Araba
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, alkohol-proban izandako liskar batean

Udaltzaingoak ibilgailu bat geldiarazi zuen, atzeko kolpe-leungailua arrastaka zeramalako. Gidariari alkoholemia proba egin zioten eta liskarra izan zuten.

32 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, agenteen aurkako atentatua eta bide-segurtasunaren kontrako delituak egotzita, Gasteizko Udalak asteazken honetan jakitera eman duenez. Alabaina, atxilotuak ukatu egin du bertsio ofiziala eta poliziei eraso egin ez ziela ziurtatu du.

Gertakariak atzo jazo ziren, 19:30 aldera, Extremadura kalean. Udaltzaingoak ibilgailu bat geldiarazi zuen, atzeko kolpe-leungailuak askatuta eta errepidean arrastaka zeramala ikusi ostean.

Udaltzainek, gidaria Done Jakue Hiribidean geldiarazi zuten, eta alkoholdun edarien eraginpean egotearen ageriko zantzuak ikusi zizkioten. Hori dela eta, atestatuen presentzia eskatu zuten, detekzio-probak egin ahal izateko.

Udalak bidalitako oharraren arabera, gizonak lehen proba egin zuen, baina uko egin zion bigarrena osatzeari, eta udaltzainak iraintzen hasi zen. Horrez gain, haietako baten aurka oldartu zen, eta, azkenean, atxilotu egin zuten. Behin eginbideak amaituta, gidaria aske utzi zuten.

Atxilotuak -langabezian dagoen tabernari gasteiztar bat-, baina, ukatu egin du agenteei eraso egin izana, eta zehaztu du bi alkoholemia froga egin zituela eta hirugarrena egin aurretik ura edaten saiatu zela, baina udaltzainek debekatu egin ziotela.

Testuinguru horretan, eta urik edan ezingo zuela jakinda, botila bota egin zuela esan du. "Une horretan gainera etorri zitzaizkidan hainbat polizia eta lurrera bota zidaten", adierazi dio eitb.eus-i.

Halaber, udaltzainek gehiegikeriaz jokatu zutela eta kolpatu egin zutela salatu du.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X