egoeran prestatutako dokumentu bat, ebazpenaren data 2020ko otsailaren 17a baita, eta Erroldatze Kontseiluaren Osoko Bilkuran jakinarazi zen 2019ko azaroaren 13an.
Udalei emandako jarraibide batzuk bakarrik aldatu behar baziren, zergatik argitaratzen da BOEn ebazpen osoa eta ez soilik aldatutako atalak dituen arau bat? Izan ere, araudi bat ez denez, ebazpen berri bat erabiltzea errazagoa dela uste da.
Nolanahi ere, erroldatzeak ez du legitimatzen etxebizitza bat legez kanpo okupatzea. Errolda da udalerri batean zer herritar bizi diren ezartzeko balio duen administrazio-tresna, udalerri horretan eskubide eta betebeharren subjektu egiten dituena, eta hautesle-errolda elikatzen duena, herritarrek bermatuta izan dezaten konstituzioaren 23. artikuluan jasotako gai publikoetan parte hartzeko eskubidea.
Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean koronabirusaren inguruko zurrumurruei aurre egiteko asmoan.
Zure interesekoa izan daiteke
Bimba y Lola saltokiko langileei bigarren saria egokitu zaie
Bigarren sariak (70.048) zoriona banatu du Bilboko eta Donostiako Bimba eta Lola moda kateko saltzaileen artean, zenbaki horrekin jokatzen baitzuen enpresak. 125.000 euro jasoko dituzte dezimo bakoitzeko.
Lau bosgarren sarik (23112, 60649, 77715 eta 41716) 400.000 eurotik gora utzi dituzte Euskal Herrian
Lehenak, 23112ak, 180.000 euro banatu ditu Usurbilgo Urbil merkataritza-gunean eta Bilbon. 60649aren serie bat Gasteizen, Leclerc saltokian, jausi da, eta 41716ren beste bat, Donostian . 77715 zenbakia oso banatua egon da eta Iruñean, Bilbon eta Leioan jausi da.
Igorreko errugbi taldeak 14 milioi banatu ditu hirugarren sariarekin (90693)
Hirugarren saria (90.693) oso txoko askotan banatu da. Zenbakia toki askotan saldu da. Igorren, adibidez, 14 milioi euro baino gehiago utzi ditu. Arratiko Zekorrak errugbi taldeak eskuratu zituen saritutako hirugarren zenbaki horretako serie guztiak.
Honela ospatu dute Leioan Gabonetako Loteriaren laugarren eta bosgarren sariak
Leioako Artea merkataritza-gunean 2025eko Gabonetako Loteriaren zozketa bereziko bi sari banatu dituzte, zehazki, laugarren sari bat (78477) eta bosgarren bat (77715).
Autopsiaren arabera, atzo Barakaldon hilda aurkitu zuten emakumea indarkeriaz hil zuten
27 urteko gizon bat atxilotu dute gertakariekin zerikusia duelakoan. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du.
2025eko Gabonetako Loteriaren hirugarren sariak (90693) 14 milioi euro banatu ditu Igorren
Kasu horretan, irabazle bakoitzak 50.000 euro jasoko ditu dezimoko (500.000 euro serieko), baina % 20 Zerga Agentziara bideratu behar da, eta, beraz, dezimo bat dutenek 48.000 euro inguru jasoko dituzte.
79432, Loteriako sari nagusia
Gabonetako Loteriaren lehen sariak 400 000 euro emango dizkio dezimoari, 4 milioi euro serieari.
160.000 euro banatu dituzte Leioan, laugarren sari bat saldu da eta (78477)
Laugarren sarietako bat Bizkaiko udalerri horretako Artea merkataritza-gunean dagoen administrazioan saldu dute. Irabazleak 1.000 euro jasoko ditu jokatutako euro bakoitzeko, edo 20.000 euro dezimo bakoitzeko (200.000 euro serieko). 25508 zenbakiari egokitu zaio bigarren laugarren saria, baina azken hori ez da Euskal Herrian saldu.
Gabonetako Loteriaren bigarren saria: 70048, oso-osorik Madrilen saldua
Zehazki, irabazle bakoitzak 125.000 euro jasoko ditu dezimo bakoitzeko (1.250.000 euro serieko), baina % 20 Zerga Agentziara bideratu behar da, eta, beraz, dezimo bat dutenek 108.000 euro inguru jasoko dituzte.
Desfileak, kalejirak eta gutunak, hiriburuetan: badatoz Olentzero eta Mari Domingi!
Hiriburuak prestatzen ari dira Gabonetako protagonistei harrera egiteko: desfileak, kalejirak eta bereziki haurrei zuzendutako harrerak udaletxeetan.