Koronabirus
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ertzainek eta udaltzainek 1.190 salaketa jarri dituzte asteburuan arau-hausteengatik

15 pertsona atxilotu edo ikertu dituzte, eta beste 35 identifikatu, ukatzaileen elkarretaratzeen ostean izandako desordena publikoak leporatuta.
Ukatzaile bat atxilotuta, Bilbon. Argazkia: Efe
Ukatzaile bat atxilotuta, Bilbon. Argazkia: Efe

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 1.190 salaketa jarri dituzte koronabirusaren aurkako osasun arauak urratzeagatik iragan asteburuan. Kopuru horren ia erdia, 495 hain zuzen ere, ordutegiari edo mugikortasunari dagozkion arauak urratzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontrolak areagotu dituzte asteburuan jendea herritik eta erkidegotik atera ez zedin, eta gainerako osasun arauak betearazteko, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Zaintza dispositibo horien ondorioz, 495 salaketa jarri dituzte mugikortasunaren edo gehienez 6 pertsona elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik. Musukoa ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik, berriz, 370 salaketa jarri dituzte. Beste 18 salaketa garraio publikoan edo pribatuan ez erabiltzearren izan dira.

Kalean alkohola edateagatik ere arau-hauste dezente izan dira, 111 hain zuzen ere. Gainerakoek, berriz, bi metroko distantzia zaindu gabe kalean erretzeagatik edo bestelako urraketengatik jaso dute salaketa.

Lurraldeka, Bizkaian izan dira gehienak, 706; Gipuzkoan, 313; eta Araban, 171.

Bestalde, Ertzaintzak 15 pertsona atxilotu edo ikertu ditu, eta beste 35 identifikatu, ukatzaileen elkarretaratzeen ostean izandako desordena publikoak leporatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Zure interesekoa izan daiteke

Baliza V16
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Derrigorrezkoa al da eta funtzionatzen al du V16 balizak atzerrian?

Espainian matrikulatutako ibilgailuek V16 baliza erabil dezakete beste herrialde batzuetan, 1968ko Bide Zirkulazioari buruzko Vienako Konbentzioak ezartzen baitu nazioarteko zirkulazioan dauden ibilgailuek matrikulatuta dauden herrialdeko araudia bete behar dutela. Hala ere, kontuan izan behar da konektibitateak Estatu espainiarrean bakarrik funtzionazen duela eta matxura edo istripuren bat izanez gero, tokiko larrialdi-zerbitzuei deitu beharko zaiela.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X